Osasun sistemari eutsi. Hori egin nahi du Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak, Osasun Departamentuak prestatu erreformaren eskutik. Bideragarritasuna jo du Barcinak osasun zerbitzuen eredu berria proposatzeko arrazoi nagusitzat, plan hori jendaurrean aurkezteko Marta Vera Osasun kontseilariarekin egindako agerraldian.
Lehen mailako eta larrialdietako arretari dagokionez, zentroak lau motatan sailkatu ditu Osasun Departamentuak, eskaintzen duten zerbitzuaren arabera. Verak nabarmendu du eredu berria martxan jartzen denean osasun etxeek 08:00etatik 20:00etara irekiko dituztela ateak. Hori da aldaketa nagusietako bat. Bertzea, orain arte larrialdietako zerbitzua zuten landa eremuetako hainbat zentro halakorik gabe geldituko direla. Hau da, zenbait herritan medikuak eta erizainak jada ez dute larrialdietako txanda osasun etxean bertan eginen. Deia jasotzeko moduan egon beharko dute bakarrik. Neurri hori da landa eremuko zenbait alkateren kritika eta kezka piztu dituena.
Bertzalde, arreta espezializatuaren esparruan, lehentasunetako bat itxaron zerrendak hobeki kudeatzea dela erran du Verak. Hori lortzeko, zentroek eta ospitaleetako kirofanoek beren ordutegia zabalduko dute. Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Ospitaleko zerbitzuak bateratuko dituzte, halaber, eta eskualdeen arteko elkarlana bultzatuko dute.
Egungo egoera ekonomiko zaila aipatu du Barcinak, baina egindako aldaketak egoera horrekin zer ikustekorik ez du zehaztu du aldi berean. Are gehiago, eredu berriarekin orain ez dutela dirurik aurreztuko azpimarratu du Nafarroako presidenteak. Etorkizunari egin dio so. «Orain inbertitu behar dugu, epe luzera aurreztu ahal izateko».
Egungo krisia bazter utzita, bertzelakoak dira, haren ustez, sistema kolokan jartzen duten faktoreak: «Datozen hamar urteetan gora eginen du 65 urtetik goitikoen kopuruak, gora eginen du eritasun kronikoak dituzten gaixoen kopuruak, eta tratamendu eta teknologia berrien eragin ekonomikoa handia izanen da».
Arreta hobetu nahi du Osasun Departamentuak, Vera kontseilariak gaineratu duenez. «Gaixoen beharretara egokitu, eta dauden baliabideei etekin guztia atera». Lehen mailako arreta eta larrialdietako zerbitzuak egokitzeko plana osatu du Osasun Departamentuak, batetik, eta arreta espezializatuari buruzko plan berria egin du, bertzetik.
«Osasun eredu berriaren lehendabiziko bertsio ofiziala da hau», zehaztu du Verak, eta argi utzi du osasun arloko langileekin eta sindikatuekin aztertu beharko dutela orain agiri horretan jasotakoa. Ez hori bakarrik. «Zenbait arlo dago, oraindik, zehazteke eta antolatzeke», onartu du kontseilariak. «Ikusi beharko dugu eredu berriak langileen lan baldintzetan zer eragina duen;kudeaketa itun berriak egin beharko ditugu ere».
Kritikak plan berriari
Nafarroako Gobernuak adostasuna bilatuko duela azpimarratu du Yolanda Barcinak. Izan ere, osasun eredua aldatuko zutelairagarri zutenetik, jasotako kritikak anitz izan dira. Asteon bertan, medikuen sindikatuko ordezkariak eta hainbat udaletako agintariak agertu dira kontra. LAB sindikatuak ere eman du bere iritzia: «Barcinaren asmoa da lantaldean eta zerbitzuetan egin nahi dituzten murrizketak ezkutatzea».
Verak onartu du zeregin anitz badela oraindik. Hala ere, eredu berria ezartzen hasteko epeak zehaztu ditu jada Nafarroako Gobernuak. Osasun etxeetako ordutegi berriak urtarriletik aurrera jarriko dituzte martxan; kirofanoetakoak, berriz, uda pasata.
Bideragarritasuna da osasun eredua aldatzeko gakoa, Barcinak dioenez
Nafarroako Gobernuko presidenteak plan berria aurkeztu du jendaurrean, Marta Vera kontseilariarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu