Hiesa eta sexu transmisioko infekzioen 2016ko planaren datuak aurkeztu dituzte gaur goizean Donostian; Jon Darpon Osasun sailburuak hartu du hitza Jaurlaritzaren izenean, eta ondoan izan du planaren koordinatzailea, Antonio Arraiza. Azaldu dute iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan GIBaren 158 kasu berri atzeman zirela. "2015ekoaren oso antzekoa da zifra", esan du Darponek. Infekzio berrien ia %80 gizonen artean atzeman dira, eta batez beste 39,1 urte dituzte. Azken urteotan atzeman duten joera bat argi ikusi dute iazko datuei begira ere, harreman homosexulak dituzten gizonen artean agertzen diren infekzioak gora doaz; lehengo urtean kasu berrien %44,3 era horretan hedatu ziren. Transmisio bide ohikoena, hain justu, horixe da.
GIBaren diagnostikoa berandu baino lehen egitea ezinbestekoa dela gogorarazi dute. Baina arazoak daude horretarako; iaz atzemandako kasu berrien %52,5, esaterako, beranduegi atzemandakotzat jo zituzten profesionalek. Horrek esan nahi du, pertsona horiek jada garatuta dutela hiesa, edo botikak hartuta ere, askoz ere zailagoa izango dela eritasuna saihestea. Gainerako kasuetan, ordea, botikei esker, pazienteak gaitzik ez garatzea lortzen da gehienetan.
"GIBa ez da desagertutako gaixotasun bat", ohartarazi du Darponek. Horregatik horren kontrako borrokan jarraitu behar dela esan du. Bide horretan alorreko gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana goraipatu du. Erakunde horietako bi ordezkari ere izan dira agerraldian: Euskalsida fundazioko presidente Marta Pastor eta Harribeltza elkarteko presidente Joseba Errekalde.