Osakidetzako espezialiteetako lan eskaintza publikoko hautaketa prozesuko ustezko irregulartasunengatik kontuak eman dituzte gaur Jon Darpon Osasun sailburuak eta Osakidetzako zuzendaritzak Eusko Legebiltzarrean. "Arazo bat" dagoela onartu du Darponek, baina ukatu egin du akatsa "sistematikoa" denik. Hiru espezialistak, sindikatuen laguntzarekin, ekainean salatu zuten azterketetako emaitzak filtratu egiten zitzaizkiela plaza lortzeko hautagai jakin batzuei. Polemikaren ondorioz, Osakidetzak ikerketa prozesua martxan jarri du, eta uztailaren 11n lau espezialitatetako frogak errepikatuko zituztela iragarri zuen. Atzo, beste lau espezialitateetako prozedurak ikertuko dituztela iragarri zuen Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak.
Oviedoko Unibertsitateak (Espainia) 86 alorretako azterketen ikerketa psikometrikoak egiten jarraitzen du, baina dagoeneko 44ri buruzko txostenak helarazi dizkio Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta, horietan oinarrituta, beste lau espezialetatetako azterketak ikertzea erabaki dute: Digestio Aparatua, Medikuntza Intentsiboa, Urologia eta Traumatologia.
Darponek gogorarazi du orain arteko ikerketen emaitzetan oinarrituta Angiologia eta Anestesiako azterketak errrepikatzea erabaki dutela eta, aldiz, Kirurgia Plastikoan prozedurari bere horretan eustea ebatzi dutela, "ez delako inolako irregulartasunik aurkitu".
Osakidetzaren jarrera defendatu du Darponek agerraldian, adieraziz "zuzentasunez eta neurriz" jokatu duela, "frogatutako egitateekiko proportzionaltasunez eta errugabetasun printzipioa errespetatuz deliturik zehazten ez den artean".
Bestetik, eta datozen lan eskaintzetan halakorik gerta ez dadin, hausnarketa prozesu bat jarri dute abian, alderdi politikoen ekarpenak kontuan hartuko dituena. Darponek iragarri du haren ondorioak hiru hilabete barru aurkeztuko dituztela. Martxan jar ditzaketen neurrien arean legoke modu automatikoan zuzenduko den proba bakarra egitea alor guztietan edota lan eskaintza publikoak maizago eta espezialitateak bateratuz egitea parte hartzaile kopurua murrizte aldera.
Salatzaileak auzitara
Goizeko eztabaidan, nahasmena eragin du Mujikaren adierazpen batek: irregulartasunen berri eman duten hiru anestesistak salatuko dituela ulertarazi du. "Hainbat izangaik epaimahaiko bokalengana jo zuten galderak edo laguntza eskatuz; epaimahaiko kideek ez zieten kasurik egin, beraz, honek ez du prozesuetako irregulartasunik frogatzen. Nolanahi ere, erakusten du izangai horien aldetik iruzurra egiteko tentazioa. Nabarmendu nahi dut izangai horiek Elkarrekin Podemosekin eta ESKrekin notarioarengana jo zuten berberak direla. Kontu hori jada fiskaltzaren esku dago". Gerora, ordea, ñabardura egin du Darponek: "Ez dugu neurririk hartu Osakidetzako profesional zehatzen aurka. Lau espedienteak osorik daude fiskaltzaren eskuetan, eta haietako batean aipatzen da Anestesiologiako gauzaren bat".