Gazteak eta helduak. Ezkongabeak, ezkonduak, alargunak. Goi mailako ikasketekin edo gabe. Mota guztietako gizonezkoek kontratatzen dituzte prostituzioan aritzen diren emakumeen zerbitzuak, eta prostituzioaren bezeroen inguruan esan daitekeen gauzarik zehatzena horixe da: alegia, ez dagoela bezeroaren soslai bakar bat.
Hori ondorioztatzen da Bizkaiko Askabide elkarteak prostituzioaren bezeroen inguruan egindako ikerketatik. 2008koa da ikerketa, baina Askabideko kide eta ikerketaren egileetariko bat den Diego Lodeirok dioenez, horren emaitzek baliagarriak izaten segitzen dute. "Ikerketaren ondorio nagusia hori da, ez dagoela bezeroaren profil jakin bat, eta ez dela beharrezkoa adin jakin bat izatea edo erosteko ahalmen berezia edukitzea bezero izateko", adierazi du.
Antzeko emaitzak
Prostitutei zein bezeroei galdetuta egin zuten ikerketa. Multzo biek ematen dituzten erantzunak nahiko antzekoak dira. Gehienek, ia erdiek prostituten arabera, 30 eta 40 urte artean dituzte, 30 urte baino gutxiagoko bezeroak ere badauden arren, %10 inguru. Hiru laurdenak bertakoak dira, eta lanbide, ikasketa eta gizarte maila askotarikoak izaten dira.
Datu batean ez datoz bat prostitutek eta bezeroek emandako erantzunak. Prostitutek adierazitakoaren arabera, bezeroen %63 ezkonduta daude. Nolanahi ere, bezeroen %35ek baino ez dute onartzen ezkonduta daudela.
Datu kezkagarririk ere agertzen zen Askabide elkartearen ikerketan. Horietako bat, esaterako, bezeroen %75ek preserbatiborik gabeko sexu harremanak eskatzen dituztela. "Horrek ez du esan nahi harremanen %75 preserbatiborik gabe egiten direnik, ezpada horren inguruko eskaera dagoela bezeroen aldetik", zehaztu du Lodeirok. "Prostitutekin hitz eginda, gai hori behin eta berriro agertzen da".
Beste datu kezkagarria prostitutek jasandako erasoei dagokie. Eraso fisikoak ez dira hain ohikoak. Prostituten %0,03k baino ez dute salatzen inoiz eraso fisiko bat jasan izana. Zerbitzua ordaindu nahi ez izatea %6 inguruk salatzen dute, "batez ere, kalean aritzen diren prostitutek", Lodeirok zehaztu duenez. Baina irainei eta tratu umiliagarriei dagokienez, datuak izugarri igotzen dira, eta prostituzioan aritzen diren emakumeen %20,6k salatzen dute inoiz irainak jaso dituztela berezoen aldetik.
Bi ondorio horiek, preserbatiborik erabili nahi ez izatea eta prostitutek erasoak jasatea, oso kezkagarriak iruditzen zaizkie Askabidekoei. Eta, horregatik, pentsatu dute ez dela nahikoa datu hutsetan gelditzea eta, datu horietan oin hartuta, beharrezkoa dela zerbait egitea: "Askabiden behar-beharrezkoa deritzogu bezeroak ere kontuan hartzeari interbentzio ereduak diseinatzen direnean", esan du Lodeirok. "Horiekin ere lan egin behar da".
Lan ildo berriak
Horregatik, bi lan ildo berri jarri dituzte abian Askabidekoek azken lau urtean, ikerketaren emaitzak gogoan eta bezeroei beren-beregi zuzenduak. "Guk, normalean, harremana izaten dugu prostituzioan aritzen diren emakumeekin, eta noizero-noizero, emakume horiek lan egiten duten klub, pisu edo kaleetara joaten gara. Nortzuk garen azaltzen diegu, beren arazoen berri galdetzen diegu eta abar. Eta, jakina, erronda horiek egiten ditugunean, behin baino gehiagotan bezeroak ere aurkitzen ditugu", azaldu du Lodeirok.
Harreman horiek baliatzen dituzte bi kanpainak aurrera ateratzeko. Alde batetik, preserbatiboak erabiltzearen komenigarritasuna nabarmentzea du xede lehenengo kanpainak: informazioa banatzen dute, eta kanpainaren leloa daramaten preserbatiboak ematen dizkiete bezeroei. Horrez gain, bezeroak egon daitezkeen lekuetan, esaterako, komunetan edo geletan, "eta beti aretoetako jabeen baimenarekin", kartel batzuk jartzen dituzte.
Beste aldetik, erasoak saihesteko eta prostituzioan aritzen direnenganako begirunezko tratua sustatzeko ere, kartelak eta itsasgarriak atera dituzte; besteak bezala, bezeroak egon daitezkeen lekuetan jartzen dituzte. Burua erabili, kondoia erabili eta Errespetuz trata nazazu dira kanpainotan erabiltzen dituzten goiburuak.
"Pentsatzen dugu prostituzioan aritzen den beste partearekin, hots, bezeroekin, lan egitea emakumeen lan egoera eta bizi-kalitatea hobetzeko modu bat dela", adierazi du Lodeirok. "Beste parte hori askotan ikusezina da; anonimotasunean murgilduta egoten da, eta badirudi dena beti jausten dela prostitutaren aldean. Hori aldatu nahi dugu".
Zaila da kanpaina horien arrakasta neurtzea, baina Lodeirok nabarmendu du «espero baino erantzun hobea» jasotzen dutela, "eta ez soilki bezeroen aldetik; emakumeak oso pozik daude, gaia ateratzeko aukera ematen dietelako".