Gipuzkoako Foru Aldundiak heldu den urteko urrirako martxan jarri nahi du bidesari berriak kobratzeko sistema berria. Errepideen mantentzea bermatzeko, Bidegiren zorra estaltzen laguntzeko eta garraio publikoa sustatzeko politikak laguntzeko baliagarri izango da sistema berria, diputazioaren esanetan. Urtean 38 milioi euro jasotzea espero dute.
AP-8 eta AP-1 autobideei ez die eragiten bidesarien sistema berriak; orain arte bezala jarraituko dute horietan. Orain arte bidesaririk ez duten lehen mailako gainerako errepideetan jarriko dituzte bidesariak, aldundiaren proposamenak aurrera egiten badu: alegia, N-1ean, A-15ean, G-632an —Beasain eta Bergara arteko autobidean, alegia— eta N-121ean —Irundik Nafarroarakoan—.
Aste honetan ezagutarazi du asmoa diputazioak, eta gaur xehetasun gehiago eman ditu. Arkupe sistema bat erabiliko du bidesari berrietan. Ibilgailuek ez dute gelditu beharko, hesirik gabeko arkupeak izango direlako. Lau errepide horietan, guztira hamalau arku jarriko dituzte: zazpi N-1ean, hiru G-632an, hiru A-15ean eta bat N-121ean.
Azaldu dute era horretako sistemak badirela dagoeneko; Austrian, Mexikon, Portugalen eta Txilen erabiltzen dituzte, besteak beste. Arkuek Via-T txartelak ezagutzeko sistema elektronikoak izan ohi dituzte, eta ibilgailuen matrikulak ere ezagutzen dituzte. Sistema ezartzeak 18 milioi euroko kostua izango duela aurreratu dute; urtero bi milioi euro inguruko mantentze kostuak izango ditu.
Gipuzkoarrak, salbuetsita
Gipuzkoarrei bidesariak ez kobratzeko sistema prestatzen ari dela azaldu du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak. Gipuzkoako garraiolariek, baina, legeak horretara behartuta, ordaindu egin beharko dutela azaldu du, baina erantsi du diputazioa pentsatzen ari dela gastu hori berdintzeko zer bestelako neurri har ditzakeen.
Oraingoz proposamena da aldundiak aurkeztu duena. Atzo Bruselan aurkeztu zuen, Europako Batzordearen oniritzia behar baitu. Garraiolariekin eta alderdi politikoekin bilerak egiten ari dela ere jakinarazi du diputazioak. Alderdiekin adostuz gero, Gipuzkoako Batzar Nagusietan adostu beharko dute araua.
Arabako Biltzar Nagusietako EAJk ohar bat egin dio Gipuzkoako Diputazioari. Gogorarazi dio N-1 errepidearen finantzaketari buruzko erabakiak Arabako eta Nafarroako erakunde publikoekin adostu behar dituela. Gainera, proposamena "onartezina" dela esan du, nabarmenduz arabarrak "diskriminatu" egingo dituela.