Koronabirusa

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurriak doitzea eskatu dute

Jaurlaritzak probintzien arteko joan-etorriak galarazi egin nahi ditu bigarren fasean ere. Nafarroak eremuka egin nahi du trantsizioa. Madrilek 15 egunez luzatuko du alarma

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Gotzon Hermosilla
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uste dute prest daudela konfinamendu arinduaren bigarren fasera pasatzeko, eta nork bere proposamena helarazi dio Espainiako Gobernuari. Aldean badaude bi proposamenen artean: Jaurlaritzak, esaterako, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia bigarren fasera osorik pasatzea nahi du, baina herrialdeen arteko mugimenduak galarazita, orain arte bezala. Nafarroako Gobernuak, berriz, atea zabaldu dio osasun eremu batzuk lehenengo fasean gelditzeko aukerari.

Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak eman zituzten Jaurlaritzaren proposamenari buruzko xehetasunak, atzo, eta, adierazi zutenez, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bete egiten dituzte astelehenetik aitzinera bigarren fasean sartzeko «parametroak». Askotariko neurriak biltzen ditu proposamenak: ostatu, jatetxe, elkarte eta kulturguneak %50eko edukierarekin irekitzea, leku itxietan maskara derrigorrezkoa izatea, zahar etxeetako bisitak baimentzea eta azterketak egin ahal izateko erakustazoka handiak irekitzea, bertzeak bertze.

Probintzien arteko joan-etorriei ez diete aterik ireki nahi, ordea, «arrazoi sozioekonomikoetarako» salbu. Hala, lanera edo medikuarengana joateko mugitzen ahalko lirateke herritarrak probintzia batetik bertzera, baina «inola ez» kirolerako, aisialdirako edo kulturarako: «Hurrengo fase baterako utziko dugu hori».

Eusko Jaurlaritzak Madrili egin dion proposamenetako batek Espainiako Gobernuak jarri nahi duen irizpidea gainditzen du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak nahi du tabernak, elkarteak eta jatetxeak %50eko edukierarekin irekitzea. Espainiako Gobernuaren proposamena %40koa da berez, baina Jaurlaritzak argudiatu du «nahasteak saihesteko» nahi duela edukiera handiagoa baimendu, orain arte terrazak irekitzeko baimena ere %50ekoa izan baita.

Ostatu, elkarte eta jatetxe barreneko baldintzak orain arte terrazek izan dituzten berak lirateke: mahaietan kontsumitu beharko litzateke, pertsonen arteko bi metroko tartea errespetatuta, eta ezinen litzateke zutik edo barran egon.

Nafarroako Gobernuak ere bigarren fasera pasatzeko proposamena igorri dio Espainiako Gobernuari. Txostenean, ez du baztertzen trantsizioa osasun eremuen arabera egitea, herrialde osoa bigarren fasera batera igaro beharrean. Edonola ere, Nafarroako Gobernuak gogorarazi dio Espainiakoari zenbait osasun eremutan ez dutela kasu berririk detektatu azken bi asteetan eta, hortaz, eremu horiek ez luketela oztoporik.

Proposamen gehiago ere egin ditu Nafarroak: areto irekietan 200 ikusleren mugari eustea, eta baita elkarte gastronomikoetan edo antzekoetan biltzeko debekuari ere. Kontrara, eskatu dute 400 metro koadro baino handiagoak diren altzari dendak zabaldu ahal izatea

Udalerrietatik ateratzeko debekua eta besteak beste, mendizaleei eta txirrindulariei ordutegiak kentzea ere proposatu du Nafarroak, besteak beste, mendizaleei eta txirrindulariei. Ibaietan bainatzeko aukera mahai gainean jarri nahi du hurrengo bileran, Madrilek hondartzak eta igerilekuak bakarrik hartu dituelako kontuan.

Ciudadanosekin akordioa

Espainiako Gobernuak, berriz, akordioa egin du Ciudadanos alderdiarekin gaur Espainiako Kongresuan eginen duten bozketarako, alarma egoera hilabetez beharrean hamabortz egunez luza dezaten. Aldi baterako erregulazioen sariak agudoago ordaintzea bildu dute akordioan, bertzeak bertze.

Espainiako Gobernuaren proposamenean jasotzen da bigarren fasean eskolei berriro ekiteko aukera maila guztietan ematea, eta ez soilk hezkuntza zikloa amaitzen ari diren ikasleentzat, hasieran proposatu zuten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.