«Ez nuen eutanasiaz hitz egin Nicolas Bonnemaison doktorearekin, baina nire emazteari praktikatu ziola esango balit ere, ez nuke harekiko dudan iritzia aldatuko». Argi eta garbi hitz egin du Baionako ospitalean berriki hil den 73 urteko emakumezko baten senarrak. Bonnemaison sendagilearekin hitz egin zuen, eta bere emaztearen bihotzeko eritasunak sendabiderik ez zuela azaldu zion hark. Kasu horretan, emakumearen borondatea hiltzea litzatekeela adierazi zion orduan senarrak, eta hurrengo egunean ospitalera joan zenean, emaztea «joan» egin zela azaldu zion Bonnemaisonek, «erarik sinple eta naturalenean». Doktorearen interbentziorik egon ote zen? «Ez dakit, eta ez dut jakin nahi; bihar sendagilea kalean aurkituko banu, eskua emango nioke eskerrak emateko», gaineratu du.
Hala azaldu dio Rtl Frantziako irratiari Bonnemaison medikuak ustez eutanasia aktiboa praktikatu ostean hildako lau pertsonetako baten senarrak. Emazteak 73 urte zituen, eta sendabiderik gabeko eritasun bat izango balu, bere bizitza artifizialki luzatu nahiko ez lukeela esana zion senarrari. Gizonak hitz horiek errepikatu zizkion sendagileari, eutanasiaren aipamenik egin gabe. «Ez nuen eutanasia aipatu, eta horregatik ez dakit sendagileak hori aurrera eraman zuen ala ez», adierazi du.
«Ez dut salaketa jartzeko inolako asmorik». Traizionatuta edo etsita egoteko arrazoirik ez duela argi du gizonak, berak egin zuen bakarra emaztearen borondatea sendagileari azaltzea izan zelako.«Nire emaztea joan egin zela esan zidan, besterik ez; nire iritziz, egin daitekeen modurik errazenean. Dena den, egin duen guztiaren gaineko ezagutza eduki dut une oro, eta ez dut informazioa falta izan zaidanik sentitu». Horregatik, sendagilearen jarrera salatzeko arrazoirik ez duela nabarmendu du elkarrizketan.
Bonnemaisonek aitortu du lau kasuetan pozoia eman ziela gaixoei. Emakumearen senarrak adierazi duenez, ostera, ez daki «ziur» bere emazteari gertatutakoan sendagileak zerikusirik izan ote duen. «Hala ere, egin zuela aitortuko balit, nire emazteari eutanasia aktiboa praktikatu ziola baieztatuko balit, ez nuke berarekiko dudan iritzia aldatuko; une honetan nonbait aurkituko banu, eskerrak emango nizkioke egin duen guztiagatik», azpimarratu du. Izan ere, doktoreak modu «ulerkor eta profesionalean» tratatu zuela uste du, eta sendagileak egindakoa «ontzat» ematen du.
Lankideen babesa
Asteartean elkarretaratzea egin zuten Baionako ospitaleko sendagile, erizain eta gainerako profesionalek. Kanpoko hainbat herritar anonimok ere bat egin zuten haiekin. Bonnemaisonen 300 lankide inguruk, bata zuriz edo kaleko arroparekin jantzita, medikuari sostengua erakutsi zioten, eta, sinadura bilketaren ostean, ordu eta erdi eskasean, 700 atxikimendu inguru lortu zituzten. Medikuaren «kalitate moral, profesional eta humanoa» azpimarratu nahi izan zuen Xabi Hernandorena medikuak gainerako kideen izenean.
Interneteko Facebook sare sozialean hainbat talde sortu dira Bonnemaison sendagileari sostengua erakusteko, eta dagoneko 20.000tik gora erabiltzailek eutanasiaren aldeko jarrera azaldu dute. Baionako ospitaleko Michel Glanes zuzendariak egunkari bati eginiko adierazpenetan nabarmendu du eutanasiaren praktika ez dela «eguneroko gauza» Frantziako osasun zentroetan, eta gaiaren inguruan ikerketa abian dela gogorarazi du. Dena dela, kasuaren inguruan sortu den «emozioa» ulertzen duela eta lankideen sostengua «legitimoa» dela gehitu du.
«Bihar Bonnemaison sendagilea kalean aurkituko banu, eskua emango nioke»
Baionako ospitalean Bonnemaisonek ustez pozoituta hildako erietako baten senarrak babestu egin du hura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu