Yolanda Barcina Nafarroako presidente ohia Telefonicaren filial batek fitxatu, eta eztabaida berriro ere ate-joka etorri da: zenbateraino dira zilegi eta etikoak ate errotak? Sonatuak dira Felipe Gonzalezen presentzia Gas Natural Fenosan eta Jose Maria Aznarrena eta Rodolfo Martin Villarena Endesan. Gertuago ere badira adibide ezagunak: Josu Jon Imaz Repsolen, Nuria Lopez de Gereñu Confebasken, Jose Antonio Ardanza Euskaltelen... Sonatuak eta ezagunak dira izen horiek, baina anekdotaz harago doa auzia, Hego Euskal Herrian gobernu ardurak izan dituzten politikarien laurdenek enpresa esanguratsuetan aurkitu baitute abaroa jardun publikoa utzitakoan.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan lehen mailako ardurak izan dituzten 157 politikariren ibilbideak aztertu ditu BERRIAk, eta egiaztatu du, politika instituzionala utzi dutenen artetik, gutxienez %29,3k enpresa pribatu edo sozietate publiko esanguratsuetan aurkitu dutela kargu bat. 46 dira guztira, horietatik bi atzera politika instituzionalera itzulitakoak; lerrootan aurkezten dira haien biografia laburtuak. Gobernu ardurarik izan ez baina Eusko Legebiltzarrean parlamentari izan diren eta jadanik jardunean ez dauden 235 pertsonaren ibilbideak ere aztertu ditu kazeta honek, eta 11 aurkitu ditu enpresa esanguratsuetan (%4,7).
Datuek agerian uzten dute gobernuetan ardura postuak eduki dituzten politikariek aukera gehiago dituztela, beren jarduera publikoa bukatutakoan, enpresa izendunetako administrazio kontseiluetan esertzeko. Parlamentariak, aldiz, aurretik zuten lanera edo antzeko jardueretara itzultzen dira gehien-gehienak.
Ikerketa egiteko, 1979tik Nafarroako Gobernuan kontseilari eta 1980tik Eusko Jaurlaritzan sailburu izan diren pertsonen curriculumak arakatu ditu BERRIAk, politika instituzionalean aktiboan jarraitzen duten pertsonak bazter utzita —enpresa mundura joan eta berriz politikara itzuli diren salbuespen batzuk tarteko—. 72 dira Nafarroan, 85 Jaurlaritzan. Kazeta honek ez ditu aztertu gobernu horietako kontseilariordeak, sailburuordeak, zuzendariak eta bestelako konfiantzazko kargudunak; ez ditu aztertu diputazioetakoak ere, eta kanpo utzi ditu eremu publikoa laga eta gero bere lanera itzuli direnak eta bere aurreko lanari loturiko enpresak sortu dituztenak eta halakoak. Hemen aurkezten diren ondorioak lagin bat dira, beraz.
Gobernuetan aritu diren alderdietako kideak ageri dira, batez ere, ate errotak erabili dituztenen zerrenda honetan. Alegia, EAJ, PSE-EE, PSN eta UPNkoak, baina baita PPko batzuk ere. Enpresen artean, badira beren administrazio kontseiluetan politikariak hartzeko joera handiagoa dutenak. Azterketa honen arabera, Bahia de Bizkaia, BBK, BBVA, Bruesa, Circulo de Empresarios Vascos, Comercial Navarra de Bebidas, Confebask, EEE Energiaren Euskal Erakundea, EHN Energia Hidroelectrica de Navarra, Euskaltel, Gamesa, Iberdrola, Kutxabank, Nafarroako Kutxa, Naturgas, Repsol, Tubacex, Uria & Menendez eta Vital Kutxa, adibidez, politikari baten baino gehiagoren curriculumetan agertzen dira. Deigarria da, era berean, Deustuko Unibertsitatean edo Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbidea edo Ekonomia ikasitakoak direla politikari horietatik asko eta asko.
Erakunde publikoek edo erakunde publikoek kontrolatutako enpresek parte hartzen dute sozietate pribatu edo misto askotan, eta kargudun publiko izandako politikari batzuek horietan jarraitzen dute kargu publikoa utzitakoan. Horiek ere aintzat hartu ditu azterlan honek, ez soilik enpresa pribatu handietara joan diren politikari ohiak.
Barthelemy Agerre
UDF; Modem; UDI (Lukuze, Baxenabarre, 1955)
Laboraria izatez, Lukuzeko auzapeza izan da 1976tik orain arte, eta kontseilari nagusia 1994tik egunera. Enpresan aritua da aldi berean: Lur Berri kooperatibako presidenteordea da 1980az geroztik, eta Spanghero enpresako presidentea 2009tik. Zaldi haragiaren eskandaluak zipriztindurik, Arcadie Sud Ouest enpresaren presidenteordetza utzi zuen 2013an.
Carlos Agirre Arana
PSE-EE (Bilbo, 1956)
Sarrikoko Unibertsitatean Zientzia Ekonomiko eta Enpresarialak ikasi eta Deustuko Unibertsitatean Giza Baliabideetan espezializatu zen. Bankan hasi zen lanean, 1978an; Bilboko Merkataritza Ganberarentzat eta EEE Energiaren Euskal Erakundearentzat lan egin zuen gerora. 1987an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailean konfiantzako kargu baterako hartu zuten, Planifikazio zuzendari gisa. 1991n Gizarte Gaietarako Lehendakariordetza hartu zuen bere gain. Konfiantzazko karguetan jarraitu zuen, Jaurlaritzan, baina 1998an EEEra itzuli zen, Giza Baliabideetako zuzendari modura. Patxi Lopezek Ekonomia eta Ogasun sailburu izendatu zuen 2009an. 2012an utzi zuen Jaurlaritza, hauteskundeak galduta. Handik bi urtera, 2014ko maiatzean, Kutxabank SAko kontseilari izendatu zuten.
Ana Agirre Zurutuza
EAJ (Bilbo, 1959)
Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta laster, 1984tik aurrera, EAJrentzat lanean hasi zen, konfiantzako karguetan edo aholkulari modura, Eusko Jaurlaritzan —1981az geroztik teknikaria zen bertan—. Hiru hamarkadaz lan horietan aritu ondoren, 2004an Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren ardura hartu zuen, Josu Jon Imazek utzi zuenean. 2005ean berriro hartu zuen sailburutza, 2009 arte. PSE-EEk gobernua hartu zuenean galdu zuen kargua, eta 2012ko abenduan berriz itzuli zen: gaur egun Justizia sailburuordea da. Jaurlaritzatik kanpo egindako hiru urteetan Vital Kutxako administrazio kontseiluko kide izan da —2010ean 18.700 euro jaso zituen dietetan eta bileretara joateagatiko sarietan; 2011n, 21.700 euro—.
Calixto Aiesa Dianda
PP (Iruñea, 1936)
Dermatologoa da, eta 1983az geroztik Nafarroan parlamentaria. 1991-1995 aldian Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria izan zen, eta 1996-2003 artean, Gizarte Ongizateko kontseilaria. 2001ean UPNren Batzorde Exekutiboko kide egin zuten, bestalde. Enpresa munduan ere ibilia da, ordea; 2012 arte Comercial Navarra de Bebidas SA enpresako presidentea izan da —Jose Manuel Arlaban PSNko kontseilari ohiarekin batera—. Bestelakoengatik egin da ezagun, ordea: 2013 hasieran ezagutu zen 1991n eta 1992an soldata ezohikoak kobratu zituela. Luis Barcenas PPko diruzainak Jaime Ignacio del Burgori eman zizkion 23.400 euro berak hartu zituela aitortu zuen, komunikabideen aurrean, Aiesak berak. Eta 1991n esan zuen PPk kontseilari izateko proposatu zuela, eta horren ondorioz dermatologia kontsulta itxi behar zuela, eta horrek bere familiaren ekonomiari “kalte larria” egingo ziola, eta PPk horregatik ordaindu ziola ezohiko soldata hori.
Juan Cruz Alli Aranguren
UPN; CDN (Iruñea, 1942)
Zuzenbide ikasketak egin zituen. Diktadura amaituta, politikagintzan murgildu zen. Lehenik Jaime Ignacio del Burgoren eskutik, eta gero UPN-n: 1983ko agintaldian Iruñeko hautetsi izan zen, eta 1987koan, parlamentari. Alliren eta haren belaunaldiko beste kide esanguratsu batzuen ekimenez, UPN Nafarroako Gobernura heldu zen. 1991ko legealdian lehendakari izan zen, baina haren keinu euskaltzaleak ez zituzten UPN-n gogoko, eta joan, eta CDN sortu zuen. Haren estrategiak porrot egin zuen, Javier Otanoren Suitzako kontuen ondorioz. Geroztik, CDNk UPNrenganako urratsak egin zituen, alderdia desagertzeraino. Bien arteko akordioaren arabera, Alli Nafarroako Kutxaren Administrazio Kontseiluan sartu zen 2004an; 2012an utzi zuen. Lehenago utzi zuen parlamentua (2011n), eta orain gutxira arte NUPeko irakasle izan da.
Antonio Aragon Elizalde
PSN (Lodosa, Nafarroa, 1950)
Peritu ikasketak egin ostean, Soniclima enpresako kudeatzailea izan zen, eta handik politikara egin zuen jauzi, Gabriel Urralburu adiskide eta negozioetako bazkidearen eskutik. 1983an parlamentari, eta handik urtebetera Urralburuk Industria kontseilari izendatu zuen, eta hurrengo agintaldian, Herri Lan kontseilari. Azken kargu horretan ari zela, obrak adjudikatzeko sistema aldatu zuen, ezkutuan komisioak ordaintzen zituzten enpresen mesedetan. 1998an Nafarroako Auzitegi Nagusiak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion, legez kanpoko komisioak kobratzeagatik. 2003an Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urtera murriztu zion zigorra. Geroztik, Tafame SAU Azkoiengo txapa enpresako kontseilari izan da, 2007ko abendutik aurtengo martxora. Gainera, Obras Publicas y Telecomunicaciones de Navarra SA (Opnatel-Nasertic) enpresa publikoko kontseilari izan zen urte luzez, 2011ra arte.
Jose Maria Arakama Ioldi
UPN (Iruñea, 1954)
Nafarroako Unibertsitatean Industria Ingeniaritza ikasi eta gero Enpresa Administrazioko masterra egin zuen unibertsitate berean, IESE Business Schoolen. Cementos Portland SAn hasi zen lanean —aita eta aitona ere han lanean arituak zituen—, eta Finantza zuzendari ere izan zen bertan egin zituen hamasei urteetan. Mutua Navarra SLko presidente izan zen ondoren, hiru urtez. Compañia Eolica Aragonesa SAko kontseilari ere izan zen. Politikara UPNrekin heldu zen: Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izan zen 1996 eta 1999 artean —CANen kontseilari izan zen aldi horretan—. Enpresara itzuli zen, Cementos Portland Valderrivasera, Iruñeko bulegoko zuzendari bihurtuta. Bi urte egin zituen, eta SODENA Sociedad de Desarrollo de Navarra SA arrisku kapitaleko enpresa publikoko zuzendari nagusia egin zuten 2001 eta 2011 artean. Enpresa ugaritan kontseilari izan da geroztik, azkeneko bi hamarkadetan: EHN Energia Hidroelectrica de Navarra SA, Electra de Zudaire SA, Cementos Alfa SA, Cementos Lemona SA, Uniland Cementera SA, Centro de Investigacion Medica Aplicada, Finaves, Inveready Technology Investment Group... Smart Medical Group SL eta FideNa enpresetako presidente ere izan da, eta Cementos Portland Valderrivas taldean, gora eginda, presidentearen albokoa. 2011n Sodena utzi zuen, Gamesa Corporacion Tecnologica SAko kontseilari egiteko. Altair Management Consultants enpresetako kontseilari ere bada, besteak beste. Gizakia Helburu fundazioko Iruñeko Juntako kidea eta Jorge Oteiza fundazioko kidea ere bada, beste kargu askoren artean.
Jose Antonio Ardanza Garro
EAJ (Elorrio, Bizkaia, 1941)
Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Caja Laboral Popularreko aholkulari juridiko aritu zen lanean 1969 eta 1983 artean. 1979an Arrasateko alkate hautatu zuten, eta 1983an Gipuzkoako ahaldun nagusi. EAJren zatiketaren ostean, Karlos Garaikoetxearen ordezko hautatu zuen EAJk, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza iritsi zuen 1985ean. Hamalau urtez, 1999 arte, lehendakari karguari eutsi zion. Jatorri publikoko enpresa pribatu batean aurkitu zuen lekua gero: Euskaltel SAko presidente izendatu zuten, eta postu horretan jarraitu zuen beste hamabi urtez. Erretiroa hartu zuen 2011n; bihotzeko bat sufritua zuen ordurako. Lehendakari kargua utzi eta berehala beste enpresa baten administrazio kontseiluan ere sartu zen, Tubacex SAn —2007an enpresa horren akziodun ere bihurtu zen, 12.000 akzio erosita, 62.720 euroan—. Tubacexen administrazio kontseiluan, urte askoan, Ardanzarekin bat egin zuten Jaurlaritzako beste bi sailburu ohik: Juan Ramon Gebarak eta Pedro Luis Uriartek. Bestalde, azkeneko urteotan Idoki SCF Technologies SL enpresako presidente ere izan da Ardanza —Nagore Ardanza Urtiaga alaba kontseilari zuen enpresa horrek—. PPk uztail honetan salatu du enpresa horrek bi milioi euro jaso dituela administrazio publikoaren eskutik. Idoki 2006an sortu eta 2014an desegin zuten; produktu kosmetiko naturalak produzitzen zituen. Enpresak bi urtetan soilik eduki zituen irabaziak, 2006an eta 2008an, eta 2012 arte 589.000 euroren galera pilatu zuen. Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso zituen urte horietan.
Jose Manuel Arlaban Esparza
PSN (Lodosa, Nafarroa, 1950)
Antonio Aragonen kintakoa eta herrikidea. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Ekonomia eta Enpresa ikasketak egin zituen 1970etik 1975era. Handik gutxira, 1977ko otsailean, Nafarroako Kutxan hasi zen lanean, eta bertan jardun zuen 23 urtez. Tartean, politikara aldatu zen legealdi batez: Gabriel Urralbururen lehen gobernuan Ekonomia eta Ogasun kontseilari izan zen. CANera itzuli zen lanera, eta Finantza zuzendari zein Partaidetzen arduradun izan zen. Enrique Goñiren agintaldiko erretiro aurreratuen prozesuetako batean utzi zuen kutxa, 2003ko urtarrilean. Comercial Navarra de Bebidas SAko presidenteorde izan zen 2012 arte, eta ordutik aurrera Ofimorea SA higiezin sozietateko presidentea da.
Joseba Arregi Aranburu
EAJ (Andoain, Gipuzkoa, 1941)
Doktoretzak egin zituen Munstergo Unibertsitatean (Teologia), eta Deustuko Unibertsitatean (Soziologia). EHUn irakasle aritu zen. 1984-1985 eta 1987-1995 artean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zen —Guggenheim eraiki zuten sasoian—, baina baita Hizkuntza Politikarako sailburuordetzako buru ere. Eusko Legebiltzarrean aritu zen 1990 eta 2002 artean. GBBko eta EBBko kide ere izan zen. 2004an EAJrengandik aldendu zen, “lerratze subiranistarekin” kritiko. Harrezkero Aldaketa mugimenduan eta ETAren biktimen inguruko taldeekin aritu da lanean. EHUn irakasten ere jarraitu du. Baina enpresa munduan ere egin ditu lanak Arregik. Bruesa eraikuntza enpresa taldeko parte izan da, 2014 arte. Enpresa horri lotuta, Mendibil merkataritza gunea, Donostiako Arcco eta beste enpresa askotako administrazio kontseiluetan esku hartu du, askotan etxeen eraikuntza eta berriztatzeari lotuta. Bruesako kide izan ziren Angel Larrañaga eta Jose Antonio Maturana Jaurlaritzako sailburu ohiak ere.
Jose Ignacio Arrieta Heras
EAJ (Bilbo)
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean eta Zientzia Ekonomikoetan lizentziatu zen 1967an, eta bertan aritu zen irakasle hamarkada batez. Sektore pribatuan lanean aritu ostean, Energiaren Euskal Erakundeko presidente aukeratu zuten 1982an, erakunde hori sortu eta batera. 1984an Eusko Jaurlaritzako Industria eta Turismo sailburu izendatu zuten, Ardanzaren gobernuan; 1987an Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ardura hartu zuen, 1991 arte. Enpresa mundura itzuli, eta 1991n bertan, MBN Comunicacion SL enpresa sortu zuen —enpresa eta instituzioentzako komunikazio aholkularitza ematen du—. Sozietate horretako eta MBN Asociados SLko presidente izan da iaz arte. Gaur egun Editora del Pais Vasco 93 enpresako burua ere bada; 1999tik Petronor SAko, Repsol Comercial de Productos Petroliferos SAko eta 2013tik Naturgas Energia Grupo SAko kontseilari ere bada —Naturgasen zati bat Enagasi saltzeko operazioan esku hartu zuen, Xabier Garmendiak bezala—. Innobasqueko juntako kide izana da, eta Sociedad para el Estudio y Desarrollo de la Industria del Gas taldeko kide ere bai. Sabino Arrieta Heras du anaietako bat, bestalde. Euskal Herriko hamar fortuna handienetako baten jabe da Sabino Arrieta (375 milioi euro); Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Planifikazio sailburuorde izendatu zuten anaia hori 1987an.
Jose Antonio Asiain Aiala
PSN (Iruñea, 1949)
Corellarra, Sanz bezala, eta haren pareko garrantzi politikoa izan duena, bere izena hain ezaguna ez izan arren. Zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta Nafarroako Gobernuko zein parlamentuko abokatu izateko oposizioak egin zituen. Urralbururen agintaldi osoan (1983-1991) presidenteorde izan zen, baina ustelkeria kasuek ez zuten zipriztindu. Politika utzita, bere abokatu bulegoan lan egin zuen, eta hainbat enpresatako kontseilari izan zen (kasurako, ACR). 2004tik aurrera, Nafarroako Kutxako kontseilari izan zen, eta gainera pisu handia izan zuen, kutxako erabakigune nagusietan egon baitzen. Interes gatazkak eragin zituen, eta CANek etxe kaleratzeetan aurrezki kutxaren aldeko zerbitzu juridikoa eskaini zion bere semeari. 2010etik 2012ra CANeko presidentea izan zen, eta egun Caixabank SAko eta Criteria Caixaholding SAko kontseilari da, Enrique Goñirekin batera. Cervera auzian ustez xantaia egin zioten, eta haren salaketaren ondorioz atxilotu zuten Santiago Cervera PPren orduko diputatua.
Luis Maria Atienza Serna
PSE-EE (Trespaderne, Espainia, 1957)
Garoñako zentral nuklearra jarriko zuten eskualde berean jaio bazen ere, Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zientzia Ekonomikoen ikasketak, eta Nancyko Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak. Deustuan bertan irakasle aritua da gerora. 1989an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu izendatu zuten, baina bi urtera utzi zuen kargua, 1991n Espainiako Ingurumena Zaintzeko Institutuko presidenteorde egin baitzuten. Eta 1993an, berriz, Espainiako Industria eta Energia Ministerioan Energia idazkari nagusi izendatu zuten —Deustuko Unibertsitatean irakasle izan zuen Juan Manuel Egiagarai, eta hark izendatu bide zuen postu horretan—. Eta 1994an, Felipe Gonzalezek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro egin zuen. 1996an utzi zuen ministerioa, eta energia gaietarako aholkulari gisa aritu da lanean. Doñana Fundazioa gidatu du, aldi berean, 2008 arte. 2004an Red Electrica de Españako (REE) presidente egin zuten. REEko presidente gisa, 2007az geroztik Portugalgo Redes Electricas Nacionaiseko (REN) presidente ere izan zen, baita European Networks of Transmission System Operators for Electricityko kide eta Peruko Redesur eta Boliviako Transportadora de Electricidadeko presidente ere. 2012an utzi zuen REE, 2,3 milioi euroko kalte-ordaina jasota. Gaur egun Argo Capital Partners taldeko presidentea da —Txilen, Kolonbian eta Mexikon “energia garbietan” inbertsioak egiten ditu sozietate horrek—, baita Deusto Bussines Schooleko Administrazio Kontseiluko kide ere.
Juan Maria Atutxa Mendiola
EAJ (Areatza, Bizkaia, 1941)
Enpresen Administrazioa ikasi zuen, eta Caja Rural Vasca bankuan hasi zen lanean, —zuzendariorde nagusi ere izan zen banku horretan—. 1983tik 1987ra Bizkaiko Batzar Nagusietan aritu zen, eta 1987tik 1991ra Bizkaiko Diputazioko Nekazaritza sailaren ardura hartu zuen. Lemoako alkateorde ere izan zen 1987tik 1991ra. Bizkaia utzi zuen 1991n, Eusko Jaurlaritzan Herrizaingo Sailaren ardura hartzeko. Zazpi urte egin zituen karguan, eta 1998an Eusko Legebiltzarreko presidente aukeratu zuten. Politika instituzionala uztea erabaki zuen 2005eko urrian, eta Sabino Arana Fundazioko presidente egin zuten handik lasterrera. 2006tik 2009ra, gainera, Bahia de Bizkaia Gas SL enpresako kontseilari izan zen. 2010etik aurrera Iberdrola Ingenieria y Construccion SAko kontseilaria da.
Joseba Azkarraga Rodero
EAJ; EA (Agurain, Araba, 1950)
Espainiako Kongresuan eta Senatuan aritu zen, aldizka, 1979 eta 1993 artean, EAJrekin lehenik, eta EArekin gero. EAren zuzendaritzako kide ere izan zen, bi epetan: 1987-1993 eta 1999-2009. Tartean, 1993tik aurrera, Mondragon Taldean sartu zen, eta Euskadiko Kutxarentzat ere lanean aritu zen. 2001etik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu izendatu zuten. 2009an, politika zereginetatik aldenduta, Galdiano eraikuntza enpresako kontseilari hautatu zuten. Gaur egun Sare plataformako bozeramaile da.
Jon Imanol Azua Mendia
EAJ (Bilbo, 1953)
Oso gazte emigratu zuen Mexikora, eta Ingeniaritza Industriala ikasi zuen UNAMen. Euskal Herrira itzulita, Banco de Vizcaya, Grupo Mondragon eta beste enpresa batzuentzat lan egin zuen. Sektore pribatua utzita, 1979ko hauteskundeetan Espainiako Kongresura aurkeztu zen diputatu. 1980an, Eusko Jaurlaritza berrian ardurak hartu zituen, konfiantzazko kargu gisa. Bizkaiko Garapen Ekonomikorako diputatua izan zen 1983 eta 1985 artean. Urte hartan egin zuten Lan, Osasun eta Gizarte Segurantzako sailburu Eusko Jaurlaritzan; Osakidetzako burua izan zen urte horietan. 1988an politika utzi zuen, Bilboko Burtsaren zuzendari nagusi kargua hartzeko. Hiru urte geroago itzuli zen politika instituzionalera ostera: Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Industria eta Energia sailburuordea izan zen, Ardanzaren garaian, 1995 arte. Atzera sektore pribatura itzuli zen; SL Uliker-3 sortu zuen, aholkularitza enpresa bat, eta Andersen Consulting munduko aholkularitza enpresa handienetako batean lanean hasi zen, Bilboko bulegoa zuzenduz —gerora Bearing Point enpresan integratu zen Andersen—. Administrazio kontseilu ugaritan parte hartu izan du, oso arlo ezberdinetakoak: petrolioaren eta gas naturalaren ustiaketa —Fenix Oil & Gas SA; Kolonbian gasa erauzten du—, botiken ikerkuntza (Bio Praxis Group; presidentea da), industria sustapena (Grupo Centauro)... EnovatingLab izeneko enpresa baten sortzaile eta presidente ere bada, eta Grupo IMQ eta Oracle-Iberiaren kanpo aholkulari, besteak beste. Orkestra, Innobasque, Tecnalia eta Solomon R. Guggenheim Foundationen parte hartzen du. 2011n Guascor enpresa saldu zion —presidenteordea zen— Dresser Rand multinazionalari.
Javier Balza Aguilera
EAJ (Bilbo, 1957)
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi eta Basauriko Udalean aholkulari juridikoaren lanpostua lortu zuen 1981ean. 1982tik 1987ra, berriz, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan hasi zen lanean. Gerora, Garapen Legegileko zuzendari izan da, baita Erregimen Juridikoaren zuzendari ere, eta konfiantzako karguak ere hartu ditu. 1999an jauzi egin zuen agertokira, ordea, Herrizaingo Sailaren ardura hartu zuenean. Hamar urte egin zituen karguan, 2009 arte; azkeneko zortzi urte horietan parlamentari ere aritu zen. Urte hartan abokatu lanetara itzuli zen, beste sailburu ohi baten bulegora: Juan Ramon Gebara Saletaren Guevara Abogados firmara alegia. 2010eko urtarrilaz geroztik Iberdrola Distribucion Electrica SAko idazkaria da. Bestalde, Vital Kutxaren Administrazio Kontseiluko kide izan zen 2010 eta 2013 artean. Gaur egun Ezkerraldea-Meatzaldea BUS SA eta Busturialdea-Lea-Artibai Bus SA konpainietako idazkari ez-kontseilaria da. Gainera, 2015eko maiatzean Espainiako abokatu firma handienetako batek fitxatu zuen: Uria & Menendez bulegoko apoderatuetako bat da geroztik.
Yolanda Barcina Angulo
UPN (Burgos, Espainia, 1960)
Nafarroako Unibertsitatean Farmazian doktoratu zen. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, EHUn eta NUPen irakasle aritu zen, eta Nutrizio eta Bromatologia katedra eskuratu (1993). 1996an pasatu zen politikara, Miguel Sanzen gobernuan Ingurumen, Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren kargu eginda. 1999 eta 2011 artean, hamabi urtez, Iruñeko alkatea izan zen. 2000. urtean egin zen UPNko kide, eta 2001ean Batzorde Exekutiboan hartu zuten; 2009an, berriz, alderdiko presidente aukeratu zuten. Nafarroako Gobernuko lehendakari aukeratu zuten 2011n. Nafarroako Kutxaren inguruko ustelkeria salaketek eta UPN barruko botere borrokek ondoratu dute, neurri handian, Barcinaren ibilbide politikoa. 2013an UPNren buruzagitza justugatik irabazi zuen, eta, 2015eko foru hauteskundeetan gobernua galduta, alderdiko karguak eta politika instituzionala utzi zituen. NUPen zuen katedrara itzuli zen, ate errotak erabiltzeko asmorik ez zuela adierazita gainera. Aurtengo urriaren 14an, ordea, ezagutu zen Telefonica SAk fitxatu duela, Movistar+ berriaren Administrazio Kontseilua osatzeko (ostegunean izendatu zuten ofizialki).
Alfonso Basagoiti Zabala
EAJ (Madril, 1947)
Zientzia Politikoak eta Ekonomikoak ikasi zituen. 1983an Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu kargua hartu zuen. Lau urte geroago Ogasun eta Finantza sailaren ardura hartu zuen, Eusko Jaurlaritzan. 1991n utzi zuen politika instituzionala eta laster BBVko kontseilari izendatu zuten; bankuan, zuzendari nagusi kontseilari izatera heldu zen. Urte hartan berean hasi zen IBV Servicios y Tecnologiako presidente gisa ere —BBVAk eta Iberdrolak erdi bana sortutako korporazio handi bat—. Biografiari jarraituz, kronologikoki, etenik gabe, 1997an Confebaskeko presidenteorde, 1999an Circulo de Empresarios Vascos taldeko presidente (2001 arte), 2001ean Gamesa Producciones Aeronauticas SAko presidente (2006 arte), eta 2012an BBK banku fundazioko Izendapen eta Ordainketen Batzordeko zuzendari eta presidente (2014 arte) izendatu zuten. 2013tik aurrera Euskaltel SAko Administrazio Kontseiluko kide da, baita Clean Energy Investments LLC eta Oil&Gas Capital SL —Espainian fracking-a erabiltzen hasteko baimenak eskuratu ditu— enpresetako presidente ere, eta, gainera, Prodol Meditec SAko, Inversiones Partnership SLko eta 2049 Obra Contemporanea SAko zuzendari ere bada.
Josu Bergara Etxebarria
EAJ (Bilbo, 1935)
Ingeniaritza Industriala ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, eta horretan hasi zen lanean, sektore pribatuan (Corcho Industrial, Sagarduy...). 1979an Bizkaiko Batzar Nagusietan eskuratu zuen aulkia —ordurako BBBko kide ere bazen—, eta 1980an Eusko Legebiltzarrean, eta hurrengo agintaldietan errepikatu zuen, Ardanzak 1991n Garraio eta Herri Lan sailburu izendatu zuen arte. 1995ean Bizkaiko ahaldun nagusigai aurkeztu zen, baita irabazi ere, eta zortzi urte egin zituen karguan, 2003 arte. Geroztik hainbat enpresatan hartu izan ditu ardurak: Bioener Energia SAn kontseilari izan da, Bahia de Bizkaia Electricidad SLn presidenteordea, eta Bahia de Bizkaia Gas SLn ere presidenteordea. Gaur egun Eptisa-Cinsa Ingenieria y Calidad SA ingenira taldeko presidentea da —aurreko Gipuzkoako Foru Aldundiak auzitara eraman du Eptisa-Cinsa, AP-1eko lanetan iruzur egitea leporatuta— eta Residencias Nostem SLko kontseilaria da —Bizkaiako Diputazioarekin itundutako zenbait zahar etxe kudeatzen ditu enpresa horrek—.
Jaime Ignacio del Burgo Tajadura
PP (Iruñea, 1942)
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea eta Ekonomia ikasketak egin zituen, eta doktoretza Nafarroako Unibertsitatean amaitu, 1968an. Aitaren itzala lagun —frankismoan goi kargu ugari izan zituen aitak—, Eduardo Ruiz de Huidobro markesak Landabenen irekitako Authi konpainiako zuzendari nagusi (egungo VW) izendatu zuten, baina galerak izan ziren nagusi bere agintaldian. Handik Diputaziora egin zuen jauzi, eta trantsizioan, UCDrekin aurkeztuta, lehen legealdiko presidentea izan zen. Lehendakari zela ez zuen jakinarazi Fundiciones de Alsasua FASAko akziodun zela. Kiebra jotzear zen enpresa harengatik izan zitzakeen erantzukizun zibilak saihesteko, ezkutuko mugimenduak egin zituen, Ogasunaren kaltetan. Dimisioa eman behar izan zuen. Foru Hobekuntzaren arkitekto juridikoa, eta Nafarroako PPren sortzaile bi aldiz. 2008an utzi zuen lehen lerroa; ez ordea, enpresa mundua: CONDA eta Tafallesako apoderatua izan da 2012 arte, eta urteetan Eléctrica de la Ribera del Ebro SAko kontseilaria izan zen, 2009n utzi zuen arte.
Aladino Colin Rodriguez
PSN (Leon, Espainia, 1958)
Txikitan Iruñera joan zen bizitzera eta Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen. Abokatu gisa jardun zuen, eta 1983ko hauteskundeetan PSNko zerrendatan aurkeztu zen. Gabriel Urralburuk, bigarren agintaldian, bigarren lehendakariorde eta Industria, Merkataritza kontseilari izendatu zuen. Sozialistek boterea galduta, hurrengo legealdian PSNko eledun izan zen parlamentuan, baina 1998an politikagintza utzi zuen. Bere abokatu bulegora itzuli zen, baina 2003tik hamar urtez Arian (Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras SA) eraikuntza enpresako idazkari izan da. Era berean, Nafarroako Kutxan enpresen partaidetzak biltzen zituen korporazioko kontseilari izan zen, 2007tik 2012ra bitartean. Kontseilu horretan dietak kobratzen ziren. FAS Fundación Arquitectura y Sociedad elkarteko idazkaria ere bada; Miguel Sanz patronoa da elkarte horretan.
Mario Fernandez Pelaz
EAJ (Bilbo, 1943)
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu, eta abokatu hasi zen lanean, baita Deustuko Unibertsitatean bertan irakasle ere 1969tik aurrera. 1980an egin zuen jauzi politika instituzionalera: Eusko Jaurlaritza sortu berriko Lan sailburua izan zen, eta 1982tik aurrera Autonomiaren Garapenerako lehendakariordea; Madrilekin eskumenen transferentziak negoziatzeko ardura izan zuen. Hurrengo agintaldian legebiltzarkide egin zen, eta karguan jarraitu zuen, baina EAJren zatiketarekin, 1986an, lehendakariordetza utzi zuen, eta EArekin aurkeztu zen Bilboko Udalerako alkategai. Emaitza kaskarrak lortu, eta politika instituzionala utzi zuen, abokatu lanetara itzultzeko. BBVAk Arlo Juridikoko zuzendari izendatu zuten 1997an —Pedro Luis Uriarte Santamarina zen, garai hartan, bankuko kontseilari ordezkaria—; ordurako, baina, bankuarentzat lan egina zen, aholkulari gisa —Iberdrolarentzat ere lan egina da, besteak beste—. 2002an utzi zuen BBVA —Argentariarekin fusioa egina zuten bitarte horretan—, Espainiako abokatu bulego handienetako batean lanean hasteko, Uria & Menendez taldean; bazkide gisa hartu zuten gainera. Urte hartan, justu, BBVAren diru kontu sekretuen auzian nahastu zuten, nahiz eta Baltasar Garzon epaileak azkenean ez zuen auzipetu. 2009an BBK-ko presidente aukeratu zuten, eta aurrezki kutxak banku pribatu bihurtzeko prozesuaren arduradunetako bat izan zen. 2012an, Kutxabankeko presidente exekutibo egin zuten, 2014 hondarrean utzi zuen bankua, eta fiskaltzak ikerketa bat hasi zuen, Kutxabankek Mikel Cabieces EAErako gobernu ordezkari ohiari ordainketa ezohikoak egin zizkiolakoan. Horiez guztiez aparte, Naturgas Energia Grupo SA eta CIE Automotive SAko idazkari izana da, eta Repsol YPF SAko administrazio kontseilukideetako bat da.
Mari Karmen Garmendia Lasa
EAJ (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1947)
Irakasle aritu zen lanean, Donostiako Santo Tomas lizeoan eta Elizbarrutiaren Irakasle Eskolan. 1985ean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ardura hartu zuen Eusko Jaurlaritzan. Bederatzi urtez postu horretan aritu eta gero, 1995ean Kultura Saila hartu zuen bere gain. 2001ean utzi zuen politika insituzionala. Esan ohi da Juan Jose Ibarretxek haren plangintza jarraituz ikasi zuela euskaraz. Idazlea eta artikulista ere bada Garmendia, eta hizkuntza normalizazioari lotutako lanetan jarraitu du. Baina lan horietaz aparte, politika instituzionala utzi zuenetik, zenbait enpresatako administrazio kontseiluetako kide izatera ere pasatu da: Fundacion Grupo Matiako kidea da —Matia Innova SLn eta Matia Servicios Sociales SLn esku hartzen du—, baita Gerozerlan SL —zahar etxeak kudeatzen ditu sozietate horrek— enpresakoa ere.
Juan Ramon Gebara Saleta
EAJ (Gasteiz, 1945)
Zuzenbidean lizentziatua, familiako bufetean aritu izan da lanean, enpresen aholkulari gisa batez ere. 1985ean, Jose Antonio Ardanzaren gobernuan, Presidentetza eta Justizia Sailaren kargua hartu zuen; PSE-EErekin gobernu akordioa adostu zuenetako bat izan zen. 1987an berriz izendatu zuten Presidentzia, Justizia eta Autonomiaren Garapenerako sailburu. Euskadi-Akitania kooperazio batzordeko presidente izan zen garai hartan. 1991n utzi zuen politika instituzionala, abokatutzara itzultzeko. Baina zenbait enpresarentzat aholkulari lanak egin ditu geroztik, eta, besteak beste, Telvent Energia SA eta Tubacex SA enpresetan administrazio kontseiluko kontseilari izan da.
Jose Manuel Goikoetxea Askorbe
EAJ (Altsasu, 1951-Altsasu, 2012)
Albaitaritza ikasketak egin zituen, Ekoizpen eta Ekonomia espezialitatean. Lurgintza kooperatibarentzat lanean aritu zen, sei urtez, eta 1980an Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordetza hartu zuen. Zortzi urtez aritu zen lan horretan, 1988an Nekazaritza eta Arrantza sailburu izendatu zuten arte. 1991n Altsasuko alkate ere aukeratu zuten, eta 1995 arte bi karguak batera eraman zituen. Politika instituzionala urte horretan utzi eta Bultzan SAko kudeatzaile hasi zen. Laster, 1996an, Iparlateko kontseilari ordezkari egin zuten. Urte horietan hasi zen esnegintzaren sektoreko hainbat enpresetako administrazio kontseilutan esku hartzen: Lacteos de Navarra SL, Tecnologia y Calidad Lactea SL, Iparlat SA, Kaiku Internacional SL, Kaiku Corporacion Alimentaria SL, Sociedad Distribuidora Alimentaria SL, Iparlat Catalunya SL, Andia Lacteos de Cantabria SL, Lactiber Leon SL, Lactiber Corporacion Alimentaria SL, Esnelat SL, Kaigane Productos Vegetales Frescos SL... Baina politika instituzionalera itzuli zen, atzera, 1999an Nafarroako parlamentari hautatu baitzuten. Lau urtez jardun zuen zeregin horietan. Kargu publikoak utzita, baina heriotzaren unera arte, EAJren Nazio Batzarreko Nafarroako ordezkari izan zen.
Ricardo Gonzalez-Orus Marcos
PSE-EE
Eusko Jaurlaritzako Industria eta Merkataritza sailburua izan zen 1987 eta 1991 artean. Kargua utzi zuenean, Juan Manuel Egiagaraik —Espainiako Idustria ministroa zen garai hartan— INI Instituto Nacional de Industriaren sarean sartu zuen. Imenosa edo Industrias Mecanicas del Noroeste SAko presidente egin zuen lehenik (1991), eta Babcock Wilcox Española SAko presidente ondoren (1993). Fundacion Teneoko kide izendatu zuten gero (1995). Espainiako eta Hego Euskal Herriko sare industrialaren eraldaketaren erdian egokitu zen (Altos Hornos, Euskalduna, Lemoiz...). Babcockeko apoderatua izan da 2010 arte, eta altzarigintzaren inguruko beste zenbait enpresetan kontseilari, 2012 arte.
Josu Jon Imaz San Miguel
EAJ (Zumarraga, Gipuzkoa, 1963)
Zientzia Kimikoak ikasi zituen Donostiako Zientzia Fakultatean, eta EHUn egin zuen doktoretza, geroago Bilboko Industria Ingeniaritzako Goi Eskolan osatu zuena. Polimeroetan espezializatu zen, eta Inasmeten hasi zen lanean, polimeroen unitatean, 1987an. 1989an utzi zuen Inasmet, eta Mondragon Taldean aritu zen, industria garatzaile gisa; kudeaketa ikasketetan sakondu zuen garai hartan. Inasmetera itzuli zen 1991n, Kanpo Harremanetarako eta Marketineko Departamentuko zuzendari. 1994an utzi zuen enpresa pribatua, politika instituzionalean aritzeko: europarlamentari egin zen. 1999an Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. 2004an utzi zuen kargu hori, EBBko buru hautatu zutenean. Hiru urte egin zituen postu horretan, uztea erabaki zuen arte. AEBetara joan zen, familiarekin, urte erdiz. 2008ko uztailean itzuli zen, Petronorreko (Petroleos del Norte SA) presidente exekutibo bihurtuta. Repsol SAren filiala da Petronor, eta pixkanaka organigraman gora igotzen joan da Imaz: 2010ean Energia Berrien Unitatearen ardura hartu zuen, Repsolen barruan; 2012an Repsolen Zuzendaritzako kide egin zuten; 2014ko apirilaren 30az geroztik, taldeko burua da, kontseilari ordezkari karguarekin. Horrenbestez, filial askotako kide edo buru da edo izan da: Repsol Quimica SA, Repsol Energy Ventures SA, Iberian Lube Base Oils Company SA, Repsol Petroleo SA, Petronor Biocarburantes SA, Orisol Corporacion Energetica SA, Repsol YPF Trading y Transporte SA, Repsol Nuevas Energias SA eta Repsol Trading SA, besteak beste.
Michel Intxauspe
RPR (Donibane Garazi, 1925—2011)
Aita bezala politikari eta bankari izan zen aldi berean. Pirinio Atlantikoetako diputatu aritu zen 1967 eta 2002 artean, bi urtean soilik huts eginik, eta kontseilari nagusi 54 urtez (1960-2004). Itsasos Haraindiko Departamentuen estatu idazkaria ere izan zen 1968 eta 1969 artean. Familiaren bankua zena bitan zatitu zuen anaiarekin, eta berak kudeatu zuen BAMI Banque Michel Inchauspé.
Francisco Jose Iribarren Fentanes
UPN (Agoitz, Nafarroa, 1960)
Deustuko Unibertsitatean ikasi zituen Ekonomia eta Enpresa Zientziak. Eta Nafarroako Unibertsitatearen IESEn egin zuen Enpresa Zuzendaritzako masterra. 1987an Antolakuntzako teknikari bezala funtzionario postua lortu zuen Nafarroako Gobernuan. 1996an ekonomia gaietarako aholkulari gisa hasi zen lanean UPNrekin, presidentearen kabinetean. Hiru urte geroago Ekonomia eta Ogasun kontseilari izendatu zuten. Caja de Ahorros de Navarra SA eta Caja de Ahorros Municipal de Pamplona SAren fusioa gidatu zuen batzordeko kidea izan zen. Gobernuko ordezkari gisa CANeko, Sodenako eta Canal de Navarra SA sozietate publikoko kidea izan zen. 2003an Gobernuaren Lehendakariordetza hartu zuen. 2007an utzi zuen politika instituzionala. Harrezkero Grupo Empresarial Enhol SLn aritu da lanean —energiaren esparruan; energia hidraulikoan, eolikoan, termosolarrean eta biomasarenean aritua da—, zuzendari postu batean. Nafarroako Ubidearen lehen zatia kudeatzen duen Aguacanal SA enpresako arduradunetako bat ere izan da. Iaz, gainera, Nafarroako Gobernuak datozen urteetan egingo duen obra publiko handienetako bat irabazi zuen berak parte hartzen duen beste enpresa batek: Aguas de Navarra SA. Iribarren zuzendari nagusia da azken enpresa horretan, Sociedad de Aguas de Barcelona SA (Agbar) enpresaren ordezkari gisa —Aguacanalen ere Agbar ordezkatzen du—. OHL eraikuntza enpresa du bazkidea. Nafarroako Gobernuak, bestalde, CANeko Administrazio Kontseilurako aukeratu zuen 2012an.
Nuria Iturriagagoitia Ripoll
UPN (Bartzelona, 1962)
Ekonomia eta Enpresa Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, eta Nafarroako Unibertsitateko IESEn Zuzendaritza masterra egin. Amortiguadore enpresa batean hasi eta Iruñerriko Mankomunitatearentzat lanean jarraitu zuen. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle eta kontularitza aholkularitza bat ere gidatu zuen. 1999 eta 2003 artean egin zuen politika instituzionalean bidean: Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria izan zen. 2009an NH Hoteleseko kontseilari izendatu zuten, eta ia lau urte egin zituen administrazio kontseilu horretan. Horretaz aparte, finantza eta energia gaietan aurkitu du ogibidea: Grupo Ezentis SAko kontseilaria eta Bestinver SAko presidentea —Acciona taldearen filial bat— Acciona Solar Power USAko kontseilaria izan da, besteak beste.
Juan Ramon Jimenez Perez
UPN (Iruñea, 1957)
Ekonomia ikasketak Deustuko Unibertsiatean egin zituen. Banco Atlanticoren Iruñeko sare komertzileko buruzagia izan zen hamar urtez, eta 1983tik 1989ra Iruñerriko Mankomunitateko Planifikazio eta Kontroleko zuzendari izan zen. Urte hartan sortu zen EHN eta enpresa publiko horretako finantza zuzendaria izan zen bi urtez. 1991n, UPN boterera ailegatu zenean, Industria kontseilari izendatu zuten, baina Jose Cruz Perez Laparazaranek kontseilari izateari utzi ostean, Ekonomia kontseilari izendatu zuten. Legealdi bat iraun zuen soilik gobernuko kargu garrantzitsu horretan. Gero, enpresa pribatura itzuli zen, eta haize erroten esparruan ibili zen urte luzez: Gamesa Eólica SLn 1996tik 2007ra eta Mtorres Diseños Industriales SAn 2007tik 2013ra. Egun, Kalbiosu SL enpresako zuzendari nagusia da.
Angel Larrañaga Bolinaga
EAJ
Deustuko Unibertsiatean Zuzenbidea ikasi eta, besteak beste, Debagoieneko ospitaleko kudeatzailea izan zen 1975etik aurrera. 1980an Sailburuordetza baten ardura hartu zuen Eusko Jaurlaritzan, bi urtez, eta 1984tik 1985era Osasun sailburua izan zen. GBBko presidentea ere izan zen, baina, EAJren zatiketa eta gero, alderditik kanporatu egin zuten. EAn, Gipuzkoako presidente izan zen, eta 2000. urtean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean Administrazio eta Zerbitzu sailburuorde kargua hartu zuen. Jarduera publikoaz aparte, ordea, enpresa askotan esku hartu du urte horietan zein azkeneko hamarkadan. Besteak beste, Joseba Arregirekin eta Jose Antonio Maturana sailburu ohiekin Bruesa eraikuntza enpresan parte hartu zuen. Gruexva proiektuaren parte ere izan zen, Arregirekin —Kuban inbertsio handi bat egitekotan ibili zen enpresa talde hori 1990eko hamarkadan—. Horrez gain, Larramundi Gestion Empresarial SL, Benur Marketing SL, Promociones Residenciales I-par SA, Mecanizaciones Alavesas SL eta Instalaciones y Equipamientos Asistenciales SA enpresetako administrazio kontseiluetan ibilia da, besteren artean.
Jose Luis Larrea Jimenez de Vicuña
EAJ (Elgoibar, Gipuzkoa, 1956)
Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Donostian, Deustuko Unibertsitatean, eta bertan aritu izan zen irakasle. 1980an, Eusko Jaurlaritzan hasteko utzi zuen lan hori. Hezkuntza Sailburuordetzako kabinete burua izan zen. Sail horretan aritu zen, ardura diferenteetan, 1987an Ogasun eta Finantza sailburuorde izendatu zuten arte. 1991n sail horren buru izendatu zuten, 1995 arte. Politika instituzionala utzita, Ibermatica SAko eta Euskaltel SAko presidente karguak hartu zituen bere gain —Euskaltelen lehen bultzatzaileetako bat izan zen—. 1999an utzi zuen Euskaltel, Ardanza izendatu zutenean, eta 2013an utzi zuen Ibermatica, hemezortzi urteren ondoren. Orkestrako presidente, Circulo de Empresarios Vascos elkarteko juntakide, Deusto Business Schooleko eta Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluetako kide, Jakiundeko kide, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta Innobasqueko juntakide ere bada. Zenbait liburu idatzi ditu berrikuntzari buruz. Banco Guipuzcoano SAko kontseilari eta akzionista ere bada, eta, Banco de Sabadelleko filial bateko (Exel Broker de Seguros SA) presidente izan da 2009tik 2014ra bitartean.
Jon Larrinaga Apraiz
PSE-EE (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948)
Lovainako Unibertsitatean Ekonomia lizentziatua, BBVren Arrisku zuzendaria izan zen. ETAko kidea izan zen 1968 eta 1970 artean, eta 1981ean PCE-EPK-ko kide egin zen, Euskadiko Ezkerrarekin bat egitearen sasoian. 1986an Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten, Kepa Aulestiaren ordez; 1989an errepikatu egin zuen. EEko idazkari nagusi hautatu zuten 1991n, eta Eusko Jaurlaritzan Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburu ere aukeratu zuten. PSErekin bat egin ostean, Ekonomia, Planifikazio eta Ingurumen sailburu izan zen. Gerora zenbait enpresarentzat lan egin du, batez ere Aernnova Aerospace SArentzat eta Vitoria Industrial Air Park SArentzat. Aernnovan, Harreman Instituzionaletarako zuzendari izan da 2015eko apirila arte.
Angel Lasuncion Goñi
UCD (Bera, Nafarroa, 1946)
Industria Injeniaritzako ikasketak egin zituen Madrilen eta Bartzelonan. 1979ko hauteskundeetara aurkeztu zen UCDrekin. Presidenteorde izan zen lehen gobernu berezi hartan eta, FASA auziaren ondorioz, Jaime Ignacio Del Burgok dimisioa eman ostean, presidentea izan zen. Foru Hobekuntzaren negoziazioetan parte hartu zuen. UCDren gainbehera medio, politikan ibilbide motza izan zuen. 1983an, politika utzita, Banco Hispano Americanora itzuli zen. 1985etik aurrera, Unión Explosiva Río Tinto SAko zuzendaria izan zen, eta 1990etik aurrera, Obrascon Huarte Lain SA eraikuntza enpresako presidenteordea (egungo OHL). Sarrio SA eta Viscofan SAko presidente ere izan da. Egun, Inversiones Ripaburua SA arrisku kapitaleko sozietateko burua da.
Ricardo de Leon Egues
PP (Iruñea, 1944)
Filosofian eta Psikologian lizentziatua, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Gerontologia, zerbitzuen kudeaketa eta beste ikasketak ere egin izan ditu. Gizarte zerbitzuetan eta kooperazio kontuetan Nafarroako Gobernuarentzat lan egin izan du, zuzendari modura, konfiantzazko karguetan eta teknikari postuetan. Espainiako Gobernuan ere egin izan ditu aholkularitza lanak eta eduki ditu konfiantzazko karguak, gizarte zerbitzu publikoei lotuta gehienean. Nafarroako Unibertsitatean irakasle izan da, bestalde. Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatea, Kirola, Gazteria eta Etxebizitza kontseilaria izan zen 1991 eta 1995 artean. Nafarroako Gobernuaren ordezkaria ere izan zen Madrilen, 2001etik 2005era. Baina gobernuetan konfiantzazko karguak izateaz aparte, urte askoan Mensajeros por la Paz elkarteko presidentea eta Fundacion Humanismo y Democracia elkarteko patronatukidea eta koordinatzaile nagusia ere izan da (1994-2004). Fundazio hori ikertu egin zuen justiziak, Ogasunaren aurkako delitua, dokumentuak faltsutzea eta diru publikoak desbideratzea egotzita. De Leon akusatu zuten, diru laguntza batzuk ez zirelako iritsi helburu zuten proiektuetara —fundazioak 400.000 euro itzuli behar izan zizkio Nafarroako Gobernuari—. PPren ingurukoa, eta PPko kideek osatua da fundazio hori. La Clave kazetak “PPren lobby” deitu dio elkarte horri, eta egotzi dio Irakekin petrolio kontratuak egiteko tresna bat izatea —Javier Ruperez PPko kide, Espainiako enbaxadore eta fundazio horretako kideak, 1990eko hamarkada bukaeratik aurrera, Irakeko gobernuarekin akordioak egin zituela uste da, NBEren enbargoa aintzat hartu gabe—. Salaketak salaketa, orain berri arte atzerriko negozioetan aritua da De Leon: Blackwater Security Services SAko presidentea izan da 2009ko urtarriletik iazko maiatzera. Natura de la India SL enpresako kontseilari ere aritu da iaz arte. MTS Tobacco SA enpresako kontseilari ere izan zen, 2007 arte.
Nuria Lopez de Gereñu Ansola
EAJ (Eibar, Gipuzkoa, 1969)
Telekomunikazioetako Goi mailako Ingeniaritza ikasketak egin zituen. Osakidetzarentzat eta Vicomtech enpresarentzat lan egin zuen, besteak beste. 1998an Eusko Legebiltzarreko kide hautatu zuten. 2003an Landa Garapenerako diputatu izendatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta 2005ean Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu ere aukeratu zuten. Arlo publikoa utzita, Confebask enpresarien elkarteko idazkari nagusi izan da 2011ko urtarriletik 2014ko urrira. Aurten Tubacex SAko kontseilari egin dute. Via Promocion del Aeropuerto de Vitoria SAko kontseilari ere bada, 2013ko apiriletik.
Paulino Luesma Correa
PSE-EE (Gasteiz, 1949-Bilbo, 2014)
Deustuko Unibertsitatean irakasle aritu zen, bertan Zuzenbidea ikasi ondoren. 1987an hasi zen Eusko Legebiltzarrean parlamentari, eta 1991n Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu egin zuten. Baina laster utzi zuen kargu hori, eta urte berean Acenor SAren Administrazio Kontseiluko idazkari eta abokatu aholkulari hautatu zuten. 2004tik 2008ra, Espainiako Gobernuaren ordezkari aritu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gerora zenbait enpresatan parte hartu zuen: Grupo KPL 2012 SL, Henao Uno 2006 SL, Partners Internacionales 2011 SA —presidenteordea izan zen—... Bilbao Ria 2000 SAko Batzorde Exekutiboko kide ere izendatu zuten 2010ean. 2014an zendu zen, Bilbon.
Jose Miguel Martin Herrera
PSE-EE
Madrilgo Arkitekturako Goi Eskolan egin zituen arkitekto ikasketak. 1987an Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburu aukeratu zuten. Lau urtez aritu zen karguan, eta 1990ean legebiltzarkide akta ere hartu zuen, alderdikide bat ordezkatuz. Lau urte egin zituen sailburu gisa, eta gero kargu publikoak utzi zituen, nahiz eta 2011n, adibidez, Amezketako PSEren zerrendan aurkeztu zen. Arkitekto gisa kanpoko lan egin izan ditu, geroztik, udal askorentzat, tartean PSE-EEk berak agindutako zenbaitentzat (Andoain, Lasarte-Oria...). Kutxako bokal eta Bidegiko kontseilari ere izan da azkeneko hamarkadan. Baina eremu pribaturako jauzi handiena berriki eman du: 2013an Kutxabank SA bankuko kontseilari izendatu zuten; 2014tik, berriz, Kutxa Fundazioko presidenteorde ere bada.
Ignacio Javier Martinez Alfaro
UPN (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1955)
Bide, Kanal eta Portu Ingeniaritza ikasi zuen, Hidraulikan eta Energian ere sakonduta (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa), eta Nafarroako Unibertsitateko IESEn zuzendaritza master bat egin zuen. Riegos de Navarra SA sozietate publikoan lan egin zuen bederatzi urtez (1984-1993), gero Fomento de Construcciones y Contratas SArentzat lan egiteko, Iruñean, departamentuburu gisa. Politikan aritu zen sei urtez (1996-2003), Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilari modura. Kargu publikoa utzitakoan, Autovia del Camino SAren kontseilari ordezkaria da izendatu zuten; hamabi urte daramatza postuan.
Jose Antonio Maturana Plaza
PSE-EE (Donostia, 1948)
Gaztetatik PSOEko, Juventudes Socialistaseko eta UGTko kide izan zen. 1977an Espainiako Kongresurako aukeratu zuten diputatu. 1979an errepikatu zuen, baina 1980an utzi, Eusko Legebiltzarrera aurkezteko. Handik aurrera, sei agintalditan errepikatu zuen legebiltzarrean. 1991 eta 1994 artean, gainera, Etxebizitza eta Ingurumen sailburua izan zen, eta 1995 eta 1998 artean, Garraio eta Herri Lan sailburua. Kargu publikoak utzita, enpresa pribatuan hasi zen: 2001etik 2011ra Grupo Bruesa taldeko Dibertsifikazio zuzendaria izan da —PPren finantzaketa irregularra ikertzen ari diren auziaren barruan, Poliziaren txosten batek dio enpresa horren diruarekin erosi zuela PPk Bilboko egoitza—. Santanderko Garraioaren Hiria, Huescako multizineak eta Zaragozako eta Ibizako hirigintza berritzeko planak gidatu ditu, besteak beste. Bruesako zuzendaritzako kide edo aholkulari izan ziren beste politikari ohi batzuk ere: Juan Jose Zubimendi Gipuzkoako Diputazioko ahaldun nagusia, Angel Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa eta Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia.
Jose Cruz Perez Lapazaran
UPN; PPN (Madril, 1948)
Ingeniaritza Agronomoa ikasi zuen, eta 1974tik Espainiako Nekazaritza Ministerioko funtzionarioa da. Zaragozako Unibertsitatean eta NUPen irakasle aritu izan da. 1988tik 1990era Errioxako Gobernuko Nekazaritza zuzendari izan zen, eta 1991tik 1995era, Nafarroako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendietako kontseilaria. Nafarroako parlamentari izan zen gero, urtebetez, eta 1996an Madrilera joan zen: 1996tik 2004ra Kongresuan aritu zen; hurrengo zazpi urteetan, Senatuan; eta 2012tik berriz ere Kongresuko diputatua da. 2008an UPN utzi zuen, PPN sortzeko. Ordezkari politiko izan den bitartean, jakiak biltzeko estalkiak ekoizten dituen enpresa bateko kide ere izan da; Viscofan SA enpresako Administrazio Kontseiluan, zehazki (1998-2014). Urtean 120.000 euro inguruko diru sariak jaso ditu hor. Iaz utzi zuen enpresa hori, kontseilari independente batek enpresa batean egin dezakeen gehieneko denborara gerturatuta. Baina utzi eta bi astera enpresa horren Alemaniako filialeko kontseilari egin zuten (Naturin Viscofan GmbH).
Miguel Sanz Sesma
UPN (Corella, Nafarroa, 1952)
Irakasle eta Enpresa ikasketak egin zituen, eta Nafarroako Unibertsitateko IESEn zuzendaritza arloko programa bat ikasi zuen. Cintruenigoko Caja Ruraleko bulegoko buru izan zen. UGTko kide izan arren, UPN-n afiliatu zen, eta 1980ko hamarkadan Corellako alkate izan zen bi legealditan. 1983tik parlamentari, Juan Cruz Alliren gobernuan lehendakariorde izan zen, eta hiruko gobernuaren hausturarekin Gobernuko Lehendakaritzara heldu zen, 1996an. Geroztik, politikaren lehen lerroa utzi arte, UPNko presidente (1996-2009) eta Gobernuko lehendakari izan da (1996-2011). Botere politikoaz gain, botere ekonomikoa izan du, Nafarroako Kutxako presidente ere izan baitzen 2010era arte. Politika utzi ostean, Audenasako (Autopistas de Navarra SA) presidente izan da, gobernu berriak kargutik kendu duen arte. Gainera, Bodegas de Sarria SAko presidentea da; han, administrazio kontseiluan, alboan ditu, besteak beste, Enrique Goñi eta Ricardo Marti Fluxa. Bere seme batek sortutako enpresa bateko kontseilari da 2012tik (Fineco Estudios Navarra SL), eta Truck & Wheel Logistics SA enpresako kontseilari ere egin zen urte berean.
Fernando Spagnolo de la Torre
EAJ (1948)
Zuzenbidea eta ingeniaritza ikasi zituen, 1985etik 1989ra Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua izan zen, eta, horren ostean, Kutxan egin zuen ibilbide profesionala. Hamabi urtez izan zen banku horretako presidentea, 1992tik 2004ra. Ez dago askoz ere informazio publiko gehiago Spagnoloren biografiari buruz. Gipuzkoako bankuaren buru zela, 2011n, Banco de Madrid SA erosi zuen Kutxak. Spagnolok presidente kargua 2004an utzi zuen arren, Banco de Madrideko apoderatua izan da 2012ko apirila bitarte —2011n saldu zuen Kutxak—. Euskaltel SAko eta CAF SAko administrazio kontseiluetan ere parte hartu izan du.
Pedro Luis Uriarte Santamarina
EAJ (Bilbo, 1943)
Deustuko Unibertsitatean Zientzia Ekonomikoak eta Zuzenbidea ikasi zituen. General Electricentzat eta Crown Cork Companyrentzat lan egin ondoren, Banco de Bilbaon hasi zen lanean 1973an. 1980an enpresa mundua utzi, eta Carlos Garaikoetxearen aginduetara jarri zen. Eusko Jaurlaritza berriko lehen Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zen, eta kontzertu ekonomikoa negoziatzeaz arduratu zen lan taldeko buruetako bat. 1984an utzi zuen politikagintza, Banco de Bilbaora kontseilari bihurtuta itzultzeko. 1988an Banco de Bilbaoren eta Banco de Vizcayaren bategitea gidatu zuen taldeko kideetako bat izan zen. BBVko kontseilari ordezkari izendatu zuten 1994an, eta presidenteorde 1997an. BBVA sortu zutenean, 1999an, presidenteorde karguari eutsi zion. Horrez gain, Telefonica SAko administrazio kontseiluko presidenteordea izan zen 1999tik 2002ra. Erretiroa hartu zuen 2001ean, baina lanean jarraitzen du; 2002an Economia, Empresa, Estrategia SL aholkularitzarako sozietatea sortu zuen, eta enpresa askotako administrazio kontseilutarako izendatu dute azkeneko hamarkadan: Panda Security SL, Tecnicas Reunidas SA, Telecomunicacoes de Sao Paulo SA, Tubacex SA, La Rioja Alta SA, Parques Reunidos SA... Novacaixagaliciaren kanpo aholkulari gisa ere hartu zuten 2011n, Innobasqueko lehen presidentea izan zen 2007an, eta Unicef Españako patronoa ere bada 2010az geroztik. Datua: Tecnicas Reunidas enpresak Uriarte fitxatu zuen aldi berean hartu zuen William Blaine Richardson, Nuevo Mexikoko Estatu gobernadore izandakoa.
Luis Zarraluki Ortigosa
UPN (Iruñea, 1955)
Nafarroan, ate erroten eredu paradigmatikoa da UPNko egungo parlamentaria. Liman (Peru) jaio zen, 1955ean. 1981etik hamar urtez Nafarroako Unibertsitatean Arkitektura eta Hirigintzako eskolak eman zituen, baina 1986tik, funtzio publikoko postuarekin partekatu zuen. Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendu eta Hirigintza zerbitzuko funtzionario izan zen. UPN gobernura iristearekin batera, postu politikoa erdietsi zuen eta Lurralde antolamenduko zuzendari izan zen. Izen desberdinekin bada ere, postu erabakigarri horretan izan zen hamabi urtez. 2003ko legealdian, ate errotak funtzionatu eta zuzenean Larcovi eraikuntza taldearen ipar-ekialdeko zuzendari gisa. Lau urte geroago MRA taldeko zuzendari teknikari izan zen. Burbuilaren eztandak bat egitearekin batera, bere funtzionario postura itzuli zen, eta 2012an, PSNk gobernua utzi eta jarraian, Yolanda Barcinak Sustapen kontseilari izateko deitu zuen Anai Astiz sozialista ordezka zezan. Bere postuan Gendulainen proiektua babestu zuen, besteak beste Larcovi eta MRA eraikuntzen mesedetan. Babes ofizialeko etxebizitzen prezioen kalkulurako irizpide berriak ere ezarri zituen, hori ere eraikuntza enpresen mesedetan. Egun, UPNko parlamentari da.
Idoia Zenarrutzabeitia Beldarrain
EAJ (Usansolo, Bizkaia, 1959)
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen, eta han bertan Soziologia Politikoa irakasten aritu zen. 1986 eta 1994 artean Eusko Legebiltzarreko parlamentari aritu zen. Eusko Jaurlaritzako Administrazioa Eraberritzeko Koordinazioko idazkari nagusi postua hartu zuen 1995ean, eta Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburu eta Jaurlaritzako lehendakariorde izendatu zuten 1999an. 2009an utzi zuen Jaurlaritza, PSE-EE gobernuaren kargu egin zenean. 2009an ez zuen bere burua aurkeztu Legebiltzarrera, baina 2011n Espainiako Energia Batzorde Nazionaleko kontseilari izendatu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak —EAJk horretarako proposaturik—; 2013an Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordean integratu zen Energiaren batzordea. Zeregin horretan jarraitzen du egun.