Sei ordu baino gehiago eman ditu eztabaidan herri epaimahaiak —bederatzi lagunek osatua da—. 10:00ak aurretik hasi dute eztabaida, eta 16:00ak ondoren eman dute epaia.
Hilaren 12an hasita, bi astez egin dute Nicolas Bonnemaisonen aurkako bigarren epaiketa. Zazpi pertsona pozoiturik hiltzeaz akusatua izan da berriz. Zigor kodearen barruan sartzen den akusazioa da.
Zazpi hilketa akusazio zituen, baina bakar batengatik zigortu dute: Françoise Iramuno andrearen kasuagatik. Hain zuzen ere, emakume horren sendia akusazio gisa aurkeztua zen epaiketan.
Epaimahaiaren aurreko deklarazioan, hasieratik defenditutako tesiari eutsi zion medikuak: ez zituela gaixoak hil nahi, baizik eta haien sufrimendua arindu nahi zuela. “Ezin dugu besoak gurutzaturik goaitatu eriak hiltzea. Ezin ditugu eriak hiltzen utzi haien sufrimendua baretzeko parada izanik”.
Beste giltzarri bat ere badago: zergatik ez zion inori jakinarazi gaixoei botikak emateko erabakia. Lantaldeari dagokionez, haiek “babesteko” hartu zuen erabaki hori. “Pentsatzen nuen talde paramedikalak, hots, erizainek eta laguntzaileek, gaizki bizitzen ahal zutela biziaren bukaera den bezalako muturreko kasu bat. Sedazio bat plantan ezartzen dudanean, iruditzen zait medikuari dagokiola bere gain hartzea”.
Gaixoen senideei ere ez zien eman erabakiaren berri. “Familietan ikuspuntu ezberdinak egon ohi dira, eta erabaki horretan parte hartzeko eskatzea pisu sobera ematea iruditzen zitzaidan”.
Bigarren epaiketa
Iazko ere epaitu zuten Bonnemaison, eta eriak artatu zituela erabaki zuen Paueko krimen auzitegiko epaimahaiak. Gaixo horien sufrimendua arintzeko asmoarekin zuela azken uneko sedazioa erabili. “Ez da frogatu injekzio horien bidez eriak hiltzeko intentzioa zuenik”, epaimahaiaren ustez; Bonnemaisonek «fede onez» jardun zuela ere ebatzi zuen.
Prokuradoreak, baina, ez zuen onartu erabaki hura, eta berriro epaitu dute medikua. Oraingo sententziari ere helegitea jartzeko aukera badute aldeek. Kasazio auzitegiak aztertuko luke.