Presoen egoera

Bihar presoen aldeko inoizko indar biltzerik handiena espero dute

Egin Dezagun Bideak mobilizazio isila egiteko eskatu die herritarrei; Herrizaingo Sailari, berriz, «arduraz» jokatzekoPresoen eskubideak bermatzeko eskakizun zehatzak egin dizkiete gobernuei

Egin Dezagun Bidea ekimeneko bozeramaileak eta manifestazioari atxikimendua agertu dieten eragileen ordezkariak, atzo, Bilboko Udaletxeko eskaileretan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Kolosala, zabala eta plurala». Horrelakoa aurreikusi dute biharko herri mobilizazioa Egin Dezagun Bidea mugimenduko kideek. Azken urteetako mobilizaziorik handiena eta presoen eskubideen aldeko «indar biltzerik» handiena izango dela uste dute antolatzaileek. Aurrera begira «mugarri bat» markatuko duena. Antolatzaileen arabera, bi helburu nagusi ditu mobilizazioak: batetik, «pausoak berehala eman daitezela, euskal preso politikoen eskubideak osorik errespetatzeko», eta, bestetik, «gatazkaren konponbidea sustatzeko, preso eta iheslariak etxera itzultzeko bidea ireki dadila». Beste herrialde batzuetan «gisa horretako» bideak «arrakastaz» jorratu direla azpimarratu dute mugimenduko bozeramaileek, eta, era berean, Euskal Herrian ere posible dela «ildo bera urratzea». «Inork ezin dio bizkarra eman zabaldu den aukera historiko honi». Halaber, asmoak lortzeko bidean biharkoa «egun giltzarria» dela uste dute. Hori dela eta, mobilizazioarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei.

Mobilizazioa isila izango dela iragarri du Beñat Zarrabeitiak. «Guk erantzukizunez jokatuko dugun seinale». Halaber, manifestazioaren inguruan «arduraz jokatzeko» eskatu dio Zarrabeitiak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, Egin Dezagun Bidea mugimenduaren izenean.

Manifestazioari buruzEusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek egindako adierazpenen inguruko iritzia ere plazaratu du Zarrabeitiak: «Mobilizazioaren atzetik dagoen eztabaida sakona baliorik gabe utzi nahi izan du, baita giroa nahasi ere». Izan ere, Aresek mobilizazioan parte hartu nahi duten herritarrei ohartarazi zien asteazkenean «legezkotasuna modu zorrotzean» bete dezaten, bestela manifestazioa «desegiteko» agindua emango duela ohartarazita. Hala, Auzitegi Nazionalak mobilizazioaren inguruan egindako ebazpena betetzeko asmoa adierazi du sailburuak. Presoen argazkiak erakustea edo haien aldeko oihuak botatzea nahikoa izango litzateke Poliziak esku har dezan. Gainera, ebazpenak galarazi du «preso politikoei erreferentzia egitea eta hizkuntzaren desitxuraketa erabiltzea». Herri mugimenduaren bozeramailearen irudiko, «benetan garrantzitsua dena da Euskal Herrian egoera berri baten atarian gaudela, itxaropen garai baten atarian, eta denok bultzatu behar dugula itxaropen garai hau».

Eskari zehatzak gobernuei

Horrez gain, Egin Dezagun Bidearen inguruan bildutako norbanako eta taldeek hainbat eskari egin dizkiete Espainiako eta Frantziako gobernuei; euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, «bizi guztiko zigorra» amaitzea—197/2006 doktrina bertan behera utziz eta Frantzian baldintzapeko askatasunari bide emanez—, gaixorik dauden presoak kaleratzea eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak kaleratzea, hain zuzen. Plazaratutako eskakizunak «erabat demokratikoak» dira, antolatzaileen ustez, eta «funtsezkoak» gatazkaren konponbide prozesuak aurrera egin dezan. Ekitaldiari atxikimendua eman dioten 15.000 norbanako, elkarte, eragile, alderdi politiko eta sindikatuen ordezkaritza txiki bat elkartu zen atzo 12:00etan Bilboko udaletxearen atarian. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, ezker abertzaleko kide Maribi Ugarteburuk eta Martxoaren 3ko biktimen elkartearen bozeramaile Andoni Txaskok parte hartu dute agerraldian, besteak beste. Jone Artolak eta Ingo Niebelek irakurri dute adierazpena. Egin Dezagun Bidea mugimenduak lortutako oihartzuna nabarmendu dute hizlariek: «Aspaldian izan den bat egite handiena ekarri du mugimendu honek, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere». Bihar Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean Bilbon egingo den mobilizazioaren inguruan «pentsaera eta jarduera eremu askotako milaka pertsona eta ehunka talde» elkartu direla gogorarazi dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.