Bi galdera, hamaika aukera

jon olano
2013ko abenduaren 12a
18:38
Entzun

Bi atal izango ditu Kataluniako Gobernuak 2014ko azaroaren 9an egin nahi duen erreferendumak, gaur Artur Mas Kataluniako presidenteak jakianarazi duenez. "Katalunia estatu bat izatea nahi duzu?" eta "Katalunia estatu independente izatea nahi duzu?" izango dira galderak. Bi ataletako galderak emaitza ugari azaleratzea ahalbidetuko du Katalunian, eta erreferenduma bera egiteak ere sor ditzake aldaketak Kataluniaren etorkizuneko estatus politikoan.

Erreferenduma egitea. Erreferenduma egiteak berak izan ditzake lehen ondorio politikoak. Legez jarraitu beharreko urratsak eginda bideratu nahi dute erreferenduma erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek; alegia, Espainiaren oniritziarekin. Espainiako Gobernuak, ordea, dagoeneko iragarri du ez duela galdeketa baimenduko. Espainiako Kongresuak jarreraz aldatu —bere kabuz edo, adibidez, Europako Batasunak hala behartuta— eta galdeketa ahalbidetuko balu, de facto aitortuko lioke Kataluniari autodeterminazio eskubidea. Bestalde, baimenik gabe Kataluniak galdeketa bururaino eraman eta egingo balu, subjektu politiko gisa bere burua autolegitimatzen ariko litzateke.

Katalunia erkidego gisa. Katalunia estatu izateko galderan ezezkoa nagusituz gero, Espainiaren parte izaten jarraituko luke egun erkidego denak. Edonola ere, erreferenduma egiteak berak izan lezake eragina Espainiaren lurralde egituraketan; erreferenduma eginda, jokaleku bat izan liteke Espainiaren autonomia estatuaren murrizketa bat —estatu zentralistago bat— edo Espainiako nazioekiko harreman eredu berri bat.

Independentziari baiezkoa. Lehen galderan baiezkoa erantzuten dutenek bozkatu beharko dute ea estatu hori independentea izatea nahi ote duten. Baiezkoak irabaziz gero, Kataluniak aldebakarreko independentzia aldarrika lezake. Nazioarteko aitortzaren borrokari heldu beharko litzaioke gero. Nazioarteko Justizia Gorteak 2010ean ebatzi zuenez, Kosovoren aldebakarreko independentzia ez zen legez kontrakoa izan, eta horri hel liezaioke Kataluniak.

Estatua bai, independentea ez. Lehen galderari baietz baina bigarrenari ezetz erantzuten diotenek irabaziz gero, estatu bilaka liteke Katalunia, baina Espainiarekiko loturak mantenduko lituzke. Zein estatus izan dezake Katalunia ez independente batek?

Asoziazio askeko estatua. Nazioarteko zuzenbideak Nazio Batuen Erakundearen 1514 ebazpenaren bidez ezartzen du estatu batek beste batekin asoziazio askea osatzeko aukera. Puerto Rico eta Amerikako Estatu Batuen artekoa da munduan eredu horren adierazle nagusia, baina aintzat hartzekoa da deskolonizazio prozesu baten testuingururi erantzuten diola Puerto Ricok.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2003an onartutako estatutu proiektuan proposatu zuen, hain zuzen, estatus eredu hori. Testuan jasotzen zuen Espainiak eta EAEk lankidetzan jardun beharko zutela, eta ez batak eta ez besteak ezingo zuketeela “alde bakarreko erabakiz ezarriko beste aldeak nahitaez bete beharreko hertsatze-neurridun lege xedapenik”. EAEko herritarrek bi naziotasun —EAEkoa eta Espainiakoa– izatea proposatu zuen Jaurlaritzak.

Estatu federala. Espainiako Konstituzioa aldatzea proposatu dute PSCk eta PSOEk, estatu federal bat osatze aldera. Kasu horretan, subjektu politiko —adibidez, estatu— subiranoek sor dezakete egitura federal bat. Eredu horretan, jatorrizko subjektuek eskumen batzuk uzten dituzte egitura federalaren esku; behetik gorakoa da egituraketa. Kontrakoa da, ordea, autonomia estatuan. Eredu honetan, Espainia eta Katalunia subjektu politiko bereiztuak izango lirateke, eta estatu federal horrek botere antolaketa “multizentriko” bat izango luke.

Egitura konfederala. Kataluniak, estatu gisa, sor lezake egitura konfederal bat ere beste estatu batuekin. Estatu federalarekiko desberdintasun nagusietako bat zuzenbidean datza; zuzenbide konstituzionalak arautuko luke estatu federala; nazioarteko zuzenbideak, berriz, egitura konfederala. Estatuek erakunde konfederal bat osatuta, ez lukete estatu berri bat sortuko, eta horiek adostutako hitzarmenen bidez arautuko lirateke haien arteko harremanak.

Galdera bi egingo ditu beraz Kataluniako Gobernuak, baina hamaika erantzun izan ditzake prozesuaren helmugak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.