2007ko maiatzaren 27a. Foru eta udal hauteskundeak Hego Euskal Herrian. EAE-ANVren hautagaitzen erdiak legez kanporatuta —Nafarroako foru bozetarako zerrenda, horien artean—, eta ETA su-etena amaitzear zela egin zituzten bozak. 22 ordezkari eskuratuta, gehiengo absolututik gertu geratu zen UPN. PSNk 12, Nafarroa Baik 12, IUNk 2 eta CDNk 2. Emaitza horiek bi gobernu osatzeko aukera jarri zuten aurrez aurre: UPNrena, gutxiengoan, eta PSN, Nafarroa Bai eta IUNren koalizioarena. PSNren eskuan gobernagarritasunaren giltza.
Duela zazpi urte PSNk bizitako ataka estua, zirt edo zart abertzaleen eta UPNren artean erabaki beharrekoa, errepikatzear dagoela dirudi. PSOE Espainiako Gobernuan zela, eta 2008ko hauteskundeak ate-joka zituela, PPk estu hartu zuen PSOE, ETArekin lurraldetasunaren inguruan ados jarri zela leporatzeraino.
1997az geroztik agintean zen UPN gobernutik kentzeko nahiak, ordea, PSNko kideen babesa zuen. Alderdiko kongresuan, aldeko 104 boto eta kontrako bakarra jaso zituen NaBai eta IUNrekin koalizioa osatzeko aukerak. Sarasate eta Ferrazen interesak aurrez aurre, beraz.
Egoera horretan, Madrilek agindu zuen, eta PSNren hitza errespetatuko zuela esan zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak hitza jan zuen. Madrilek esandakoari men egin zioten Fernando Puras eta Carlos Chivite PSNko presidentegaiak eta idazkari nagusiak, eta, bozketa egunean abstentziora jota, Miguel Sanzen (UPN) presidente izendapena ahalbidetu zuten.
Hautsak harrotu zituen horrek PSN-n, eta Purasen eta Chiviteren dimisioa eskatu zuten sektore kritikoko hainbat kidek. PSNren gazte antolakundeko zuzendaritzak ere dimisioa eman zuen, desadostasuna agertzeko. Dimisioa eman zuen Purasek —Chivite 2008ko martxoaren 1ean hil zen, buruko hemorragia baten eraginez—, eta hiru ordezkari galdu zituen alderdiak 2011ko bozetan.
“PSOE Nafarroan ni naiz”
PSOE-PSN barnean, Madrilen eta Iruñearen arteko interesen sintonia falta azaleratu da berriro ere gaur, atzo Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak zentsura mozioaren aukera mahai gainean jarri ondoren.
Elena Valenciano PSOEko idazkariorde nagusiak ukatu egin du PSNk eta Bilduk zentsura mozio bat adostuko dutela: "Gu Bildurekin ez goaz inora, eta are gutxiago abentura politiko batera". Bestelako mezua ere jaso du Madrildik, ordea, Jimenezek. 2015eko Espainiako Hauteskundeetara PSOEk zein presidentegai aurkeztuko duen argitzeke dagoela,
Eduardo Madinak, hautagai posibleetako batek, uste du unea iritsi dela "bestelako gakoetan garai berri bat" abiatzeko.
Edonola ere, nabarmendu du erabaki hori PSNri dagokiola, eta hark ebatzi behar duela zer egin "denboran eta forman".
Ferrazetik datozen babes eta agindu mezuen artean, berea esan du gaur Jimenezek: “PSOE Nafarroan ni naiz”. Ikusteke dago Madrildik zein mezu nagusitzen den, eta Jimenezek Puras eta Chiviterena egiten duen.