Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila ustezko beste COVID-19 agerraldi bat ikertzen ari da Gasteizko Txagorritxuko ospitalean. Hiru positibo baieztatu dituzte, eta osasungintzako hamar langile berrogeialdian jarri.
Onkologia unitatean hilabete baino gehiago ospitaleratuta zeraman gaixo batek positibo eman du koronabirusaren proban, baita hura artatu duen erizainetako batek ere. Arratsaldean beste gaixo batek ere PCR proban positibo eman duela baieztatu dute. Lehen gaixoa ospitalean bertan kutsatu izanaren zantzuak dituzte, sartzean, apirilaren amaieran, ez baitzuen gaixotasunaren sintomarik. Adierazi dute aurrez bi proba egin dizkiotela, bat ospitaleratzean eta bestea operazio baten aurretik. Bietan negatibo eman zuen.
Osasun Sailak adierazi du detekzio eta bakartze neurriak aktibatu dituztela. Egoera kontuan izanik, gaixoa isolatu eta harekin kontaktuan egon direnak identifikatzeko lanetan ari dira, bai ospitaleko langileak, bai haren inguruko pertsonak. Horrez gain, sukarra duten ospitaleratu guztiei eta gaixoarekin egon diren osasungintzako langileei PCR probak egiten hasi dira. Denera, 75 lagun baino gehiagori egingo dizkiete. Modu horretan jakin dute gaixoa artatu duen erizainetako batek eta unitate berean dagoen beste gaixo batek ere COVID-19a dutela. Gaixoak egon diren gela guztiak ere desinfektatzen ari dira.
Osasun Sailak adierazi du bihar xehetasun gehiago emango dituztela.
Txagorritxuko ospitalea Euskal Herriko lehen COVID-19 kasuen lekuko izan zen. Martxo hasieran, hainbat osasun langile kutsatu ostean, ospitaleko ehun bat behargin bakartu behar izan zituzten.