Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak "erabateko errespetua" adierazi du Katalunian lortutako akordioaren aurrean, eta espero du "inork ez oztopatzea" Kataluniako herritarren "adierazpen aske demokratikoa".
Katalunian estatua sortzearen inguruko erreferenduma hitzartu duten alderdiak zoriondu ditu Sortuk, "gai izan direlako akordio batera heltzeko erabakitzeko eskubidearen formulazioan". Hasier Arraiz Sortuko presidenteak dei egin die PSOEri eta PPri "erabakitzeko eskubidea bezalako printzipio demokratikoa onartzera", eta Euskal Herriari eta Kataluniari "herri gisa euren bidea" egiten uzteko eskatu die.
PSEk, berriz, ez du begi onez ikusi Kataluniako alderdien gehiengoak hitzartutakoa. Idoia Mendia alderdiko bozeramaileak "abentura berekoietarako garaia" ez dela ohartarazi du, eta "elkarlana eta elkarrizketa" goraipatu ditu. Uste du Kataluniako gizartea "kale itsu independentistatik" aterako dela.
[Youtube]http://youtu.be/4WQfxzRSCfw[/Youtube]