Jorge Perez Jauregi. Kereilaria

«Beti jakin dut justizia nahi nuela, egia ezagutzeko beharra nuela»

Jon Rejado.
2016ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Burgosko Prozesuaren aurkako manifestazio batean parte hartu zuen Jorge Perez Jauregik, Eibarren (Gipuzkoa), 1970ean. Manifestazio horretan kaleko jantzitako polizia batek tiroz hil zuen haren anaia, Roberto. Argentinako kereilaren berri izan zuenean parte hartzea erabaki zuen, eta aurki deklaratuko du Eibarko epaitegian.

Epaile batek zure salaketen berri jasoko du. Zer esan nahi du zuretzat?

Poztasuna, horrenbeste urteren buruan epaile baten aurrean hitz egiteko aukera izango dudalako.

Nolatan erabaki zenuen Argentinako kereilara aurkeztea?

Anaia biktimatzat jo zuten 2010ean, Espainiako Memoria Historikoaren Legearen bitartez.Aita bizi zen orduan, eta poztasun handia izan zen, bai aitarentzat, bai guztiontzat. Dena den, erreparazio ekonomiko batek ez du anaiaren heriotza erosten. Beti jakin izan dut justizia nahi nuela, egia ezagutzeko beharra nuela.

Aipatu duzu lehen aitortza 2010ean gertatu zela. Nolakoak izan dira aurreko 40 urteak ?

Erabateko isiltasuna egon da anaiaren heriotzaren inguruan. Familian, garai batean, saiatu ginen frogak eskuratzen eta abokatu bat bilatzen, baina esan ziguten ezinezkoa zela, ezin zela ezer egin; Roberto existitu izan ez balitz bezala. Ez dago ospitaleratuta egon zeneko agiria ere. Gerora, Eusko Jaurlaritzak ere biktima izaera aitortu zion, 2014an.

Zer esan nahi dute urte askoren buruan heldu diren aitortza horiek ?

Poztasuna eman digu, baina, aldi berean, pasatu den denbora kritikatu behar da. Lau hamarkadaz ahaztuta egon dira frankismoaren krimenak, oro har. Bada garaia biktima guztiak aintzat hartzeko; orain pausoak ematen ari dira horren harira.

Nola oroitzen duzu 1970eko abenduan gertatu zena?

Manifestazioaren aurretik bi eguneko greba orokorra egon zen Eibarren, Burgosko Prozesuaren aurka. Abenduaren 4ko manifestazioa oso jendetsua zen, eta lasai asko zihoan. Bide erdian, polizia sekretua tiroka hasi zen, eta gazte bat zauritu zuten. Gerora, Guardia Zibila agertu zen atzetik, eta manifestazioa desegin zen. Gurasoekin topo egin nuen kalezulo batean. Etxera joan ziren, eta ni manifestaziora itzuli nintzen.

Nola zauritu zuten zure anaia?

Obra batzuk zeuden manifestazioaren ondoan, eta liskarra haraino heldu zen. Edozer gerta zitekeela ikusita, korrika alde egin nuen. Orduan, traka baten moduko tiro segida bat entzun nuen. Bertan zauritu zuten anaia. Bi metrora egindako tiroa izan zen, kaleko jantzitako pertsona batena. Pertsona horrek badu izena, eta, gerora, Valladolidera eraman zuten, baita mailaz igo ere. Anaia abenduaren 8an hil zen, tiroaren zaurien ondorioz.

Kereila pertsona horren kontra hasi duzu?

Bai, baita tiro egitea agindu zuenaren kontra eta haren gainetik zeuden arduradunen kontra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.