Laurent Tignol eta Anne Francavilla Baionako instrukzio epaileek Nicolas Bonnemaison sendagilea galdekatu zuten atzo Baionako auzitegiko bulegoan. Ustezko lau eutanasia kasu gehiago eragitea leporatu zioten, baina azkenean hiru kasu onartu zituzten epaileek. Bonnemaison baldintzapean libre uztea deliberatu zuten. Hala ere, epailearen kontrolpean geldituko da.
Bonnemaison baldintzapeko askatasunean aurkeztu zen auzitegira. Izan ere, joan den abuztuaren 12an bereziki zaurgarriak ziren lau pertsona pozoitzea eta heriotza eragitea leporatu zioten epaileek. Azken hilabeteotan, ikerlariek bertze lau kasu susmagarri antzeman dituzte; beraz, atzokoan kasu horiek aztertu eta eutanasia kasu aktiborik egon ote den aztertu behar zuten epaileek. Lau kasuetatik hirutan susmoak daudela ebatzi dute, eta horiek ikertzeko prozedura abiatu dute.
Izan ere, ikerlariek ustezko hiru eutanasia kasu eragitea leporatu zioten irailaren 5ean, eta beste kasu bat leporatu zioten urrian. Udazkenean epaileek azken kasua ikertzeari ekin zioten, Gizarte Gaietarako Ikuskaritza Orokorrak egindako inkestaren ondorioz; Bonnemaisonen aurkako eutanasia salaketak zazpi kasutan finkatzen ditu mementoko inkestak, eta epaileek udaz geroztik izandako hiru kasu horiek ikertzeko baliatu zuten atzoko galdeketa.
Arnaud Dupin Bonnemaisonen abokatuak epaileek irekitako prozedura baieztatu du, baina ez du adierazpenik egin nahi izan. Bonnemaison baikor dela baino ez du esan, eta konfiantza osoa duela prozedura bururaino eramatean haren kontrako salaketa indargabetuko dela.
Azaroaren 18an Bonnemaisoni medikuntzan aritzeko baimena «izoztea» erabaki zuen Xabier Bertrand Frantziako Osasun ministroak, Gizarte Gaietarako Ikuskaritza Orokorrak egindako inkesta baten ondorioz. Ikuskaritzak Baionako erietxeko larrialdietan eta bereziki Bonnemaisonen zerbitzuan izandako hemeretzi heriotza aztertu zituen, bertan eutanasia aztarnarik antzematen zuen argitzeko. Ikerketa burutu ondoren, Osasun ministroak Bonnemaisonen kontrako prozedura abiatzea deliberatu zuen, eta aurreikuspen neurri gisa, Bonnemaisonen jarduera «izoztea».
Kurarea
Poliziak eutanasia aktiboa eragitea leporatzen dio Bonnemaisoni. Hain zuzen ere, kurarea erabiltzea. Polizien arabera, larrialdi zerbitzuetan sartu ziren pertsona zaharrekin eta osasun egoera txarrekoekin erabili zuen kurarea. Nabarmendu dute eri horiek ez zutela erabakitzeko edo defenditzeko kemenik. Alta, inkestak ez du argitu Bonnemaisonen erabakia izan den edo familiek eskaturik hartu zuen erabakia.
Kurarea eriak lokartzeko prozedura gisara baliatu zuela erran zion Bonnemaisonek epaileari. Osasun ministroaren arabera, ez da inongo idatzitan aipatzen kurarea horretarako erabil daitekeenik. «2005eko legeak prozedura bakar bat baimentzen du, eriak lokartu eta heriotza eragin dezakeena. Neurri hori erien eskubide eta biziaren bukaera kudeatzen duen testuan agertzen da», zehaztu zuen orduan Bertrandek. Bonnemaisonen kasuan prozedura hori ez zela bete gaineratu zuen.
Gizarte Gaietarako Ikuskaritza Orokorrak ere jakinarazi zuen «jarduera akats larriak» antzeman zituela Bonnemaisonek kudeatzen zuen larrialdi zerbitzuan. Hala ere, argi adierazi zuen akats horiek ez zutela lotura zuzenik Bonnemaisoni leporatzen dizkioten kasuekin.
Baionako erietxeko sendagileak sostengu zabala jaso zuen, bai ospitaleko lankideen artean, bai gizarte eragileen aldetik. Izan ere, familiek sendagilearen aurkako salaketarik ezarri ez izana elementu adierazgarritzat jo zuten lankideek. Geroztik familia bakar batek eskatu du senide baten heriotza ikertzeko.
Bonnemaisonen kasuak eutanasiari buruzko eztabaida piztu du udaz geroztik, bai Ipar Euskal Herrian, bai Frantzian. Pirinio Atlantikoetako sendagileen ordenak ez zuen onartu Bonnemaisonen aurkako salaketa ezartzea. Marc Renoux medikuen buruak salaketaren aldeko jarrera agertu zuen, eta sendagileek kontrako erabakia hartzean, kargua utzi zuen. Geroztik, Frantziako sendagileen ordenak Bonnemaisonen kasua eskutan hartu eta ikertu du. Frantzia mailako egiturak erabaki zuen Baionako sendagilearen aurkako prozedura abiatzea eta osasungintzan aritzeko debekua eskatzea. Auzibidea ez da itxi, eta oraindik abian dira ikerketak. Bonnemaisonek dio ikerketa horrek indargabetuko dituela bere aurkako salaketak.
Beste hiru eutanasia kasu egotzi dizkiote epaileek Bonnemaison medikuari
Baldintzapean libre segitzen du medikuak, pertsona zaurgarriei heriotza emateagatik auziperatua egon arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu