Nafarroako osasun zerbitzuek baieztatu dute Faltzesen beste hiru tuberkulosi kasu antzeman dituztela azken egunetan. Gaitz berak jota Nafarroako Ospitale Gunean ingresatuta dagoen 13 urteko neskaren bi ahizpa gazteagoak —3 urtekoa bata eta sei hilabetekoa bestea— eta haren 11 urteko lagun bat dira. Hiru haurrak Iruñeko Bideko Ama erietxean daude ingresatuta, tuberkulosia diagnostikatuta, eta zaintzapean daude.
13 urteko neskaren hamabost ikaskideri ere egin diete tuberkulosiaren proba, baina emaitzek ez dute gaitzaren arrastorik erakutsi, Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak atzo azaldu zuenez. Toraxeko plakak egin dizkiete, eta «emaitza normalak» izan dituzte. Nolanahi ere, joan den astelehenean tuberkulosiaren kontrako txertoa eman zieten, eta «tratamendu profilaktikoan daude, mikroorganismoarekin kontaktuan egon direlako, nahiz eta gaixotasuna ez garatu».
Tuberkulosiari aurre egiteko tratamendua luzea izaten da, eta, Kutzek adierazi zuenez, Faltzesko hamabost haurrek sei hilabete egon beharko dute kontrolpean. «Sukarra eta arnasa hartzeko zailtasunak eragiten ditu. Kasu horietan odol analisiak egiten zaizkie, eta bakterioa isolatu egiten da».
Tuberkulosiak «alarma» eragiten duela onartu zuen Osasun sailburuak, baina «lasaitasunerako deia» egin zuen: «Ez da Nafarroan halako kasu bat agertzen den lehenengo aldia». Bide beretik, gogoratu zuen tuberkulosia ez dela «iraganeko gaixotasuna».
Kutzek aitortu zuen Faltzesen azaldu diren tuberkulosi kasuek egonezina eta kezka eragin dituztela herrian.
Beste hiru tuberkulosi kasu diagnostikatu dituzte Faltzesen
Nafarroako Ospitalean dagoen neskaren bi ahizpari eta adiskide bati diagnostikatu diete gaixotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu