Xan Errotabehere, Thierry Biscary eta Jamixel Bereau (Kalakan musika taldeko kideak)

"Betidanik ukan dugu harreman estua sagarrarekin, txalapartaren bidez"

Kalakan taldearen ahotsetara ireki dute 2014ko txotx garaia, Astigarragako Alorrenean. "Txinparta finekoa eta puntu lehorreko" sagardoa da. Bideoa: Txotx garaiaren hasiera. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2018/[/Berriatb]

Araitz Muguruza.
2014ko urtarrilaren 16a
17:23
Entzun

Kalakan musika taldeari egokitu zaio txotx garaiari lehenengo tragoa emateko «ohorea». Nazioartean egin duten biraren ondotik egin zaien ongietorri «goxo eta bero» gisa hartu dute Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereauk. Horrenbeste aldiz jo duten abestiari ere egin diote erreferentzia; eta sagarra edan aurretik abestiaren zati bat kantatu dute.

Zer moduzkoa dago sagardoa?

JANMIXEL BEREAU: Gozoa.

THIERRY BISCARY: Gehiago edateko gogoa ematen du.

Sagardoa edateko ohiturarik baduzue?

J. B: Ohitura handirik ez, baina urtean behin, behintzat, egiten dugu gure itzulitxoa sagardotegietara

XAN ERROTABEHERE: Iparraldean bertan nola ez den hainbeste sentitzen sagardotegien kultura hori, ohitura bada lagunekin eta etortzea urtean behin, gutxienez, probatzera. Guk ardoa edateko ohitura handiagoa dugu, eta ez gara konturatzen sagardoak zer garrantzi duen euskaldunentzat.

Mundu osoan ezagun egin duzuen abestiak Sagarrak jo du izena. Nolakoa da sagarrekin duzuen harremana?

J.B: Betidanik ukan dugu oso harreman estua sagarrarekin, eta bereziki txalapartaren bitartez. Beti dolare etxe baten inguruan ibiltzen ginen, txalaparta, sagarraren kantua... Mundu hori dugu apur bat. Tradizioaren mundua, landako mundua, eta oro har, herri bat. Handik hasten den herri bat.

Mundu birara eraman zenuten sagardoa?

X.E: Maleruski, ez genuen alkoholik eramateko baimenik; beraz, ez. Hala ere, etorri dira Euskal Herrira AEBetako dantzari batzuk, eta halakoetan erakutsi behar da hemen zer daukagun.

J.B: Irailean etorri ziren, sagarrak oraino zuhaitzetan direnean.

Zer sentitu zenuten txotx garaia irekiko zenutela jakin zenutenean?

J.B: Guretzat ohore bat da. Kontzertu biraren ondoren egin diguten ongietorri bero eta goxo gisa hartu dugu. Izan ere, inor gutxi izaten da bere herrian profeta.

T. B: Egia errateko ez ginen konturatu hastapenean zer-nolako ekitaldia zen hemengo jendearentzat eta sagardoaren munduarentzat. Gero hasi ginen Interneten-eta begiratzen, eta ohartu ginen ekitaldi garrantzitsua dela, eta hemen parte hartzeko gonbita ohore bat dela, eta polita.

Lapurdi eta Behe Nafarroan badira sagardotegi batzuk, ezta?

X.E: Badira, baina ez du Gipuzkoako intentsitate bera.

J.B: Nahiko berriak dira. Nire familian ez zen botila sagardorik; orain, bai, nire etxean badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.