"Harritzarrak" mugitu nahi zituzten, eta indarra egin dute behintzat. Urteroko legez, milaka lagun elkartu dira euskal presoen eskubideak defendatzea galdegin eta horien sakabanaketa amai dadila eskatzeko. Aurten, ordea, bitan banatu dituzte indarrak; 8.000 lagun inguru elkartu dira Baionan, eta 70.000 bat Bilbon, Udaltzaingoaren arabera.
Batasunaren eta aniztasunaren irudia azaleratu dute bietan. Bilbon, manifestazioaren buruan joan dira, besteak beste, Juan Mari Olano preso ohia, Rosa Rodero ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna, Gemma Zabaleta PSEk zuzendutako Jaurlaritzako sailburu ohia, David Fernandez CUPeko diputatu ohia eta Anna Gabriel CUPeko diputatua... Baionan ere kolore politiko ugaritako ordezkariak izan dira martxan.
Zabaleta izan da Bilboko manifestazioa hasi aurretik hitza hartu dutenetako bat: "Uste dut beharrezkoa dela antzinako espetxe politika aldatzea". Haren esanetan, "bakearen garaia" da egungoa, eta horregatik behar da "espetxe politika berri bat".
17:00etan jarria zuten ordua, eta Baionakoa abiatu da Bilbokoa baino lehenago. Izan ere, Bizkaiko hiriburura sartzeko arazoak izan dituzte hainbat autobusek, eta 17:30era atzeratu dute hasierako ordua. Baionara heltzeko, Behobian izan dute oztopo nagusia, Frantziako Poliziak kontrola ezarri baitu bertan. Batean zein bestean, Mirentxin furgonetek eta presoen senideek izan dute protagonismoa; bidea irekitzeko Baionan, manifestazioaren artean igarotzeko Bilbon.
Xaho kaian amaitu da Baionako martxa, eta udaletxe aurrean Bilbokoa. Amets eta Maialen Arzallus aritu dira bertsotan lehenengoan, eta Julio Soto eta Alaia Martin bigarrenean. Amaierako hitzartzean, Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok gogorarazi dute lau urte igaro direla ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik, eta salatu ordutik ez dela espetxe politika aldatu. Hidalgok azpimarratu du ez dela beharrezkoa legerik aldatzea espetxe politikan urratsak egiteko, eta eskakizuna giza eskubideak errespetatzea dela gogorarazi du Euzkitzek: "Gobernu baten politika ezin da oinarritu mendekuan".