San Fermin jaietako lehen eguna eta lehen gaua igarota, hasi da sexu erasoen kontagailua igotzen: Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, bi neskak salatu dute ukituak egin dizkietela jai eremuan, eta foruzainek gizonezko bat atxilotu dute salaketa horietako batekin lotuta.
Udalak jaietarako prestatutako protokoloari jarraituz, Babes Zibilerako Batzordeak egunero emango du jasotako salaketen berri, eta horren araberako erantzuna antolatuko du mugimendu feministarekin koordinatuta. Atzo udalaren orientazio eta arreta judizialerako zerbitzuak eskaini zizkieten salaketa ipini zuten bi emakumeei. Egunotan gertatzen diren eraso guztien berri emateko eskatu dute, baita larritasun txikiagokotzat jo ohi diren ukitu eta irainak direnean ere.
Zarautzen, elkarretaratzea
Bestalde, Zarautzen (Gipuzkoa), dozenaka herritarrek gaitzetsi dute herenegun goizaldean hondartzan gertatutako bortxaketa. Bigarrena izan da bi asteko epean; bietan, neska adingabeek jarri dute salaketa. Atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten udalak deituta; bertan izan ziren, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Miren Elgarresta, Gipuzkoako Berdintasunerako foru diputatua. Hainbat alderdi politikok adierazi diote babesa deialdiari; besteak beste, EH Bilduk, PSE-EEk eta Ezker Anitzak. Mugimendu feminista ere atxiki zaio, baina deialdi berezia egin du biharko: eguerdian, indarkeria sexistaren aurkako giza katea egingo du Zarauzko hondartzan, Munoatik hasita. Herritik kanpokoei ere eskatu die parte hartzeko.
Zarauzko hondartza da, hain zuzen ere, herriko Sare Feministak behin baino gehiagotan salatu dituen gune ilunetako bat; udan, hazi egiten da eraso sexistak gertatzeko arriskua. Horiei erreparatu eta uda garairako «lanketa berezia» egiteko eskatu dio EH Bilduk Zarauzko Udalari: «Udalak prozesu parte hartzaile bat ireki beharko luke ostalari, jai batzorde nahiz turismo sustatzaileekin». Xabier Txurruka alkateak iragarri du Ertzaintzak «presentzia handiagoa» izango duela udan «gatazka guneetan, emakumeak lasai ibiltzeko gauez zein egunez».
Bi eraso sexista salatu dituzte sanferminetako lehen egunean
Poliziak gizonezko bat atxilotu du salaketetako baten haritik. Dozenaka lagunek gaitzetsi dute Zarautzen salatutako sexu erasoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu