Bi milatik gora lagunek salatu dute Martinen aurkako auzia Baionan

Aurore Martin Batasuneko kidearen espainiaratzeko nahia gaitzetsi dute eragile ugarik deiturik

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Jende andana bat, larunbata kontsumitzen. Espaloiaren ondoan, bidetik ibilki, lasai baina konbentzitua, 2.000tik gora pertsona, Euroagindurik ez! banderolaren gibelean. Aurore Martin Batasuneko kidearen aurka dagoen euroagindua gaitzesteko dira guztiak bilduak. Horien artean, Batasuna, AB, EA, Europe Ecologie-Berdeak, NPA, PS, PCF, Parti de Gauche, Giza Eskubideen Liga, Askatasuna, Segi, LAB, ELB, Bizi, Sud-Solidaires, EHZ, Anai Artea, Cimade, CGT, FSU (Baionako adarra), CFDT (Ipar Euskal Herriko adarra), Attac, Libertat eta beste.

Kontrasteak kontraste, Martin ez espainiaratzea eskatzen dutenen kexa denek entzuteko beharra nehoiz baino ezinbestekoagoa da, Francis Charpentier, Solidaires batasun sindikaleko ordezkariak adierazi zuenez. Manifestaldira hurbildu ez zirenei ere zuzendua zela manifestaldia zehaztu zuen: «Biziki larria da ez hemen izatea. Aurore Martin espainiaratzen badute, horren ondotik, militante politiko eta sindikal guztiak dira euroaginduaren mehatxupean izanen. Egun batez gure aurka itzulikatzen ahalko da, baita gaur hemen ez direnen aurka ere».

Anais Funosas Askatasuneko kidearekin batera, manifestaldia bururatzerakoan hitza hartu zuen Charpentierrek. Batek euskaraz eta besteak frantsesez, biek testu bera irakurri zuten. «Euroagindua eta salbuespenezko lege eta epaitegiak desagertu arte» segituko dutela adierazi zuten, «gure eskubide zibil eta politikoak errespetatu arte», gaineratuz. Bide batez, azken egun hauetan hazi den Martinen aldeko elkartasunaz poztu ziren. Funtsean, manifestaldian bertan ikusi zen hazte hori. Azaroaren 21ean izan zuten lehen manifestaldia eskaera berarekin. Orduan, 1.300 bat zen bildu. Orain, berriz, kasik doblea. Bi hitzorduen artean, Paueko auzitegiaren erabakia, Martinen espainiaratzearen onarpena. Orain, kasazio gortearen erabakiaren zain.

Manifestaldira hurbildu ziren eragileen artean, Charpentierren gisara, denek azpimarratu zuten espainiaratze horren atea ez dela ireki behar, adierazpen askatasunaren izenean, iritzi bat izatearen eskubidearen izenean, Jean Mixel Galant Azkarateko auzapeza eta Garazi-Baigorri herri elkargoaren burua, baina hor, bere izenean etorria: «Gauzak ez dira hobera ari. Mementoko giroa oso txarra da. Iruditzen zait funtsezko gauza zangopilatuak direla, erran nahi baita, jendearen libertatea, mintzatzeko libertatea, politikaren egiteko libertatea. Soberakina zait mementoan gertatzen dena. Espainiaren inposizioak nola Frantziak segitzen dituen. Hori iruditzen zait ezin dela onartu».

Demokrazia dela jokoan nabarmendu dute denek, Alice Leiziagezahar Europe Ecologie alderdiko ordezkaria Akitaniako kontseiluak bezala: «Hori uzten bada egitera erran nahi du demokraziarik ez dela gehiago», azaldu du Leiziagezaharrek.

Orotara, 160 bat hautetsi dira sostengua ekarria diotenak Martini eta euroagindua gaitzesten dutenak. Horri gehitu dakiokeFrantziako prentsak auzi honen inguruan agertu duen interes berezia.

Libération eta Rue 89-k egin aipamenei Le Canard Enchainé aldizkarirena gehitu da aste honetan. Sorj Chalandon kazetariak idatzi artikulua argitaratu du asteazkenean aldizkariak, zeina bururatzen baita: «Auzitegiaren erabakia baieztatzen badute, aski lukete ondoko aldianautobus bat jartzea joan-etorriak egiten, Baiona Ttipiko ezker abertzalearen ostatu eta Guardia Zibilaren galdeketa gelen artean».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.