Bihar irekiko dituzte A-21 autobiako azken bi zatiak

Noain eta Esa lotuko ditu Pirinioetako Autobiak, Irunberri eta Espainiako muga arteko lanak amaituta

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urte berrian sartzearekin batera irekiko du Nafarroako Gobernuak A-21 Pirinioetako Autobia osatzeko falta zitzaion tartea. Irunberritik Espainiako mugara dauden 16,6 kilometroetako lanak amaituta, autobiak Nafarroan igarotzen dituen 46 kilometroak erabilgarri izango dituzte herritarrek. Guztira, zortzi urte iraun dute lanek, eta 320 milioi euro inguruko gastua egin du gobernuak.

Noain eta Esa lotuko ditu errepideak. 2005ean ireki zuten lehen tartea; Noain inguruan autobia N-121 eta A-15 errepideekin lotzen dituena. Autobiaren 5,7 kilometro egin dituzte, batez beste, urtean, eta laugarren eta bosgarren zatiak falta ziren ibilbidea amaitzeko. Hain zuzen, bihar irekiko dituzten bi zati horien eraikuntza izan da garestiena: orotara, 222,1 milioi euroko kostua izan du.

Gobernuak itzalpeko bidesaria izeneko sistemaren bidez finantzatuko ditu bi zatiak. Horren arabera, enpresa batek bere gain hartzen du errepidea eraikitzearen eta mantentze lanen ardura eta kostua; trukean, bidesarien dirua jasotzen du enpresak. Itzalpekoan, ordea, bidesaria ez dute bidaiariek ordaintzen, erabiltzaile kopuruaren arabera ordaintzen baitio, epeka, administrazioak enpresari. Hala, gobernua ez da epe motzera zorpetzen; baina luzera garestiago atera dakioke.

Nafarroako Gobernuak 30 urtez ordaindu beharko dio autobia mantentzeko ardura duen ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteari; Iridium, Construcciones Mariezcurrena SL eta Construcciones Luciano Elcarte SL enpresek osatzen dute ABEEa. 2012ko aurrekontuetan jasotzen denez, mantentze lanagatik Nafarroak 14,2 milioi euro ordainduko dizkie enpresa horiei datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.