Bideo batek auzitan jarri du Azkoitiko zaborra biltzeko sistema

Landa gune batzuetan, kamioi berera botatzen dute gaika bildutakoa. Birziklatze plantek atzera bota zituzten kutsatutako hondakinak. [youtube]https://youtu.be/y6DTFPSP0Kk[/youtube]

Samara Velte.
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zer esana eman du Azkoitian (Gipuzkoa) zabaldu den bideo batek: hondakinak biltzeko kamioi bat ageri da bertan, gaika bereizitako hainbat zaborrontzitako edukia nahastuta jasotzen. Zehazki, papera, organikoa eta ontzi arinak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Urola Erdiko Mankomunitateari egotzi dio hori erregulatzearen ardura; mankomunitateak, ordea, jakinarazi du Azkoitiko Udalak uko egin ziela iaz haren zerbitzuei. «Ardura udalaren esku geratu zen», azaldu du Aitor Bereziartua mankomunitateko presidenteak: «Guk ez geneukan horren berririk, ez diogulako jarraipena egiten Azkoitiko bilketari».

Argitu duenez, gaiak arazoak sortu ditu 2015eko uztailetik: «Abisua jaso genuen [birziklatze guneetatik], organikoa eta ontzi arinak kutsatuta iristen ari zirelako, eta horrela jarraituz gero ez zituztela hartuko ez Lapatxeko konpost plantan, ezta Legazpiko ontzi arinenean ere. Horregatik, 2015eko uztailean [udaletik] esan ziguten bereizita jasotzeari utziko ziotela arazoa konpondu arte». Mankomunitateak eta udalak «larrialdirako plana» onartu zuten: ordura arteko sistema mistoa eta bosgarren edukiontzia aldi berean edukitzea. «Baina organikoa eta ontzi arinak ezin genituenez Lapatxera eraman, zabortegira eraman behar genituen».

Udalak iaz erabaki zuen sistema mistoaren ordez bost edukiontzi jartzea, eta mankomunitatearen zerbitzuei uko egitea; Serbitzu enpresa kontratatu zuen haren ordez. Duela hilabete, egoera «bere onera» itzuli zen herrigunean: han, gai horiek bereizita jasotzen dituzte orain. Baina landa guneko zortzi lekutan —tartean bideoan ageri den Aizpurutxo auzoa— arazoak daude oraindik: «Batean ardi larrua agertu zen, bestean odola... Behartuta gaude kutsatuta agertzen diren zatiak errefusa gisa tratatzera». Bideoan, ordea, papera ere haiekin batera jasotzen dela ikusten da. «Serbitzu ez da adostu bezala lan egiten ari», uste du Bereziartuak.

Azkoitiko Ingurumen zinegotziak ez du gaiari buruz hitz egin nahi izan; gaur goizean egingo dute bilera bi erakundeek, eta gero egingo dituzte adierazpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.