Autogobernua

Beste hiru eskuduntza, kanpaina hasi bezperan

Lan erregulazioan dauden langileen erretiroa hartu aurreko diru laguntzena, farmazia produktuen legediaren ezarpenarena eta eskola aseguruarena Eusko Jaurlaritzaren esku utziko ditu Espainiako Gobernuak.

Carolina Darias Espainiako ministroa, telebileran. ESPAINIAKO GOBERNUA
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 25a
10:56
Entzun

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, "Gernikako Estatutua osatzeko" beste hiru eskuduntza eskualdatzea adostu du gaur Espainiako Gobernuarekin. Erregulazio espedientea duten langileen erretiroaren aurreko diru laguntzei dagokiena, farmazia produktuei buruzko legediaren ezarpenari dagokiona eta eskola aseguruaren osasun prestazioei dagokiona aldatuko dira eskuz, eta guztira 7,5 milioi euroan baloratu dituzte. Kupoan %6,24 gutxiago ordaintzea ekarriko du horrek.

Eskuduntza Batzordea gaur elkartu da, 2019ko apirilaren 16az geroztik lehen aldiz, Eusko Legebiltzarrerako kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago. Bideo dei bat izan da; Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Espainiako ministroarekin bildu dira Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea, Pedro Azpiazu Ogasun etak Ekonomia sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntzakoa, Nekane Murga Osasunekoa, Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziakoa, Sabino Torre Araubide Juridikoen sailburuordea eta Begoña Perez de Eulate Batzorde Mistoko idazkaria. Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria ere egon da bileran.

Hauek dira hiru eskuduntza horien xehetasunak:

Enplegua erregulatzeko espedienteen eraginpean daudenen erretiroaren aurretiko laguntzak:

Erregulazio espediente kolektiboen eraginpean dauden langileei erretiro arruntaren aurretiko laguntzak kudeatzeko funtzio eta zerbitzuak eskualdatzen zaizkio Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari. "Kausa ekonomikoetan, teknikoetan, antolamendukoetan eta ekoizpenekoetan oinarritzen diren lan harremanen iraungipen prozesu kolektiboak dira, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako kaleratze kolektiboaren espediente prozesuen ondoriozkoak", Jaurlaritzak azaldu duenez.

Erretiroa hartzeko adinetik hurbil dauden langileei babes ekonomikoa ematea dute helburu, "gizarte eta lan arloan premiazkoak eta beharrezkoak diren egoerei erantzuteko". Diru laguntza horiek Jaurlaritzak kudeatuko ditu, eta datuak Espainiako Gobernuarekin koordinatuko ditu, ezagutzarako eta estatistika ondorioetarako. Transferentzia hau 4.451.051,97 euroan baloratu dute.

Eskola asegurua

Ikasle guztientzako derrigorrezko asegurua da, DBHko hirugarren mailatik aurrera edo Batxilergoan, 28 urtera arte. Istripu eta gaixotasun kasuetarako laguntzak dauzka. Horiek kudeaketari atxikitako baliabideak eskualdatuko ditu Madrilek. Akordioaren arabera, osasun arta ere eskualdatzen da, medikoa eta farmazeutikoa. Eskuduntza horren finantzaketa mistoa bi gobernuek hartuko dute bere gain. 3.036.480 euroan baloratu dute.
 
Gainera, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak ikasle bakoitzak ikasturtearen matrikularekin batera ordaintzen duen eskola aseguruaren inguruan egiten den bilketa osoaren % 96ko transferentzia egingo dio urtero Eusko Jaurlaritzari, zenbateko horren %96 dagokiolakoan aseguruari lotuta doakion prestazioari. Hurrengo negoziazio baterako utzi dute bilketaren gainerako % 4a, zeina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kudeatzen jarraituko duen, aseguru horren laguntza ekonomikoei lotuta baitoa.

Produktu farmazeutikoak

Akordioaren bidez, produktu farmazeutikoei buruzko legeria betearazteko funtzio eta zerbitzuak eskualdatzen zaizkio Jaurlaritzari. Horrela, aurrerantzean, Euskadik honako ardura hauek izango ditu, besteak beste: publizitate mezuak kontrolatzea, botiken kalitate kontrolak egitea eta laborategietako jardunbidea egokia den ikuskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.