Bigarren etxeak zigortzeko bidea ireki du Gipuzkoak

Batzar Nagusiek aukera eman diete udalei ondasun higiezinen zerga %150 igotzeko ezohiko etxebizitzei

Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bilduren eta PSE-EEren botoekin, aurrera egin du proposamenak: Gipuzkoako udalek goratu egin ahal izango dute bigarren etxebizitzen gaineko zerga. Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzo aztertu zuten proposamena, eta oniritzia eman zioten. Hala nahi duten udalek, aurrerantzean, %150eraino igo ahal izango dute OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga, hutsik dauden etxebizitzak edukitzea garestiago izan dadin. Bizileku ohikoa ez diren etxebizitzei ezarri ahal izango diete igoera udalek.

Etxebizitzak hutsik ez edukitzea da zerga hori igotzeko ahalmena ematearen helburua. Bilduk eta PSE-EEk azaldu dute etxebizitza hutsen arazoa ez duela konponduko neurri horrek, baina lagundu egin dezakeela. «Gehiago dutenek gehiago ordaintzea», hori da neurriaren oinarria, Bilduko batzarkideen esanetan.

EAJk eta PPk kontrako botoa eman dute. Uste dute Ogasunak dirua biltzeko bestetarako ez duela balioko OHZ igotzeak. Etxebizitza hutsen arazoa konpontzeko neurri eraginkorra izango denik zalantzan jarri dute, bestalde.

Zarautzen elkartu ziren, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Urte politikoa amaitzeko egin ohi duten bezala, probintziako herri bat aukeratu zuten bilera egiteko, Donostiako egoitzan egin beharrean. Heldu den ikasturteko azken bilera Irunen egingo dute, atzo adostu zutenez.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergan beste aldaketa bat egitea ere adostu zuten Batzar Nagusiek atzoko bileran. Orain arte zerga ordaintzeaz salbuetsita egon dira bi milioi eurotik peko jarduera ekonomikoa zuten negozioak. Aurrerantzean, milioi bat euroko jarduera ekonomikoa baino gehiago duten enpresek egin beharko dute zerga horren aitorpena, eta hortik beherako jarduna dutenak soilik egongo dira salbuetsita.

EAJren eta PPren esanetan, neurri horrek kalte egingo die enpresa txiki eta ertainei. Orobat, Batzar Nagusiek atzo hartutako neurriek klase ertaina pobretuko dutela salatu dute EAJko batzarkideek. PPkoek, berriz, krisia baliatuz «eredu ekonomiko eta sozialean» atzerapausoak ematen ari direla ohartarazi du. Milioi bat eurotik gorako fakturazioa duten enpresak txiki edo ertain ote diren zalantzan jarri du Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.