'Betirako' abiatu du Jaurlaritzak, doluan laguntzeko doako arreta programa bat

Jakinarazi dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 400 familia baino gehiago izan daitezke programaren hartzaileak. Omenaldi birtualak egiteko, Agurra egitasmoa jarri dute martxan.

Gasteizko Salburua parkeko Ataria interpretzio zentroan aurkeztu dute 'Betirako' programa. IREKIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko ekainaren 1a
12:22
Entzun

COVID-19aren ondorioz inguruko pertsonaren bat galdu dutenei doluan laguntzeko, Betirako programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Gaur agerraldia egin dute Gasteizko Salburua parkeko Ataria interpretazio zentroan, programaren berri emateko. Bertan egon dira, besteak beste, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Eudeleko lehendakaria. Eskainitako datuen arabera, aurreikusten dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hurbilekoren bat galdu duten pertsonen %30ek beharko dutela laguntza psikologikoa, «depresio, antsietate edo insomnio sintomei» aurre egin ahal izateko, besteak beste. Hain zuzen, jakinarazi dute 400 familia baino gehiago izan daitezkeela programaren onuradunak, eta 303.000 euro bideratuko direla horretara. Honenbestez, zerbitzura jotzen dutenek doako arta izango dute.

Hiru taldetan banatu dituzte programaren hartzaileak. Batetik, azaldu dutenez, COVID-19aren garaian birusarengatik edo beste gaixotasun batengatik hurbilekoren bat galdu dutenek arreta jasotzeko aukera izango dute; bestetik, dolu prozesua egiteko ingurukoren batengatik kezkatuta daudenek ere jasoko dute arreta, informazioa eskuratzeko. Azkenik, osasun, gizarte edo hezkuntza eremuetako profesionalek norbaitek laguntza behar duela ikusiz gero, programara jotzeko aukera izango dute. «Pertsona gehienek beren familiarteko edo hurbileko pertsonen laguntzarekin egin ahalko diote aurre galerak dakarren minari, baina komeni da profesionalen laguntza ere izatea, heriotzak egoera traumatiko batean gertatu baitira», adierazi du Blanca Angulo Betirako programako psikologoak. Telefono zenbaki bat jarri dute herritarren eskura, eta arreta jaso nahi duen orok 900 908 744 telefonora deitu dezake.

Omenaldi birtualak

Herritar askorentzat zaila izan da hil direnei agurrak egitea pandemiaren garaiotan, eta, horri irtenbide bat emateko asmoz, Agurrak egitasmoa abiatu du Jaurlaritzak. Hain zuzen, omenaldi birtualak egiteko aukera eskaini du. Beatriz Gazquez proiektuko kideak eman du honen berri: «Doluaren prozesuan agurra baldintza on batzuetan egin ezin izanak arazoak sor ditzake; Agurrak proiektuaren bitartez, familiei eta lagunei aukera emango zaie agur horiek era birtualean egiteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.