Bidesariak «kutxa arazoak» konpontzeko direla dio Hiruk

Garraiolariek diote Gipuzkoako Diputazioak azpiegiturak mantentzen inbertitzen duena baino diru gehiago ari direla ordaintzen

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Lasarte-Oria
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hiru Euskal Herriko garraiolarien sindikatuak ez du dudarik: Gipuzkoako errepideetan bidesariak jartzeak ez du ordenatuko zirkulazioa, ez du arinduko salgaien garraioa, eta diru hori ez da erabiliko azpiegiturak finantzatzeko. Foru Aldundiaren helburu «bakarra» dirua biltzea dela uste du Hiruk, «kutxa arazoak konpontzeko». «Berriro ere ahulenaren lepotik lortu nahi dute dirua», salatu du Estitxu Ugarte sindikatuko komunikazio arduradunak. Ez dute begi onez ikusi Gipuzkoako errepideak erabiltzeagatik ibilgailu astunei aplikatu beharreko karga arautzen duen foru arauaren aurreproiektua, eta alegazioak aurkeztu dizkiote.

Hiru sindikatuaren arabera, foru arauaren aurreproiektua «diskriminatzailea» da, merkantzien garraiolariei leporatzen zaielako «soilik» errepideak hondatzea, kutsadura sortzea, edota auto pilaketak eragitea, eta ez du kontuan hartzen auto pribatuaren erabilera.

Hainbat gai ezkutatzea ere egotzi die Hiruk foru agintariei. Izan ere, Ugarteren esanetan, gaur egun garraiolariak jada bere gain hartzen ari dira eragiten dituzten kostuak eta ehunka milioi ordaintzen ari dira azpiegiturak erabiltzearen truke. Hori baieztatzeko, datu batzuk kaleratu dituzte: esaterako, hidrokarburoaren zergaren bidez, 2009an, 294,37 milioi euro jaso zituen Gipuzkoako Diputazioak, eta matrikulazio zergaren bidez, 16,88 milioi euro. Horiei gehitu behar zaie autonomo garraiolariek ogasunari ordaindu beharreko bestelako zergak. «Ekarpen ekonomiko handia, beraz», laburbildu du Ugartek. Haatik, Hiruk dio zerga horien bidez jasotakoa baino gutxiago inbertitzen duela diputazioak azpiegiturak mantentzen. Zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren azterketa baten arabera, 130 milioi euro inbertitzen ditu urtean. «Non dago falta den dirua?», galdetu du Ugartek. Haren irudiko, behar horiek jada estalita daude, eta diputazioak ez du diru gehiagorik behar.

Horregatik, bidesariek ez dutela merkantzien joan-etorrien arazo larria konponduko deritzo Hiruk, eta salatu du horren inguruan konponbiderik ez aurkeztea. «Enpresariek ere esan dute AHTa ez dela alternatiba erreala».

Garraio kostuak, gora

Bestelako datuak ere kaleratu dituzte, garraiolariek bizi duten egoera islatzen dutenak. Espainiako Sustapen Ministerioaren arabera, iaz %4,4 egin zuen gora garraiolariek ordaindu beharreko kostuak, eta garraioaren prezioak, berriz, %3,3 egin zuen behera. Hala, Hiruren irudiko, datuek «ondo baino hobeto» islatzen dute garraiolari autonomoak krisia bere gordintasunean pairatzen ari direla. Prekarietatea igo dela dio, eta horrek bide segurtasunean eragingo duen beldur da sindikatua.



Gipuzkoako foru arauaren aurreproiektua

Non ezarriko dira bidesariak? Foru arauak ez du zehazten non ezarriko diren bidesariak. Hala ere, Europa Barneko Errepide Sarea osatzen duten Gipuzkoako errepideak zeintzuk diren esaten du: AP-1, AP-8, N-1 , A-15 eta N-121-A. Atea zabalik uzten du sare horretakoak ez diren errepideetan ere bidesariak jartzeko: «Europako saretik desbideratutako zirkulazioa har dezaketen edo sare horren zenbait zatirekin lehia zuzena duten errepide paraleloak».

Nork ordainduko du? Salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunek, hots, 3,5 tona baino gehiagokoek. Hala ere, honako ohar hau ere egiten du: «Batzar Nagusiek bidesariak edota tasak aplikatu ahal izango dituzte Europa Barneko Errepide Sareko errepideetan, ibilgailu astun definizioan sartzen ez diren beste ibilgailu motordun batzuei».

Bidesarien zenbatekoa. Ez du aipatzen zenbateko zehatza, ezta nola kobratuko den ere. Zenbatekoa «kostuak berreskuratzeko printzipioan» oinarrituko dela dio.

Beherapenak. Erabiltzaile gipuzkoarrek ez dute izango beherapenik. Ohiko erabiltzaileentzat beherapenak aurreikusten ditu, «baina ezingo dute izan murrizketaz baliatu ezin diren ibilgailuek ordaindutako bidesariaren %13 baino gehiago». Zenbatekoak ere alda daitezke, «eguneko orduaren, egun motaren edo urtaroaren arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.