Bide baketsuen alde «azken urratsa» egiteko eskatu dio PSE-EEk ezker abertzaleari

ETAk armak uzteko erabakia irmoa ez den bitartean, «estatuaren erreakzioak» ez direla etengo uste du EAJk

jon olano
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak bide politikoen aldeko apustua egin duela aitortu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak, baina egindako bidean «azken urrats bat» egitea falta zaiola uste du. Pastorren arabera, ezker abertzaleak indarkeriarekiko lotura hautsi nahi du, baina hori «benetan» egin behar dela argudiatu du, «ekintzen bitartez».

Ezker abertzalea legezkoa izatea «ona» izango litzateke Pastorren ustez, eta ziur da «demokrazia eskuzabala» izango dela harekin bat egiten dutenekin. Espainiako legediak jarritako «baldintzak» bete beharko lituzke betiere. Pastorrek berak argitu duenez, baldintza horiek betetzeko bi bide ditu ezker abertzaleak: ETA desagertzea —«argi dago ez dela horrelakorik gertatu»—, edo, esplizituki, ETAtik aldentzea.

Ildo bereko adierazpenak egin ditu Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako barne ministroak: «Ezker abertzaleak legezko alderdi bat nahi badu, bi formula ditu: ETA armak uzteko konbentzitzea, edo harekin haustea». Gogorarazi du «Batasuna legez kanpo badago auzitegiek ETAren parte zela erabaki zutelako» dela.

Ezker abertzaleak «urratsak» egin dituela aitortu arren, Espainiako Gobernuaren estrategiak orain artekoa izan behar duela uste du Ramon Jauregi Espainiako presidentzia ministroak, eta estrategia horren barruan sartzen ditu «jazarpen poliziala» eta ezker abertzaleari politikan jarduteko debekua, «biolentzia erabat uzten ez den bitartean».

EAJ, mesfidati

Josu Erkoreka EAJko Espainiako Kongresuko eledunak zalantzak ditu ETAren borondatearen inguruan: «Hau indarkeriaren behin betiko amaiera balitz, armategiak non dituzten eta armak noiz, nola eta zergatik uzten dituzten argituko lukete». Erabakia irmoa ez den bitartean, «estatuaren erreakzioak» ez direla etengo gaineratu du Erkorekak.

Mesfidati egoteko arrazoi gehiago aurkitzen ditu Erkorekak ETAk su-etena iragarri zuen agirian: «Zigiluan, ETAren irudi historikoa agertzen da, Bietan jarrai estrategia babesten duena, sugearena eta aizkorarena. Bi bideetan jarraituko duten mezu argia da hori». Bestalde, ezker abertzalearen eta Espainiako gobernuaren artean kontaktuak daudelakoan dago. Hori uste du Erkorekak, PSOEren gobernuak publikoki gauza batzuk eta pribatuki beste batzuk esaten dituela adierazi baitzuen Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak.

EAJk eta Espainiako Gobernuak ETArekiko jarrera zorrotza izatea adostu dutela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.