Bigarren dosian Pfizerren txertoa hartzera deitu dute Txibitek eta Sagarduik

Argitu dute 60 urte baino gutxiago izan eta AstraZenecaren txertoa hartu dutenek aukera izanen dutela bigarren dosian ere hura hartzeko, baina nabarmendu dute apustua Pfizer etxearenaren aldekoa dela.

Erizain bat Pfizerren txertoaren dosia prestatzen, Zarauzko ospitalean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 26a
12:49
Entzun

AstraZenecaren txertoaren inguruko zurrunbiloa oraindik ere bizirik den honetan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argi utzi dute auziaren gainean duten iritzia: bi administrazioek bigarren dosirako Pfizerren dosia hautatzera deitu dituzte 60 urtetik beherako herritarrak. 

Goizean egindako prentsaurrekoan, Maria Txibite Nafarroako presidenteak azaldu du bi konpainien txertoak «oso seguruak» direla, baina zehaztu du gobernuak Pfizerrena lehenetsi dadin nahi duela. Adierazi duenez, Europako herrialdeek erabaki desberdinak hartu dituzte gaiaren inguruan, eta, hartu beharreko bideari dagokionez, Alemaniak eginiko urratsen antzekoak eginen ditu foru erkidegoak, Txibiteren esanetan. «Badirudi Pfizerrenarekin immunitate handiagoa lortzen dela eta albo kalteak gutxiago direla. Dena dela, AstraZenecarenak ez du arazorik eragin 40 urtetik gorako herritarrengan», esan du presidenteak. Halaber, adostasuna azaldu du bigarren dosian ere AstraZenecarena hartu nahi dutenek baimen informatu bat sinatu beharrarekin.

Iritzi bertsua azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Atzo iragarri zuen Osakidetza astelehenetik deitzen ari zaiela funtsezko jardueretan ibilitako langileei, txertatzeko ordua emateko; dei horietan, Pfizer etxeko txertoa eskaintzen zaie herritarrei. Hain zuzen ere, gaur egindako agerraldian, Sagarduik herritarrei galdegin die Pfizerren txertoaren alde egin dezatela. Gainera, sailburuak nabarmendu du txertaketa prozesua «ordenatua eta azkarra» izaten ari dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.