Lurralde elkargoaren eskaerak sostengu zabala eta askotarikoa bildurik Ipar Euskal Herrian, Parisen entzunarazteko eguna izanen da biharkoa. Hain zuzen, deszentralizazioaz arduratzen den ministroari, Marylise Lebranchuri, aldarrikapena aurkeztuko dio Hautetsien Kontseiluak izendaturiko ordezkaritzak.
Deszentralizazioaren erreformaren barruan Ipar Euskal Herriari buruzko atal berezi bat izatea galdatzeaz gain, lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko ere eskatuko diote Lebranchuri. Ipar Euskal Herriarentzako den egituraketaz «harago joan beharra» azalduko diote: «Batetik, paisaia instituzional berri bat sortzen ari delako, eta, bestetik, gaur egungo antolaketak mugak ezagutzen dituelako Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko orduan».
Parisen egonen dira Colette Capdevielle (PS), Sylviane Alaux (PS), Frederique Espagnac (PS) eta Jean Jacques Lasserre (Modem) parlamentariez gain, Max Brisson (UMP), Jean-Mixel Galant (AB) hautetsiak, Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidentea eta Battitta Boloki Garapen Kontseiluko zuzendaria. Irail hastapeneko biltzar nagusian gehiengo handi batean adosturiko testua azalduko diote.
Izan Batera-ko, Hautetsien Kontseiluko edota Garapen Kontseiluko kideak ala alderdi abertzaleak, anitzek hurbiletik begiratuko diote hitzorduari, Frantziako Gobernuak eskakizunari baietza emanen diolako esperoan. Nahiz seguru aski Frantziako Gobernuak bihar erantzunik ez eman, egunak «tenperatura hartzeko» balioko duela diote askok.
Hautetsi zuberotarrak ere bai
Zuberoako hautetsi batzuek ere lurralde elkargoaren aldeko mezua eman zuten herenegun, Maulen egin prentsaurreko baten bidez. Barnealdeko garapen ekonomikoa bultzatzeko eta euskararen iraupena bermatzeko «tresna egokia» dela azaldu zuten.
Dominika Bosq Xiberoa herri elkargoko lehendakaria, Altzürükü, Aloze-Onizegaineko eta Mauleko auzapezak egon ziren prentsaurrekoan, Batera-ko ordezkariak ondoan zituztela.
Bihar bilduko da Euskal Herriko ordezkaritza Lebranchu ministroarekin
Euskal lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko galdatuko diote Deszentralizazio ministroari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu