Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak aurreratu du, gaur arratsaldean, bigarren fasetik aitzinera ordutegiak ezabatuko dituela Espainiako Gobernuak. Orain arte, 5.000 biztanletik gorako herrietan hiru tarte bereizi ditu Espainiako Gobernuak kalera ateratzeko: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara.
Bihar aurreratuko du Espainiako Gobernuak zer probintzia igarotzen diren bigarren fasera astelehenetik aitzinera. Ordutegiak ezabatuko dituztela aurreratu arren, Simonek nabarmendu du Espainiako Gobernuak ordutegi jakin bat ezartzeko gomendatuko duela egoerarik ahulenean dauden herritarrentzat. Udalen eta autonomia erkidegoen esku egonen da ordutegi hori zehaztea.
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko bidalia diote Espainiako Osasun Ministerioari hurrengo fasera aldatzeko eskaria. Jaurlaritzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia bigarren fasera osorik pasatzea nahi du, baina herrialdeen arteko mugimenduak galarazita, orain arte bezala. Nafarroako Gobernuak, berriz, atea zabaldu dio osasun eremu batzuk lehenengo fasean gelditzeko aukerari.
Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua baikor mintzatu da gaur, eta nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prest daudela normaltasunera itzultzeko bigarren fasean sartzeko. Gaur arratsaldean da biltzekoa Murga Salvador Illa Osasun ministroarekin, fase aldatzeaz erabakitzeko.