Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak astelehenean erreskatatu zituen Mediterraneoan noraezean zeuden 43 pertsona. Maltara joatea zen eskifaiaren asmoa, baina salatu zuten herrialde horrek ez ziela porturatzeko baimenik ematen.
Atzo, jakinarazi zuten familia bereko hiru migratzaile Lampedusara eraman zituztela, Italiako agintarien esku utzita. Azken orduetan, beste hiru pertsona utzi dituzte Italiako itsas salbamenduko taldeen esku, Lampedusan diharduen sendagile taldeak hala aholkatuta. Izan ere, gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du hiruren egoera fisikoa «muturrekoa» dela.
Beste 37 migratzailek jarraitzen dute Aita Mari ontzian, herrialderen batek modu seguruan porturatzeko aukera bat emateko zain. Gogorarazi dute Aita Mari-n lau egun daramatzatela porturatzeko zain, eta migratzaileek beste lau egun igaro zituztela aurretik noraezean: «Justifikaziorik gabeko tortura da».