Norberak alda al dezake mundua seme-alabak berdintasunezko gizarte batean bizi daitezen? Daniel Gabarro (Bartzelona, 1964) irakasle eta pedagogoa baiezkoan dago. Baina, horretarako, gizarteak jabetu behar du gaur egun nagusi diren rolak—gizonezkoenak eta emakumezkoenak— aldatu egin behar direla, esparru guztietan eragiten dutelako. «Eta, horretarako, jabetu behar du nortasun maskulino matxistak kalte egiten diola».
AMPGYL gay, lesbiana, transexual eta bisexualen gurasoak biltzen dituen elkarteak Donostian asteburu honetarako antolatu dituen jardunaldietan parte hartu zuen, atzo, Gabarrok, Maskulinitatea eta hezkidetza: gizartea eraldatu eta gure seme-alabei laguntzeko bi proposamenzehatz izeneko hitzaldiarekin.
Hezkuntzan hezkidetza «ezinbestekoa» dela uste du Gabarrok, eta eskola porrota nahiz eskola arrakasta ulertzeko genero identitateari begiratu behar zaiola uste du. «OCDEk hiru ardatz aipatzen ditu eskola porrota edota eskola arrakasta ulertzeko: arrazoi sozio-kulturalak, instituzionalak eta psikologikoak. Alegia, klase soziala, irakaskuntza metodologia eta gaitasuna. Baina datuek erakusten dute gako horiek eskola emaitzen %30 inguru baldintzatu ditzaketela. Eta zer gertatzen da beste guztiekin?». Gabarrok uste du ikasleriaren ezaugarri psikologiko eta afektiboek ikasle jakin baten arrakastaren azalpena ematen dutela, eta, haren ustez, «ondo legoke hezkuntzan zein diren eredu ikustea».
Eta hor datuekin egiten du topo. «Datuek diote Espainian emakumeak direla eskolan arrakasta lortu dutenak. Klase sozial guztietako emakumeak eta era guztietako ikastetxeetan. Gizonezkoak baino gehiago dira batxilergoa amaitu duten emakumeak».
Horregatik, azken 30 urteotan «eskola arrakastaren bidean egin den aurrerapena» ulertzeko, genero identitatea gakoa dela iritzi dio Gabarrok. «Jende askok pentsatzen duenaren kontra, hezkidetza eta generoa ez dira kontu tangentzialak, baizik eta eskola porrotaren muina». Eta, horri lotuta, eskolak eremu horretan eragin dezakeela dio irakasleak: «Ikastetxeak ez du aldatuko ikasle baten gizarte maila, baina eragina izan dezake maskulinitatearen edota feminitatearen diskurtsoen gainean». Nolanahi ere, Gabarroren iritziz, hezkidetzak ez du esan nahi mutil eta neskek heziketa bera jaso behar dutenik, «puntu berdinera iritsi behar dugulako, baina abiapuntu ezberdinetatik».
Eredua aldatu beharraz
Gay, lesbiana, transexual eta bisexual askorentzat eskola «sufrimendu espazioa» dela dio Gabarrok. «Beti daudelako izorratu nahi zaituzten matxoteak, eta heterosexualitatea derrigortzat ulertzen delako». Hain zuzen ere, homofobia nortasun maskulino matxistaren ondorioa dela uste du irakasleak. «Ikerketek esaten digute ehun gizonezkotik 63 berdintasunaren aldekoak direla. Baina besteak? Horiek dira mandatu zaharrak mantentzen dituztenak. Sylvester Stalloneren edo James Bonden eredua jarraitzen dutenak. Zer egiten du Stallonek maritxu bat ikusiz gero? Bada nazka emango dio».
Eredu hori aldatu beharra dagoela uste du Gabarrok, «beste maskulinitate eredu bat» eraikitzeko. Baina, horretarako, politika publikoak behar dira. Eta emakumeen institutu publikoak dauden bezala, gizonezkoak ere sortu: «Baina hemen legegintza ekintza bakarra egin da, aitatasun lan-uztea luzatzea. Eta hori ez da nahikoa».
Beste maskulinitate eredu bat eraikitzea homofobiaren aurka borrokatzeko tresna litzateke, baina gizarte osoarentzat garrantzitsuak diren esparruetan ere eragingo luke. «Auto istripuak, indarkeria, gizalege gabezia... eremu guztietan gizonezkoak dira gehiengo absolutua. Maskulinitate eredu zahar hori gatazkarekin erabat lotuta dago. Eta horiek guztiek kostu ekonomikoa ere badakarte. Beraz, jende guzti-guztiarentzat da interesgarria beste gizonezko eredu bat».
Horretarako, hainbat «uste faltsu» desagerrarazi behar dira, Gabarroren iritziz: «Ekoiztea gizonen kontua da, lehiatu behar da, sentimenduak ez dira erakutsi behar, heterosexualitatea etengabe utzi behar da agerian, independente eta ziurra izan behar da... horrekin hautsi behar dugu».
Eta eredu horren aurka, bestelakoa proposatzen du, «maitasunaren eta zaintzaren etikan» oinarritutakoa: «Maskulinitate ez bortitza, emozioak eta enpatia erakutsiko dituena». Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen gurasoei gizartean aliantzak bila ditzaten eskatzen die Gabarrok, «langilerian, feministen artean, justizian, osasungintzan... denentzat da onuragarria maskulinitatea aldatzea». Izan ere, ez du ezagutzen gizakiaren historian, proposatzen duen gizon eredu horren adibide askorik: «Eta bada orduaCristiano Ronaldoren ordez beste eredu batzuk izateko».
Beste maskulinitate baten beharraz
Homofobiaren eta lesbofobiaren kontrako tresna onenak maskulinitate eredua aldatzea eta hezkuntza sisteman hezkidetza ezartzea direla uste du Daniel Gabarro irakasleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu