Beste murrizketa bat murrizketari

Nafarroan aurten ezarritako murrizketak areagotu egingo ditu Espainiako Gobernuak. Institutuetan ari dira pairatzen egoera aurten, eta datorren urtean, murrizketak gauzatuz gero, eskola guztietan. Beldurtuta daude.

Protesta jendetsua egin zuten iazko urrian Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Oporretatik bueltatzeko eguna zuten atzo eskoletan. Astelehen aldapa, eta ez soilik bi asteren ondoren lehen laneguna zutelako. «Beste hizpiderik ez dago irakasleen artean. Beldurra dago, iragartzen ari diren neurriak ezarriko ote dituzten. Jendea beldur da egoera okertu eta kalitatea kaskartuko ote den». Tafallako (Nafarroa) Antso III.a Handia institutuko zuzendari Juantxo Andionek kezka agertu du Espainiako Gobernuaren neurriekin. Nafarroan ondo baitakite zer den hori: aurten ari dira horrelako neurriak pairatzen herrialdeko institutuetan.

Iruñeko Iturrama institutuan, kasu, aurreko ikasturtean baino zortzi irakasle gutxiago ari dira aurten. «Klasetik kanpo du eragina: zaintzarako jende gutxiago daukagu, eta proiektuetan ere bai. Zentroak sumatzen du», adierazi du Tomas Astiz zuzendariak.

Institutuetako irakasleei astean ordubete gehiago emateko agindu die Iruñeko gobernuak, eta, hori baliatuta, kaleratu egin ditu 235 maisu-maistra —sindikatuen datua da hori; gobernuak ehundik gora onartu ditu—. Protesta handiak eragin zituen neurriak: iazko urrian greba arrakastatsua egin zuten irakasleek, eta protesta jendetsuak egin zituzten.

Eskoletan dituzte orain komeriak. «Arazo handia da norbait falta denean: trukeak egin behar izaten ditugu, batzuek besteen orduekin», azaldu du Enkarni Peña Berako Toki Ona institutuko zuzendariak. Programak eten edo mantsotu behar izan dituzte: «Oinarrizko gaitasunak lortzeko programak eta unitate berriak, bizikidetza taldea, osasunekoa...».

Berririk apenas daukate irakasleek. «Prentsan irakurritakoa dakigu guk. Eta gurasoak datozenean horixe esaten diegu: guk ez dakigula hemen zer gertatuko den». Datorren ikasturterako bilerak egiten hasita daude gurasoekin, Peñak azaldu duenez. Maiatzean taxutuko dituzte taldeak.

Eskola orduetatik kanpo

Irakasleei buruz zabaltzen ari diren irudiarekin ez daude konforme: «Inork ez du pentsatzen albistegi bateko aurkezleak soilik ordubete horretan egiten duela lan», esan du Andionek. Irakasleek lan eskola orduetan baino gehiago egiten dutela nabarmendu dute. Astiz: «Demagogia handia egiten ari dira. Hemezortzi eskola ordu badira, pentsa zenbat behar diren prestatzen, zuzenketetan, trebakuntzan eta bestelakoetan». Gurasoek badakite, Peñaren iritzian: «Gelaz kanpoko orduak ez dira etxean egoteko. Gurasoek badakite guk zenbat lan egiten dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.