'BIDEGI AUZIA'

Bidegiren auzian txosten bat aurkeztu du aldundiak, aurreko salaketak gezurtatzeko

Diputazioko teknikariek aztertu dituzte AP-1eko obrak, eta ondorioztatu dute ordainketak egoki eginda daudela. Aurreko legealdian egindako txostenak hutsune larriak dituela ohartarazi dute: neurketak oker eginda daudela, eta informazioa "ezkutatu" egin zutela.

AP-1 autobideko obrei buruzkoa da Bidegiren auzia. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urriaren 6a
08:55
Entzun

Bidegiri buruzko auzian beste urrats bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurreko gobernuak egindako salaketak ukatzen dituena. Urtarrilean txosten bat aurkeztu zuen Arlabango tuneleko obrei buruz, Bilduren gobernuak egindako txostenaren aurkakoa. Orain berdin egin du Basagoitiko lur biltegiari eta tuneletako hormigoiari buruz: aldundiko teknikariek egindako txosten bat bidali dio epaileari, aurreko gobernuaren txostenaren erabat aurkakoa.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak agerraldia egin du txostenaren berri emateko. Haren arabera, diputazioko teknikariek egiaztatu dute AP-1eko obretan egindako ordainketak zuzen daudela, ez zutela egin gabeko lanengatik ordaindu.

Bigarren kereilari dagokio aztertu duten salaketa. Bi alde nagusi ditu horrek: batetik, Basagoitiko lur biltegia, eta, bestetik, tuneletako hormigoi kopurua —Apotzagako, Izurietako eta Gurutzetxikiko tuneletakoa—. Lur mugimenduei dagokienez, aurreko gobernuaren salaketak dio paperetan esaten dena baino nabarmen lur gutxiago dagoela Basagoitiko biltegian, eta, beraz, egin gabeko lur mugimenduengatik pagatu zietela enpresei; 3,4 milioi euro aipatu zituzten. EAJren eta PSE-EEren gobernuak orain azaldu duenez, baina, tartean egindako lur mugimenduak ez zituzten kontuan hartu aurreko txostenean. Basagoitiko lur biltegia ez zegoen erabiltzeko moduan obraren hasieran, eta, beraz, “behin-behineko” lekuetan utzi behar izan zuten lurra hasieran. Oiarbideren arabera, lanak eten egin beharko zituzten bestela, “eta gastu handiagoa ekarriko zuen horrek”. Diputazioak dio lur mugimendu horiek guztiak ordaindu egin behar direla. Basagoitin esan adina lur ez egoteari buruz, azaldu dute obrako beste leku batzuetara eraman zituztela zati batzuk, tunel faltsuetara eta. “Lur guztiak daude edo Basagoitin edo obraren beste alderdi batzuetan”.

Tunelena da bigarren zatia. Egindako azterketen arabera, esandakoa baino hormigoi gutxiago dago tunelen jiran. Hamar milioitik gorako iruzurra zela esan zuen aurreko aldundiak. Oraingoaren arabera, ordea, neurketa horiek oker eginak daude, tartean-tartean egindako zundaketetan oinarritu baitziren. Lur-jausiak kontuan ez hartu izana ere egotzi diete aurreko txostenaren egileei. Apotzagako tunela jarri dute adibide: bi lur-jausi aipatu zituztela txostenean, eta 28 baino gehiago izan zirela. Luizi batzuen argazkiak ere erakutsi dituzte.

Aldundiaren txosten berriaren ondorio nagusia hau da: “Berrikuspen txosten honek ez du baliozkotzat jotzen kereilaren zati guztietan ageri diren argudioetatik bat bera ere”. Epaileari igorri diote txostena, hark erabakia har dezan kasuari buruz. Ebazpena zein den, Oiarbidek ez du baztertu aurreko diputazioko arduradunen aurka lege ekinbideak hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.