Iragan asteazkenean hil zen Arkaitz Bellon Elorrioko euskal presoa Puerto de Santa Mariako espetxean. 72 ordu geroago, bisitan joan zaizkie senideak espetxe horretan dauden euskal presoei. Ohi baino gutxiago joan dira, eta ezohikoa izan da bidaia; Bellonen heriotza besterik ez dute izan ahotan.
"Triste" eta gertatutakoa sinetsi ezinik daude Puerto I-eko espetxean dauden euskal presoak, Leizuri Agirrek azaldu duenez. Agirre Jokin Zerain presoaren bikotea da, eta aitortu du kolpe gogorra izan dela presoentzat Bellonen heriotza. "Barneratu ezinik" daude oraindik.
Bellonen ziegaren ondoan dago Zerain. Ez ondo-ondoan ere, horien artean ziega baten edo biren arteko tartea uzten baitute, Agirrek azaldu duenez. Presoek Bellon agurtzeko aukera izan zutela zabaldu bada ere, hori gezurtatu du Agirrek: "Bi modulutan daude euskal preso politikoak, eta elkartu egin zituzten. Baina ez zuten Arkaitz ikusteko aukerarik izan".