HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

Bikoiztu egin dira Elebidek jasotako intzidentziak

Inoiz baino intzidentzia gehiago jaso ditu hizkuntzen eskubideetarako zerbitzuak. Igoeraren oinarrian Osakidetzako egoerari buruzko kexuen kanpaina dago.

Patxi Baztarrikak Elebideren 2015eko memoria aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Euskara Batzordean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko maiatzaren 24a
07:37
Entzun

Hizkuntza eskubideei buruz Eusko Jaurlaritzak duen zerbitzuak, Elebidek, inoiz baino intzidentzia gehiago jaso zituen iaz: 789 denera —2014an, adibidez, 412 izan ziren, ordura arteko kopururik handiena—.

Osakidetza dago igoera horren oinarrian, eta, batez ere, osasun zerbitzua euskaraz eskatzeko asmoz Gipuzkoako herri batzuetan egindako kanpaina. Kexuak eta eskariak bideratzen aritu ziren joan den urtean herri batzuetan; kanpaina horren harira, 142 kexu eta 262 eskaera jaso ditu Elebidek. Hala ere, Osakidetzari buruzko kexuak ez dira soilik kanpaina haren ondorio izan. “Egia da egunez egun jasotako kexa kopurua ere nabarmen igo dela”, dio Elebideren iazko memoriak. Eguneroko kexei dagokienez, batetik langileek jarritakoak daude —batez ere jakinarazpenak gaztelaniaz bidali dizkietelako—, eta bestetik, herritarrenak, mediku euskaldunak ordezkatzeko erdaldun elebakarrak bidali dizkietelako.

Administrazioaren kontrakoak dira salaketa gehienak, batez ere idatzizko harremanekin lotutakoak. Eremu pribatuari dagozkion kexuak, berriz, gero eta gutxiago dira. Konparaziorako: arlo publikoaren aurka 420 kexu jarri zituzten, eta arlo pribatuaren aurka, 50.

Hizkuntza eskubideak oro har bermatzeko zerbitzua da Elebide, ez euskaldunenak bakarrik. Datuak zinez argiak dira, ordea: 470 kexu horietatik, bakarra dagokie gaztelania hiztunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.