POLITIKA

Bi urteko zigorra eskatu du fiskalak Amalur Mendizabal jo zuen ertzainaren aurka

2013ko irailaren 30ean jo zuen borraz ertzainak senatari ohia, Herrira-ren aurkako polizia operazioaren kontrako protesta batean zegoela. Gipuzkoako Epaitegiko fiskalaren zigor bera eskatuko du akusazioak.

Amalur Mendizabal, 2013ko irailaren 30ean, burua odoletan zuela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko uztailaren 21a
08:48
Entzun

Herrira-ren aurkako operazioan, Guardia Zibila Hernaniko egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak hartu zituen inguruak. Jende ugari elkartu zen protestara, eta ertzain batek borraz jo zuen buruan Amalur Mendizabal orduan Amaiurreko senataria zena. Emakume bat babesten ari zela eta senatari txartela erakusten ari zela jo zuten; buruan bost zentimetroko ebakia egin zioten, eta zortzi puntu eman zizkioten.

Egun batzuk geroago, salaketa aurkeztu zuen Mendizabalek. Iazko irailean, auziarekin jarraitzea eta ertzain bat inputatzea erabaki zuen Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak. Orain, ahozko epaiketa egiteko eskatu du fiskalak, ertzainarentzat bi urteko zigorra galdegitearekin batera. Lesio delitu bat egotzi dio, eta larrigarritzat jo du langile publikoa izatea; aldiz, aringarritzat jo du bere funtzioak gehiegi bete zituela. Gainera, fiskalak eskatu du ertzainak Mendizabali 3.600 euroko kalte-ordaina ordaintzeko.

Mendizabalek BERRIAri adierazi dio, "arrazonamendu desberdinengatik" bada ere, zigor bera eskatuko duela bere abokatu Iñigo Iruinek. Aitortu du "luze" egiten ari zaiola prozesua —bi hilabete barru dira hiru urte jo zutenetik—, eta azaldu du defentsak prozedura judizialeko pauso ororen aurka helegitea aurkeztu izana dela luzapen horren arrazoia. Hala ere, uste du "zortea" izan zuela Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea —mozal legea izenez ezaguna— indarrean sartu aurretik eraso ziotelako, gogoan izan baitu Ateak Ireki atariak argitaratutako bideo bat funtsezko froga izan zela. Eta erantsi du: "Zenbat gauza gertatuko diren ezin direnak frogatu...".

[Youtube]https://youtu.be/jL64lnOed-k[/Youtube]

Ertzainari diziplina espedientea ireki zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak senataria jo eta egun batzuetara. Estefania Beltran de Heredia sailburuak adierazi zuen litekeena zela ertzain horrek indarra eta defentsarako tresnak "modu desegokian" erabili izana, eta horregatik zabaldu zioten txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.