Gobernu berriak urtea betetzear zuela, ekainean, aldaketak egiteko asmoa iragarri zuen Uxue Barkosek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Euskalerria irratian egin zuen iragarpena: “Kontseilaririk ez dugu aldatuko. Bestelako karguetan... errebisio bat egin beharko dugu, urte bat pasatu ondoren”, zehaztu zuen. “Iraganeko erregimenarekin lotura duten goi kargudun asko daude?”, galdera egin zion Juan Kruz Lakasta kazetariak, eta halaxe erantzun zion lehendakariak: “Hori izan da Hezkuntza Sailean eta Osasunbidean kritika nagusia. Errebisatu behar, baina ez bakarrik sail horietan. Errebisio bat eginen dugu; urtebete pasa da, eta nik uste badela momentua”.
Hezkuntzan iritsi dira aldaketak, hain justu. Estebe Petrizanek eta Juan Ramon Elorzek ez dute agintaritza postuetan jarraituko, departamentuko iturriek baieztatu dutenez. Jose Luis Mendoza kontseilariaren albo-alboko bi karguak dira.
Petrizan Hezkuntzako zuzendari nagusia izan da orain arte. Orientatzaile izan zen aurreko urteetan, baina ibilbide politikoa ere egina du. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusia izan zen 1988tik 1991ra, eta EAko parlamentari ere izan zen. Haren ordezkoa Roberto Perez izango da. Hain justu, Petrizanen zuzendaritzapean egon da orain arte Perez, ebaluazio zerbitzuaren buru.
Elorz Unibertsitateetako eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari izan da orain arte. Haren izendapena kritikatu egin zuten sindikatu abertzaleek, UPNren garaian ardura postuak eduki baitzituen Elorzek Hezkuntza Departamentuan —2007tik 2015era, adibidez, ikuskarien burua izan zen—. Haren ordezkoa Nekane Oroz izango da; Unibertsitate eta Hezkuntza Teknologien Zerbitzuaren arduraduna da orain, Elorzen zuzendaritzapean. Euskararekin lotutako hainbat lan eginak ditu Orozek.
Bihar egingo du asteko bilera Nafarroako Gobernuak, eta orduan onartuko dituzte aldaketak.