Alabak lapurtu zizkietela pentsatuta, Jose Luis Arrondok eta Milagros Leozek salaketa jarri dute gaur goizean Iruñeko guardia epaitegian, haien familiako hainbat kiderekin batera. Horrela, kasuak instrukzio epaitegiaren esku daude orain.
Arrondorekin batera izan dira Raul eta Coro haren seme-alabak eta Cororen senarra. Haurra —Rebeca izenekoa— 1963. urteko urriaren 8an jaio zela azaldu zion Coro Arrondok duela hainbat egun BERRIAri. Hil horren 23a bitarte ospitalean egon zen ama, eta alaba ere ingresatu zuten, inkubagailuan. Urriaren 30ean gurasoek ez zuten han aurkitu, eta hil egin zela esan zieten.
Milagros Leozekin batera izan dira epaitegian haren alaba Milagros Perez Leoz eta Mari Jose Perez Leoz. Arrondoren kasuan bezala, ustezko lapurreta 1963. urtean izan zen. Amak bikiak izan zituen, eta hil egin zirela esan ondoren, ez zioten alabak ikusten utzi.
Bi familiek salatu dute arazoak izan dituztela hilerriko informazioa lortzerakoan, Udalak ez baitie horretan lagundu.
Orain arte instrukzio epaitegian haur lapurtuen bi kasu aztertu dituzte, eta biak itxi egin dira. Nafarroako Fiskaltzak, bestetik, bost kasu ikertu ditu. Horietako lau itxi egin dituzte, eta bestea Gipuzkoako Fiskaltzara bideratu dute.
Haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea osatzea erabaki berri dute Nafarroako Parlamentuan.