Bihar epaituko dituzte Olzomendi eta Irigoien, Parisen

Catalogne eta Iriart-Urruti Segiko bi kideak zigortu dituzte, «polizia baten aurkako bortizkeria» leporaturik

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Bihar arratsaldean epaituko dituzte Mattin Olzomendi eta Peio Irigoien lapurtar gazteak, Parisko Auzitegi Korrekzionalean. Etxe agentzien kontrako erasoetan parte hartzea leporatu diete. Hamabost hilabetez preso egon ondoren, bihar eginen da haien epaiketa. Iazko martxo bukaeran atxilotu zituen Frantziako Poliziak, beste sei gazterekin batera. Beste seiak askatu, eta bi lapurtarrak preso sartu zituzten.

Goxabiju sostengu batzordeak antolaturik, elkartasunez, autobus bat abiatuko da gaur gauean, Baionatik. Asteburu honetan Euskal Herria Zuzenean iragan da, eta festibalaren antolatzaileek ere bat egin dute elkartasun horrekin, eta auzira joateko deia berretsi. Hain zuzen, elkarteko langilea izan zen Olzomendi, eta Irigoien, berriz, laguntzailea. Horiei eta euskal preso politiko guztiei elkartasuna helarazi zieten igande eguerditan Heletako plazatik, denek batera Amnistiaren dema kantatuz.

Irigoien hastapenetik Nanterren da preso, beste euskaldun batzuekin batera. Olzomendi, berriz, Chateaurouxen da, eta azkenaldian bakartua da. Behin baino gehiagotan aldatu dute presondegiz: lehenik Meaux, ondotik Poitiers, eta egun Chateauroux. Preso direnetik, elkartasunez, hainbat kontzertu, manifestazio, gaualdi eta elkarretaratze antolatu ditu Goxabiju batzordeak.

Zigorra Segiko 2 gazterentzat

Hirurogeita hamar oreneko gizarte lanak egitera zigortu ditu Paueko epaitegiak Txomin Catalogne eta Txomin Iriart-Urruti Segiko kideak. Horrez gain, 500 euro ordaindu beharko dizkio poliziari Catalognek.

Martxoaren 15ean, Jazint eta Xalba Ramirez anaien eta Endika Perez Segiko gazteen aurkako euroaginduak aztertzen zituztela, Paueko auzitegi aitzinean atxilotu zituzten bi gazteak. «Polizia baten aurkako bortizkeria larriagatik» erruduntzat jo ditu epaileak. Egun horretan, bertara bildu ziren familiakoen eta lagunen eta polizien artean liskarrak izan ziren. Euroagindua gaitzestera joandako bederen bi lagunek zauriak ukan zituzten. Horiek justuki, hitza hartu zuten Catalogne eta Iriart-Urrutiren epaiketan, poliziaren partetik jasan bortizkeria gaitzesteko.

Poliziak eskatutako DNA probei uko egiteagatik ere epaitu zituzten, baina azkenean, delituaz zurituak izan dira. Hain zuzen, galdeketaren erreforma kontutan harturik, bi gazteen atxiloketaldia ilegala zela ondorioztatu du epaileak.

Maiatzaren 5ean epaitu zituzten bi gazteak Pauen, eta «euroaginduaren inguruan den problematika altxatzea eta frantses justizia bere arduren aitzinean jartzea» izan zuten xede Catalogne eta Iriart-Urrutik. Besteak beste, Lorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko abokatua eta Alice Leizagezahar Akitaniako kontseilaria egon ziren bertan hitz egiten, lekuko gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.