Bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteei. Lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egitea egotzi die epaimahaiak, eta larrigarri jo du nagusitasun abusuz eta gorrotoz jokatu izana. Zortzi ziren akusatuak, eta zortziak zigortu dituzte.
Oihan Arnanzi eta Iñaki Abadi hamahiru urteko zigorra ezarri diete; hamabikoa Jokin Unamunori eta Adur Ramirezi, eta bederatzikoa Jon Ander Cobi, Julen Goikoetxeari eta Aratz Urrizolari. Ainara Urkijori bi urteko zigorra ezarri diote. Azken horri mehatxu delituak eta desordenak egotzi dizkiote. Gainerakoei, berriz, autoritatearen aurkako atentatu delituak eta lesioak leporatu dizkiete, eta Abad eta Arnanzi, baita desordena publikoak eragitea ere.
Halaber, 9.200 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dute, lesioengatik. Kalte moralengatik, berriz, 70.000 euroko ordaina zehaztu du auzitegiak. Epaileek frogatutzat jo dute gazteek Guardia Zibilarekiko mespretxuz jokatu zutela, "arrazoi ideologiko argiek" bultzatuta, baina zehaztu dute ez dela frogatu beren jardunak "helburu terroristak" zituenik edo ETAko kide zirenik.
Hala ere, "gertaeren larritasuna" aintzat hartu dute epaileek, eta delitu horiengatik ezar daitezkeen zigor gogorrenak ezarri dizkiete akusatuei: "XXI. mendean ezin da onartu zuzenbideko estatu demokratiko batean pertsona batzuei galaraztea askatasunez ibiltzeko aukera, guardia zibilak izate hutsagatik".
Jesus Eduardo Gutierrez Gomez epailea izan da txostengilea. Lau biktimen testigantzari sinesgarritasuna eman die, eta baztertu egin ditu defentsaren argudioak; ukatu du "taberna liskar bat edo eztabaida bat" izan zela: "Akusatuek erabilitako gogortasunak, bertan zegoen beste inork ez laguntzeraino, ahozko indarkeria giroak... erakusten du ez zela izan tirabira soil bat".
2016ko urriaren 15 goizaldean izan zen hainbat gazteren eta bi guardia zibilen arteko liskarra.
Altsasun, manifestazio handia
Epaia ezagutu orduko, haserrea adieraztera dei egin dute, Altsasuko udaletxearen aurreko plazan. Bel Pozuetak, Ramirez de Aldaren amak, hartu du hitza elkarretaratzera bildu direnen aurrean. Jasotako elkartasuna eskertu du, eta epaiak mendekua bilatzen duela salatu du:
Bel Pozuetaren hitzak @berriapic.twitter.com/oz7bnrL8eb
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2018(e)ko ekainaren 1(a)
Hasieran elkarretaratzea zena manifestazio bilakatu da azkenean. Herriko kaleetatik ibili da protesta, "Altsasukoak askatu", "gazteria aurrera" eta "Alde hemendik, utzi bakean" oihukatuz, besteak beste.
Gurasoak, "oso haserre"
Manifestazioa baino lehenago ETBrentzat ere hitz egin du Bel Pozuetak, eta "oso haserre" eta "oso minduta" azaldu da: "Gure seme-alabekin jolasten ari dira". Agindu du "kalean" jarraituko dutela, auzia salatzeko, eta Europako auzitegietara jotzeko prest azaldu da: "Mendeku sententzia bat da". Gurasoek elkarretaratzera deitu dute gaur 20:00etarako, Altsasuko udaletxe aurrean.
Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten gazteak. Epaiketan, 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak. Akusazioak bat egin zuen Guardia Zibilaren tesiekin, eta argudiatu Altsasukoa "intentsitate apaleko terrorismoa" dela. Gurasoek "kezka" agertu zuten erabakia "neurrigabea" izan zitekeelako, eta ohartarazi zuten horrek ateak zabal ditzakeela etorkizunean ere zenbait ekintza terrorismotzat jotzeko.