Bestelako eredu ekonomiko bat lor dadin arituko da ezker abertzalea

Eredu politiko, sozial eta ekonomikoari alternatiba aurkitu nahian, sindikatu eta eragileekin bilduko da

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Egungo krisi ekonomikoa «sistema ekonomiko kapitalista neoliberalaren» ondorio dela uste du ezker abertzaleak. «Gutxi batzuentzako eredu ekonomikoak, epe laburrean sekulako etekinak sortzen dituen eredu ekonomikoak» geroa «hipotekatzen» duela eta hartzen ari diren neurri ekonomikoek egoera hori sakondu besterik ez dutela egiten. Ezker abertzaleak ez du nahi eredu hori, eta bestelako sistema bat sor daitekeela dio; badaudela alternatibak. Eta gaia sakon lantzeari ekin dio. Hemendik aurrerako lehentasunen artean jarri du alternatiba erreal eta betetzeko modukoa zehaztu eta aurrera eramateko lana.

Uste du Espainiatik gauza onik ez dela etorriko, seguru baitago orain arteko bideari jarraitu eta ongizatearen kaltetan arituko dela. Gainera, Espainian dagoen krisia ez dela ekonomikoa soilik dio. Eredu oso bat dagoela krisian; instituzionala eta demokratikoa ere badela. Horri aurre egin behar zaiola ohartarazi du, eta mobilizaziorako deia egin.

«Herri aktibazioa eta mobilizazioa izango dira eredu sozial eta ekonomiko justu eta solidario baterantz egiteko berme nagusiak». Salatu du Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketekin «beldurra eta paralisi soziala» zabaldu nahi duela, eta «Euskal Herrian» ez duela lortuko ohartarazi du. «Langile, ezkertiar, subiranista eta independentistok ez gara geldirik geratuko».

Haratago ere joan beharra dagoela uste du: «Etorkizuneko alternatiba sozio-ekonomikoaren eraikuntzari ekiteko ordua iritsi da». Burujabetza ekonomikorako bidean urratsak egin behar direla dio: «Gure herriarentzako prozesu demokratiko integral bat gauzatzeko helburua dugu, eta horrek eredu politiko eta sozio-ekonomikoa aldatzeko apustua dakar». Lan horri lehentasuna emango diola jakinarazi, eta azaldu du datozen hilabeteetan «alternatiba hori lantzeko» bilduko dela eragile politiko, sindikal, sozial eta ekonomikoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.