Beste hamahiru pertsona hil dira Araban birusaren eraginez

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 347 kutsatze berri atzeman dituzte. 744 gaixo ari dira artatzen ospitaleetan. Euskal Herrian 78 lagun hil dira denera koronabirusak jota.

Gasteizko Txagorritxu ospitalea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2020ko martxoaren 20a
13:06
Entzun

Administrazioek eguneratu egin dituzte koronabirusaren datuak. Goranzko joera ez da aldatu: kutsatuen eta hildakoen kopurua nabarmen hazi da Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek eguerdian ematen dute bezperako 20:00etara arte kontatutako kasu guztien berri. Araban dago egoerarik larriena, eta hangoak dira daturik gogorrenak ere: hamahiru pertsona hil ziren atzo iluntzera arte COVID-19 gaitzagatik. Jende gehiago hil da gainontzeko lurraldeetan ere: Bizkaian, lau lagun, eta Gipuzkoan eta Nafarroan, bana. Gainera, gaur jakinarazi dute hil egin dela Paueko ospitalean (Okzitania) artatzen ari ziren zuberotarra.

Ipar Euskal Herriko datuak ez dira argiak —sintomak dituzten zuberotarrak Paura eramaten dituzte—, baina hura zen Lapurditik kanpoko lehen koronabirus kasua. Lapurdin, orain arteko informazioaren arabera, zazpi lagun daude kutsatuta.

Araban, 703 pertsona kutsatu ditu gaitzak, eta horietatik 224 ari dira artatzen ospitalean; Bizkaian, 539 daude gaixorik, eta 247 ospitalean; Gipuzkoan, 223 gaixo, eta 79 erietxean; eta Nafarroan, 554 lagunek dute gaitza, eta 194 daude erietxean.

Miguel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eman du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuek berri. Nabarmendu du 21 pertsona osatu egin direla. Guztira, 5.300 proba baino gehiago egin dituzte.

«Aurreikuspenak betetzen ari dira, eta asko falta zaigu larritasun eta salbuespen egoera honetatik ateratzeko», esan du Sanchezek. Kazetariek telematikoki galdetu diote Osakidetzako langileen material faltari buruz, eta erantzun die lehentasunezkoa dela erabat, «lehentasun nagusia, akaso». Esan du azken egunetan eskari handiak egin dituela Osasun Sailak: «Atzo bertan 400.000 maskara eta 3.000 mantal jaso genituen, eta horiek banatzen ari gara».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak goizean esan du unitate espezifikoentzako plan berezi bat garatzen ari direla, eta Sanchezek ez du horri buruzko informazio askorik aurreratu. «Lanean ari gara hainbat agertokirekin, eta paziente kritikoentzako ohe gehiagoren beharra dagoen aztertzen ari gara». Oraingoz ez dituzte gaixo arinak hoteletan elkartuko, baina ez du inolako neurririk baztertu nahi izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.