Ezbeharrak

Bi hildako utzi ditu igandeak errepideetan

52 eta 56 urteko bi gizonezko hil ziren atzo, Azkoitian eta Berastegin, hurrenez hurren. Lau hildako utzi ditu asteburuak errepideetan.

Ertzain bat lanean, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
2023ko azaroaren 12a
17:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Igande gorria izan zen atzokoa errepideetan. Istripu lazgarria gertatu zen 11:30ean Azkoitiako (Gipuzkoa) Aizpurutxo auzoaren parean, GI-631 errepidean: 52 urteko moto gidari bat errepidetik atera eta erori zen, eta atzetik zetorren autoak harrapatu zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren arabera, larrialdi zerbitzuak bertaratu eta saiatu ziren gizona berpizten, nahiz eta ez zuten lortu. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa ikertzeko. Errepidea itxita izan zuten 14:00ak aldera arte.

Gipuzkoan ere, 56 urteko gizonezko bat hil zen atzo 17:15 aldera Berastegi parean, GI-2130 errepidean, Segurtasun sailak jakinarazi zuenez. Larrialdi zerbitzuak gidaria suspertzen saiatu ziren, emaitzarik gabe.

Larunbatean ere emakume bat hil zen Forondako (Gasteiz) sarreran, auto batek harrapatuta. Gertakariak N-622 errepidean izan ziren, bitan banatzen den puntuan: Arriagaren eta Zadorra etorbidearen artean. Ertzaintza ezbeharraren zergatiak ikertzen ari da. Ostiralean, 28 urteko moto gidari bat hil zen gauean Zornotzan (Bizkaia), N-634 errepidean. 21:30ean jaso zuten larrialdi zerbitzuek moto horren eta auto baten arteko ezbeharraren abisua. Sendagileek hor bertan artatu zuten moto gidaria, baina hil egin zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.