Euskal Herria

"Bigarren fronte independentista" irekitzea du erronka Sortuk

Sortuko idazkari nagusi izendatu dute Arkaitz Rodriguez konferentzia politikora bertaratutakoen %94ko babesa lortuta

Arkaitz Rodriguez gaur Refenan. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko irailaren 23a
08:03
Entzun

Arnaldo Otegiren lekukoa hartu du Arkaitz Rodriguezek. "Marroi galanta eman didazue", esan du txantxetan jarraian azpimarratzeko erantzukizun handia dela eta gogor lan egingo duela alderdiaren alde.

Gaur goizean konferentzia politikoa egin du Sortuk Iruñeko Refena erakustazokan. Bertako militanteen babes zabala jaso du Arkaitz Rodriguezek: 206 boto alde, ezezko bat zazpi boto zuri eta 19 abstentzio.

Espero zen bezala, Katalunia oso presente izan da Rodriguezen hitzaldian. Bere lehen agurra euskal preso eta iheslariei egin die "bihotz bihotzez". Bigarren agur berezia Kataluniako herriari izan da. Eskerrak eman dizkie duintasunez eta modu lasaian "Espainiako faxismoari eta frankismoari aurre egiteagatik". Kataluniako bandera independentista atera du jarraian eta txaloka agurtu dute Refenan bildutakoek. "Mila esker frogatzeagatik posible dela". Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzak ekarri ditu jarraian: "Gu beti Kataluniarekin".

Konferentzia politikoa egiten ari ziren bitartean Espainiako Gobernuak Mossoen kontrola hartu du eta Arkaitz Rodriguezek etor daitekeenaren aurrerapena baino ez dela iragarri du: Asteburuan edo datozen egunetan komunikabideen zein gizarte mugimenduetako pertsona esanguratsuen zein Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen atxiloketak etor daitezkeela ohartarazi du.

Egoeraren azterketa

Rodriguezen esanetan, historian urteak pasa daitezke eta "badirudi ez dela ezer gertatzen", baina gero une zehatzetan historiaren azkartze prozesuak gertatzen dira eta hamarkada osoak aurreratu daitezke oso denbora gutxian. "Horrelako une batean aurrean gaude". Bere esanetan, begien aurren erortzen ari da 78ko erregimena eta "horrek aukera historiko berri bat zabalduko du ez soilik Kataluniarentzat, ez soilik Euskal Herriarentzat, baizik eta espainiar estatuko herri guztientzat. Kataluniako prozesuak Francok ondo lotuta utzi zuen hori deslotzen ari da".

Espaniako Gobernuak prozesuaren aurka egindako erantzun bortitzaren aurrean, Rodriguezek galdera bat zuzendu dio Eusko Alderdi Jeltzaleari: "Hau al da bialdekotasuna?".

Egungo egoeraren azterketa orokor horretan, ezker abertzaleak bere ekarpena egin duela nabarmendu du. Gogora ekarri du urte luzez "ia bakarrik" 78ko erregimenaren hausturaren banderari eutsi diotela. Era berean, estrategia aldaketa Espainiako estatua politikoki biluzteko erabakigarria izan dela deritzo, eta Katalunian, Euskal Herrian eta Espainian gero eta gehiago dira euren irakurketarekin bat egiten dutenak "Gaur Gabriel Rufian (ERCko diputatua) da Jon Idigorasen hitzak erabiltzen dituena eta esaten diena: 'Atera itzazue zuen esku zikinak gure herrialdetik'".

Rodriguezen esanetan, irakurketa hori gogorarazi behar zaie euren porrotaren kontakizuna egin nahi duten guztiei: "Hori da ezker abertzalearen garaipen politikoa, 78ko erregimenaren hondamendi eta eraispenean bere ekarpena egitea".

Bi aldetatik tira egin

Sortuko idazkari nagusiaren arabera, bigarren fronte independentista irekitzea du erronka Sortuk, "hori baita kataluniarrei elkartasuna adierazteko modurik hoberena. Haiek handik eta guk hemendik tira eginez gero lehenago eroriko da". Rodriguezen esanetan, azken urteetan txakalaldia izan du ezker abertzaleak, baina orain "tonoa hartzen ari da". "Ezker abertzaleak tonoa berreskuratzen duenean herriak ere hartzen du eta orduan dena posible da".

Rodriguezek gaineratu du bide horri egiteko ez dagoela inoren zain geratu beharrik. Gehiengo sindikala, gizarte mugimenduak eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu zabala indar handia dela deritzo fronte sozial bat altxatzeko eta hori guztia "egituratzeko erronka" du Sortuk, bere esanetan.

Rodriguezek argi esan du estatuaren erreforma planteatzen dutenei bestelako harreman eredu bat nahi dutela. "Tentazioa izan dezakete erreformaren erreforma egiteko eta guk ozen diogu, duela 40 urte bezala. Ez dugu onartuko Espainiako estatura egokitzeko eredurik, baldin eta eredu hori ez bada parez parekoa. Espainia estatu bada, Euskal Herriak ere bere estatua eraiki nahi du". Horretarako gehiengo subiranista bat eraiki behar dela deritzo: "Edo estatua behartzen dugu bere burua demokratizatzera edo independentziarako ibilbidea Kataluniak bezalaxe alde bakarretik egin ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.