Jorge Correa Boro kazetari iruñearraren kontrako epaiketa hasiko da, bihar, Madrilen. 2014ko martxoaren 29an, La Haine eta Kaosenlared.net hedabideentzat manifestazio bat kubritzen ari zela atxilotu zuten —Jaque a la monarquía [Xake monarkiari] leloa zuen mobilizazioak—. Manifestazio horretan, bi poliziari eraso egin izana leporatzen diote, eta fiskaltzak sei urteko espetxealdia eta 6.200 euroko kalte-ordaina eskatu du kazetariaren aurka. Borok ukatu egin du poliziei eraso egin izana, eta polizia gezurretan ari dela salatu du. Nabarmendu duenez, alde ditu inguruko kazetarien testigantzak. Kazetari horiek grabatutako bideoek poliziaren bertsioa gezurtatzen dutela gaineratu du. Gaur, prentsaurrekoa eskaini du Madrilen, bere egoeraren berri emateko, eta elkarretaratzera deitu dute biharko, 10:30ean, Julian Camarillo kaleko epaitegiaren parean.
"Hainbat kamara hautsi zituzten eta kazetariak kolpatu. Nik ez nuen erasorik egin. Ez hori bakarrik, irudietan argi ikusten da haiek [poliziak] direla kolpatzen nautenak", adierazi du Borok. Kazetariaren esanetan, epaiketan frogatu egingo du polizia gezurretan ari dela, eta bere kontrako epaiketa "azpijoko bat" dela.
Bororen esanekin bat egin du Madrilgo Kazetarien Sindikatuak. Salatu duenez, kazetariaren kontrako epaiketak adierazten du informazio eta adierazpen askatasunean atzerapausoak eman direla; bereziki, Mozal legea delakoaren bidez.
Bihar hasiko den epaiketa joan den apirilaren 16an zen hastekoa, baina, epaiketa hasi baino ordu eta erdi lehenago, akusazioaren parte den polizietako batek Madrilgo 6. Zigor Epaitegiari jakinarazi zion ezin izango zuela saiora aurkeztu, gaixo zegoelako.
Boro 2014ko martxoan atxilotu eta hilabete gutxira, Armiarma operazioan atxilotu zuten, sare sozialetan zabaldu zituen iritziengatik. Otsailean urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina Borok helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, eta haren ebazpenaren zain dago orain.
Nafarroako Hitzak kazetariari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen joan den ostiralean. Elkarrizketan adierazi duenez, haren kontrako epaiketarekin kazetaritza kritikoa isilarazi nahi izan du poliziak. Aldiz, kontrakoa lortu dutela nabarmendu du.