Murrizketen ondoren, erreformak prestatzen hasi da Espainiako Hezkuntza Ministerioa: hezkuntzako legea aldatzeko bidea martxan jarri du. Jose Ignacio Wert ministroak jakinarazi du erreformarako oinarri izango den txostena prestatu duela Espainiako Gobernuak, eta orain hezkuntza komunitatearekin eta talde politikoekin hasiko dela hizketan, "urteetarako erreferentzia izango den legea" egin nahi baitu.
Hezkuntzaren egoera kaskarra marraztu du ministroak, datu guztietan Espainia Europako Batasuneko batez bestekoaren azpitik dagoela nabarmenduta. Horri aurre egin nahi dio, eta hiru aldaketa bide proposatu ditu:
1. Ikasgai gutxiago. PISA nazioarteko azterketan emaitza hobeak lortzeko, proba horrek ebaluatzen dituen ikasgaiak indartuko dituzte: Matematika, Zientziak eta hizkuntzak (Ingelesa aipatu du bereziki Wertek). Horrek esan nahi du beste ikasgai batzuek ordu gutxiago izango dituztela edo ezabatu egingo dituztela zuzenean; hautazko ikasgaiak kenduko dituzte, besteak beste. "Benetan garrantzitsuak diren ikasgaiei eman behar zaie lehentasuna", azaldu du Wertek.
2. Aukeraketa lehenago. Eskola uzte goiztiarra eta eskola porrota arazo handia dira Espainian (Hego Euskal Herriko datuetatik oso urrun dago), eta, horri aurre egiteko, ikasleek nahi duten bidea lehenago aukeratzea nahi du gobernuak. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan hautatuko dute ibilbidea, 15 urterekin: Lanbide Heziketa edo Batxilergoa. Nolanahi ere, atzera egiteko aukera izango dute gero. Neurri horrekin, ezerezean geratu da Mariano Raxoik presidentetza hartzean iragarritako neurri izarra, hiru urteko Batxilergoa. Ikasleek lehenago aukeratuko dute, 3. DBHn, baina lau urte izaten jarraituko du DBHk (Batxilergoak bi, beraz) eta atzera egiteko modua izango dute ikasleek.
3. Ebaluazioa. Irakats-aldi bakoitzaren amaieran azterketak egingo dituzte. Eskolaz kanpoko erakunde batek egingo ditu, eta "izaera nazionala" izango dute. Wertek iragarria du eskolen rankingak egitearen aldekoa dela. "Ebaluaziorik ezean, ezin da aurrera egin", ohartarazi du gaurko agerraldian.