Egunkaria auzia ez da amaitu, horren bi zatietako batek oraindik irekita dirauelako. Bigarren polizia operazioan oinarritzen den auzi ekonomikoak itxi gabe dirauelako. Lehen polizia operazioak, Euskaldunon Egunkaria ixtea, tortura gogorrak eta espetxealdi luzeak ekarri zituenak, memorian arrasto sakonagoa utzi du, baina bigarrena da gainditu gabe dagoena.
2003ko urriaren 16an izan zen, aurreneko operazioa izan eta zortzi hilabetera. Guardia Zibilak remake bat egin zuen. Egunkaria-ren proiektuarekin eta Martin Ugalde kultur parkearekin lotutako zortzi lagun atxilotu zituen urriaren 16ko goizalde hartan, ohiko erakustaldiarekin eta ohiko miaketekin. Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Diez izan ziren bigarren erasoaldiko biktima zuzenak, atxilotuta bost eguneko inkomunikazioa pairatu zutenak.
Denborak ematen duen ikuspegiaz baliatuta, zilegi da pentsatzea lehen erasoaldiari emandako erantzuna (Egunkaria-ren proiektuak eta atxilotuek jasandako babesa barne) ez zela alferrikakoa izan. Bigarren erasoaldia ez baitzen hain gogorra izan. Paradoxikoa bada ere, 2003ko urriaren 20an, bost eguneko inkomunikazioa amaituta zortzi atxilotuek deklaratzera eraman zituzten egunean, ez zituztela torturatu izan zen albistea. Atxilotuen egoerari buruzko lehen berria idazkari judizialak eman zien zain zeuden konfiantzazko abokatuei, inork ezer galdetu gabe: «Oso ondo daude, aurpegi ona dute». Eta deklarazioaren ondoren, auzitegiko sarrerara jaitsi ziren lehen atxilotuen beraien lehen hitzak senideak eta abokatuak lasaitzeko izan ziren: «Ez gaituzte jo, ez gaituzte jo».
Zortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak 2003ko urriaren 16ko operazio hartan. Eta Del Olmo epaileak berak beste bat,bederatzigarrena, urriaren 20ko iluntzean, Auzitegi Nazionalean bertan: Eneko Etxeberria abokatua. «Etxeberria jauna, zatoz unetxo batez», esan zion Del Olmok abokatuari, senideekin beheko solairuan zegoenean. Harengana hurbildu eta «zer gertatzen da?» galdetu zionean, Etxeberria abokatuak inola ere espero ez zuen erantzuna jaso zuen: «Atxilotuta zaude eta inkomunikatuta zaude. Zatoz nirekin».
Bederatzi atxilotuetatik lau bermerik gabe gelditu ziren aske, hiru 12.000 euroko bermea ordainduta eta bi 30.000 eurokoa ordainduta. Aurrekoan ez bezala, inork ez zuen preso egon behar izan.
Joan Mari Larrarte bi orduz aritu zen Del Olmoren galderei erantzuten. Alferrik epailearentzat. «Larrarte jauna, esaten ari zaren hori guztia paperetan dago. Baina zer dago paper horien atzean?», galdetu zion galdeketaren amaieran. «Atzean imajinazioak eman dezakeena baino ez dago», erantzun zion. Zortzi urte geroago, argi ikusten da oinarririk gabeko asmakeriak eta interpretazio maltzurrak zenbat bidegabekeria eta kalte eragin duten eta oraindik horiek ez direla amaitu.
Bigarren erasoaldi setatia
Espainiako Auzitegi Nazionala eta Guardia Zibila ez ziren ase gelditu 'Egunkaria' itxita eta hamar lagun atxilo hartuta. Bigarren operazioa ere diseinatu zuten. Haren ondorio da irekita dagoen auzi ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu