Sortu legeztatzeko debekua ezartzen duen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren autoa atzo izenpetu zuten 61eko aretoko epaileek, eta biharko eguerdia arteko epea eman diete erabakiaren aurka diren epaileei boto partikularra idatz dezaten, auzitegietako iturriek atzo baieztatu zutenez.
Atzo goizean bildu ziren Auzitegi Goreneko areto berezi horretako hainbat epaile, autoaren zirriborroari azken ukituak emateko. Iturriek adierazi zutenez, 271 orrialde ditu ebazpenak. Carlos Lesmes epaileak hartu du hura idazteko ardura. Hamasei kidek osatzen dute 61eko aretoa, baina atzo zenbait ez ziren bilerara joan, epaiketak zituzten eta. Dena den, hamasei kideek izenpetu zuten epaiaren autoa.
Zazpi epaile azaldu ziren martxoaren 23ko epaiaren aurka; hiru boto partikular iragarri zituzten orduan, baina oraingoz ez dago jakiterik zenbat boto partikular izango diren, ezta horiek izenpetuko dituzten epaileen kopurua ere.
Bihar jakinaraziko du Gorenak Sortu legeztatzearen aurkako epaiaren autoa
Erabakiarekin ados ez diren epaileei eguerdira arteko epea eman diete boto partikularra idatz dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu